Trumpek uste du ez dagoela zertan su etena luzatu

AEBak eta Iran datozen egunetan biltzekoak dira, Washingtonen ustez bi aldeen artean «mesfidantza» dagoen arren. Israel eta Libano bat datoz Hezbollah armagabetzeko beharrean, baina Beirutek su etena errespetatzeko eskatu du negoziazioetan.

Teherango herritar bat, atzo, AEBen eta Israelen erasoek birrindutako eraikin batean, Irango hiriburuaren hegoaldean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Teherango herritar bat, atzo, AEBen eta Israelen erasoek birrindutako eraikin batean, Irango hiriburuaren hegoaldean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko apirilaren 15a
09:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea gero eta lubaki gehiagoz dago inguratuta: Irango frontean, irizten dio oraindik badutela zer egin, nahiz eta gatazkaren konponbidea geroz eta gertuago ikusten duen; ikusi beharko da noiz jarraituko duten Washingtonek eta Teheranek joan den asteburuan hasitako bilerak egiten, Trumpek ez baitu uste datorren astean amaitzekoa den su etena luzatuko dutenik. Datozen egunetan biltzekoak dira Islamabaden, negoziazioetan den Irango ordezkaritzako iturriek Reuters agentziari atzo jakinarazi ziotenez. Libanoko frontean, berriz, AEBak bitartekari ari dira herrialde horren eta Israelen artean, atzo hasi baitzituzten negoziazioak, nork bere interesekin: Tel Avivek Hezbollah armagabetu nahi du kosta ahala kosta; baita Beirutek ere, baina su etena errespetatzea galdegin du.

Fox News katean, Trumpek atzo gauean berretsi zuen Iranek akordioa lortu nahi duela, eta, dagoeneko behin baino gehiagotan errepikatu duen arren, oraingoan ere adierazi du gatazka «amaitzear» dela: «Ikusiko dugu». Eta ABC News kateko kazetari batekin hizketan, esan zuen ez duela uste datorren asteazkenean amaitzekoa den su etena luzatuko dutenik; gerra, ordea, «batera edo bestera» bukatuko da, eta AEBetako presidenteak nahiago du diplomaziaren bidez bukatzea.

JD Vanceren arabera, badago «mesfidantza» bi herrialdeen artean, eta hori ez da konponduko «gauetik goizera». AEBetako presidenteordea da Iranekin negoziatzen ari den ordezkaritzako burua, eta iradoki du Ekialde Hurbileko herrialde horrek «normal» jokatu beharko duela Mendebaldearekiko harreman ekonomikoei berrekin nahi baldin badie: «Presidenteak ez du nahi akordio txikirik egin, itun handi bat egin nahi du», adierazi zuen atzo errepublikanoen konferentzia batean. Horretarako arrazoiak baditu Trumpek: «Bestelako erregimen bat dute orain, benetan. Erradikalak kendu genituen», esan zuen presidenteak atzo.

Negoziazioez «gozatzea»

Trumpek lanean jarri ditu bere hurbilekoenak: Vancek Irango frontean dihardu, eta Marco Rubio AEBetako Estatu idazkaria Israelen eta Libanoren artean ari da bitartekari —bi herrialdeek elkarrizketak «prestatzeko» bilera egin zuten atzo, Washingtonen—. Horren ostean, Yechiel Leiter Israelek AEBetan duen enbaxadoreak esan zuen bat datozela «Hezbollahrengandik askatzeko» beharraz; Nada Hamadeh Libanok AEBetan duen enbaxadoreak, berriz, milizia xiita horren eta Israelen arteko 2024ko su etena errespetatzeko eskatu zion beste aldeari, gatazkak ihes egitera behartu dituen milioi bat herritar baino gehiago etxera itzul daitezen: «Garrantzia eman diet gure lurraldearen osotasunari eta estatuaren subiranotasunari», esan zuen kazetarien aurrean. Erantsi zuen geroago iragarriko dutela noiz egingo duten hurrengo bilera.

Halaber, Israelgo enbaxadoreak esan zuen Iran «ahulduta» dagoela, baita Hezbollah ere, eta bi herrialdeek «aukera bat» dutela: «Hiru hamarkada baino gehiagoren ondoren, lehenbizikoz eseri gara. Gozatu dezagun momentu hau». Nabarmendu zuen «bake ituna» sinatzeko abagunea sortu dezaketela negoziazioek, eta «harreman harmoniatsuari» ekitekoa ere bai.

Lehenbiziko bilera erasoen artean egin dute behintzat, Israelek esana baitu AEBek eta Iranek adostutako su etenak ez diola eragiten Libanori —Pakistanek, akordioa lortzeko bitartekari aritu den herrialdeak, ordea, Ekialde Hurbil osorako dela dio—. Libanoko NNA albiste agentziak kaleratu duenez, Israelgo armadaren eraso batek bost lagun hil ditu herrialdearen hegoaldean, Ansariyah herrian. Armadako soldaduek Israelgo Haaretz egunkariari adierazi diote Libano hegoaldeko herrietako eraikinak eraisten ari direla, «Gazan bezala». Bestalde, Israelgo Channel 12 kateak jakinarazi du Hezbollahk hogei misil jaurti dituela herrialdearen iparraldera, eta horietako batzuk atzeman dituztela aireko defentsa sistemek; gainontzekoek ez dute kalterik eragin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA