Sokatiran jarraitzen dute Washingtonek eta Teheranek. Oraindik ez dute zehaztu bake negoziazioen bigarren bilera sorta noiz egingo duten, baina biek ala biek ahalik eta posizio onenean iritsi nahi dute elkarrizketa horietara. Horretarako, presioa areagotu eta areagotu ari dira. Gaur, Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak gezurtatu egin du AEBek datorren astean amaitzekoa den su etena luzatu nahi dutela —nazioarteko hainbat hedabidek hori zabaldu dute—. Bestalde, Iranek ohartarazi du eskualdeko itsasbideak oztopatuko dituela AEBek blokeoa kendu ezean.
Donald Trump AEBetako presidenteak blokeoa ezarri zuen astelehenean Ormuzko pasabidean. Bada, Iranek gaur ziurtatu du salgaien joan-etorria eragotziko duela Persiar golko osoan, Omango itsasoan eta Itsaso Gorrian baldin eta aurrerantzean ere AEBek atea ixten badiete Irandik ateratzen diren edo hara doazen ontziei. Irango armadaren arabera, «legez kontrakoa da» AEBek egin duten mugimendu estrategiko hori, eta erabaki dute galarazi egingo dutela esportazioak eta inportazioak itsasbide horietatik igarotzea. Gainera, Irango armadak ohartarazi du ezen Washingtonek, asmo berari eusten badio, menia akordioa apurtuko duela praktikan.
Fars albiste agentziak adierazi duenez, Irango petroliontzi batek Ormuzko igarobidea zeharkatu du gaur, Imam Khomeini portura bidean. Iturri beraren arabera, bi milioi upel garraiatzeko gaitasuna dauka ontzi horrek, baina ez dute zehaztu beteta edo hutsik zihoan. LSEG etxearen itsasoa zaintzeko eta arakatzeko sistemaren arabera, gutxienez zortzi ontzik gurutzatu zuten Ormuzko pasabidea, Trumpek astelehen arratsaldean blokeoa ezarri zuen arren. Ontzi horietako hiruk lotura zeukaten Iranekin, baina gaur jakinarazi dute ez zihoazela Irango portuetara, eta horregatik ez ziela eragin Trumpek ezarritako blokeoak. Bestalde, Reuters albiste agentziak AEBetako funtzionarioak aipatuz zabaldu du Iran atzean utzi nahian zebiltzan bi petroliontzi atzeman zituztela AEBek atzo.
Hala ere, ontzien joan-etorrien inguruko egun hauetako datuek eta otsailaren 28a baino lehenagokoek ez dute zer ikusirik. Izan ere, AEBek eta Israelek Irani eraso egin aurretik, 130 ontzi inguruk zeharkatzen zuten egunero Ormuzko pasabidea —bertatik igarotzen da munduan kontsumitzen den petrolioaren %20 inguru—.
Trump gero eta lubaki gehiagoz inguratuta dago: Irango fronteari dagokionez, irizten dio oraindik badutela zer egin, nahiz eta gatazkaren konponbidea geroz eta gertuago ikusten duen; ikusi beharko da noiz Washingtonek eta Teheranek noiz helduko dieten berriz joan den asteburuan hasitako bilerei. Datozen egunetan biltzekoak dira Islamabaden, negoziazioetan den Irango ordezkaritzako iturriek Reuters agentziari atzo jakinarazi ziotenez. Elkarrizketa horiek prestatzeko, Pakistango ordezkaritza bat iritsi da gaur Teheranera. Islamabaden egin zuten aurreko saioa, eta Etxe Zuriak ziurtatu du hurrengoa ere han egingo dutela. Pakistan bitartekari ari da.
Trump Fox News katean mintzatu zen atzo gauean, eta berretsi zuen Iranek akordioa lortu nahi duela: gainera, orain arte behin baino gehiagotan esana zuen arren, berriro adierazi zuen gatazka «amaitzear» dela: «Ikusiko dugu». Eta ABC News kateko kazetari batekin hizketan, aurreratu zuen ez duela uste asteazkenean amaitzekoa den su etena luzatuko dutenik; gerra, ordea, «batera edo bestera» bukatuko da, eta AEBetako presidenteak nahiago du diplomaziaren bidez bukatzea.
35
Zenbat lagun atxilotu dituen Iranek «terrorismoa» egotzita. Iranek jakinarazi du 35 pertsona atxilotu dituela «terrorismoarekin, separatismoarekin, armen trafikoarekin eta Israelgo zerbitzu sekretuekin» lotura izatea egotzita. Ohar batean adierazi dutenez, atxiloketei esker lortu dute atentatuak zapuztea eta atxilotuek AEBekin eta Israelekin zeuzkaten harremanak etetea. Era berean, Iraken menpeko Kurdistanen armekin trafikatzen zuten bi zelula desegin dituela ere jakinarazi du Teheranek.
JD Vanceren arabera, badago «mesfidantza» bi herrialdeen artean, eta hori ez da konponduko «gauetik goizera». AEBetako presidenteordea da Iranekin negoziatzen ari den ordezkaritzako burua, eta iradoki du Ekialde Hurbileko herrialde horrek «normal» jokatu beharko duela Mendebaldearekiko harreman ekonomikoei berrekin nahi baldin badie: «Presidenteak ez du nahi akordio txikirik egin: itun handi bat egin nahi du», adierazi zuen atzo errepublikanoen konferentzia batean. Horretarako arrazoiak baditu Trumpek: «Bestelako erregimen bat dute orain, benetan. Erradikalak kendu genituen», esan zuen presidenteak atzo.
The Washington Post hedabideak kaleratu du AEBek soldadu gehiago eramango dituztela Ekialde Hurbilera. Helburua zera litzateke: Ormuzko itsasartea blokeatzen jarraitzea, eta Irani presio egitea, gerra Trumpen nahien arabera amaitu ahal izateko. Hedabideak AEBetako funtzionarioak aipatuz zabaldu duenez, Trumpek 6.000 soldadu inguru bidaliko ditu orain, eta beste 4.200 batuko zaizkie hil bukaeran. Dagoeneko 10.000 bat soldadu daude blokeoa egiten, eta beste 40.000 soldadu inguru ere baditu Ekialde Hurbilean.
Iturri beraren arabera, gainera, Pentagonoa Irani lurrez eraso egitea ere pentsatzen ari da. Besteak beste, Teherani material nuklearra kentzeko, Ormuzko itsasartea «zaintzeko» eta Kharg uhartea bereganatzeko —bertan dago petrolioa esportatzeko herrialdeko terminal nagusia—. Hala ere, AEBek ez dute ezer esan informazio horren inguruan.
Negoziazioez «gozatzea»
Trumpek lanean jarri ditu bere hurbilekoenak: Vancek Irango frontean dihardu, eta Marco Rubio AEBetako Estatu idazkaria Israelen eta Libanoren artean ari da bitartekari —bi herrialdeek elkarrizketak «prestatzeko» bilera egin zuten atzo, Washingtonen—. Horren ostean, Yechiel Leiter Israelek AEBetan duen enbaxadoreak esan zuen Beirut eta Tel Aviv bat datozela Libano «Hezbollahrengandik askatu» beharra dagoela. Nada Hamadeh Libanok AEBetan duen enbaxadoreak, berriz, milizia xiita horren eta Israelen arteko 2024ko su etena errespetatzeko eskatu zion beste aldeari, gatazkak ihes egitera behartu dituen milioi bat herritar baino gehiago etxera itzul daitezen: «Garrantzia eman diet gure lurraldearen osotasunari eta estatuaren subiranotasunari», esan zuen kazetarien aurrean. Erantsi zuen geroago iragarriko dutela noiz egingo duten hurrengo bilera.
Halaber, Israelgo enbaxadoreak esan zuen Iran «ahulduta» dagoela, baita Hezbollah ere, eta bi herrialdeek «aukera bat» dutela: «Hiru hamarkada baino gehiagoren ondoren, lehenbizikoz eseri gara. Gozatu dezagun momentu hau». Nabarmendu zuen «bake ituna» sinatzeko abagunea sortu dezaketela negoziazioek, eta «harreman harmoniatsuari» ekitekoa ere bai.
Lehenbiziko bilera erasoen artean egin dute behintzat, Israelek esana baitu AEBek eta Iranek adostutako su etenak ez diola eragiten Libanori —Pakistanek, akordioa lortzeko bitartekari aritu den herrialdeak, ordea, Ekialde Hurbil osorako dela dio—. Libanoko albiste agentzia nazionalak kaleratu duenez, Israelgo armadaren eraso batek bost lagun hil ditu herrialdearen hegoaldean, Ansariyah herrian. Armadako soldaduek Israelgo Haaretz egunkariari adierazi diote Libano hegoaldeko herrietako eraikinak eraisten ari direla, «Gazan bezala». Bestalde, Israelgo Channel 12 kateak jakinarazi du Hezbollahk hogei misil jaurti dituela herrialdearen iparraldera, eta horietako batzuk atzeman dituztela aireko defentsa sistemek; gainontzekoek ez dute kalterik eragin.
Bestalde, Hezbollah milizia xiitaren bozeramaile Ibrahim Moussawik gaur Reutersi adierazi dio Iran egiten ari den saiakera dela eta, «laster» iritsi daitekeela su etena Libanora ere. «Irandarrak presio handia egiten ari zaizkie AEBei», gaineratu du. Hala ere, ez du zehaztu Hezbollah su eten hori betetzeko prest egongo litzatekeen edo ez.