Errusiak eta Ukrainak elkarri eraso egiten segitzen dute, baina, bien arabera, Donald Trump AEBetako presidenteak igandean iragarritako su eten energetikoa errespetatzen ari dira; hau da, ez dira energia azpiegiturak bonbardatzen ari. Hori bai, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak uste du Errusia ez dela kasu egiten ari Etxe Zuriko maizterrak AEBetako agintaldi erdiko bozen atarian —azaroaren 3an dira— egindako eskaerari. Errusiak ohar batean esan du baietz, defentsa eta logistika arloko enpresak jo dituela, portuak eta trenbideak barne; beste batzuetan ez bezala, ordea, ez die aipamenik egin energia azpiegiturei.
Ez dago argi menia hori nork hauspotu duen, baina esaten ari direna aintzat hartuta, ez dirudi Errusiak eta Ukrainak bultzatu dutenik. Atzo gauean, kazetariek Trumpi galdetu zioten ea Zelenski eta Vladimir Putin Errusiako presidentea ados ote zeuden. Baietz Etxe Zuriko maizterrak; eta, jarraian, bere estiloan, zergatik dauden ados: «Nik zera esan nielako, 'ados zaudete'. Horregatik daude ados, nik esan nielako ados daudela». Errusiak atzo goizaldean Kharkiven egindako erasoez zera esan zuen: «Tira, aztertu eta zer gertatzen den ikusi beharko nuke, bi aldeek urratu baitute akordioa». Aldeek ez dute esan itun bat dagoenik.
AEBetako presidenteak iragarri zuen akordioa egingo zutela, diesela esportatu ahal izateko Errusiari jarritako zigorrak kendu eta bi egunera. Trumpen helburua da erregai horren prezioa merkatzea Ordezkarien Ganbera osoa eta Senatuaren herena berritzeko hauteskundeen atarian. Horregatik haserretu zen larunbatean Zelenskirekin, Ukrainak Errusiaren findegi bati eraso egin zionean. Ukrainako presidenteak gaur adierazi du, sare sozialetan, findegien kontrako erasoak bertan behera utzi dituztela.
Ukrainako eta AEBetako ordezkariak Miamin (AEB) bilduta zeudela eman zuen Trumpek itunaren berri. AEBen ordezkari Jared Kushnerren eta Steve Witkoffen arabera, dieselari ezarritako zigorrak indargabetuz, Putin limurtu asmo du Trumpek, gerra amaitzen ahalegintzeko. Hori kaleratu du Reuters albiste agentziak, bilerari buruzko informazioa duten iturriak aipatuz. Hain zuzen, horri buruz galdetu diote gaur Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileari egunero eman ohi duen prentsaurrekoan, eta erantzun du ez duela «lotura zuzenik» ikusten auzi baten eta bestearen artean.Â
Errusiako ekonomia moteltzen ari da urteak aurrera egin ahala, eta hala jarraituko du datorren urtean ere. Hori da NDF Nazioarteko Diru Funtsak munduko ekonomiaren bilakaerari buruz gaur argitaratu duen txostenaren ondorioetako bat —bi txosten kaleratzen ditu urtero—. Hartan dioenez, 2022an Ukrainako inbasioa hasita ere, hurrengo hiru urteetan hazten jarraitu zuen ekonomiak. Iaz, baina, %1 besterik ez zen handitu barne produktu gordina, eta, aurreikuspenen arabera, aurten %0,9 handituko da. NDFk txostenean jaso duenez, industria militarrean egindako gastuari esker eusten dio Errusiak.ERRUSIAKO EKONOMIA MOTELDU EGIN DA, NAZIOARTEKO DIRU FUNTSAREN ARABERA
Hain justu, Trumpek atzo gaueko adierazpenak egin baino lehentxeago, Zelenskik Fox News telebista kateari esana zion Errusiak sei energia instalazio jo zituela herrialdearen luze-zabalean, eta bonbardaketa horietan 33 pertsona zauritu zirela eta energia hornidurak eten. Dena den, Ukraina ere saiatu da Errusia jotzen. Hango iturri ofizialek jakinarazi dutenez, azken orduetan Ukrainak jaurtitako siehun drone erorarazi dituzte; Defentsa Ministerioak Telegramen esan du laurehunek Mosku zutela helburu.
Bien bitartean, Errusiak lau zibil hil ditu Kharkiven, Zelenskiren esanetan. Herrialdearen ipar-ekialdeko hiri horretako alkate Igor Terekhovek sare sozialetan esan du Errusiaren aire eraso batek etxebizitza bloke bat jo zuela atzo gauean. «Ez zen helburu militar bat. Etxebizitzen eraikin arrunt bat zen».
Marinelak erreskatatzen
Itsaso Beltzean ere erasoak izan dira. Bulgariako Gobernuaren arabera, beren uretatik gertu zamaontzi bat hondoratu da, eta beste batek kalteak izan ditu, drone bidezko eraso baten ondorioz. Rumen Radev lehen ministroak bideo batean esan du ez dutela «froga sendorik» esateko nork egin duen erasoa, baina ematen duela Errusia izan dela. Hala, Errusiak han duen enbaxadorea deitu du. Dobritx eskualdeko (Bulgaria) gobernadoreak sare sozialetan adierazi duenez, hondoratutako ontzian zihoazen hamasei marineletatik bost onik atera dituzte, eta besteak erreskatatzeko lanean segitzen dute.
200.000Â
Â
Zenbat milioi euro ordaindu dizkion EBk Errusiari 2022tik, energiaren truke. Duela lau urteko otsailean Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, energetikoki Errusiarekiko zuen mendekotasuna murriztuz joan da EB Europako Batasuna, baina oraindik ere erosten dio energia, eta 200.000 milioi euro ordaindu dizkio azken lau urteetan. Datu hori plazaratu du gaur Eurostatek. Zenbait hedabidek iturri komunitarioak aipatuz kaleratu dutenez, kopuru hori 475.000 milioi eurokoa izango zen baldin eta EBk beste energia iturri batzuk bilatzeko neurriak hartu izan ez balitu.
Ez du zamaontziei buruzko daturik eman. Maritime.bg itsas garraioan espezializatutako webguneak kaleratu duenez, hondoratu denak Saint Vincent eta Grenadinetako bandera zuen, eta Errumaniatik Turkiarako bidean zihoan. Beste ontziak Maltako bandera zuen —Ukrainako enpresa batena da—, eta Turkiatik Moldaviara zihoan. Barruan zihoazen hamabost marinelak erreskatatu dituzte.
Eraso horrek erreakzioak ere izan ditu. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak X sare sozialean esan du Itsaso Beltza gerraren beste «fronte» bat bihurtu dela, eta erantzuleek «kontu eman» beharko dutela. Bulgaria NATO Ipar Atlantikokoko Itunaren Erakundeko kide izanik, aliantza militarreko idazkari nagusi Mark Ruttek ere hitz egin du sare sozialetan, eta nabarmendu du Europa ekialdeko posizioak ere «indartu» dituztela, eta jarraituko dutela «disuasio neurriak doitzen».