Errusia prest dago Txinaren «gabezia energetikoa» orekatzeko

Lavrovek eta Xik bilera egin dute Pekinen, eta beren «interes legitimoak irmotasunez» defendatzeko konpromisoa hartu. Iranek uranioa aberasteko eskubidea duela aldarrikatu du Errusiak.

Lavrov ezkerrean —betaurrekorik gabe— eta Xi eskuinean, gaur, Pekinen. IORI SAGISAWA / EFE
Lavrov ezkerrean —betaurrekorik gabe—, ezkerrean Xi duela, gaur, Pekinen. IORI SAGISAWA / EFE
Igor Susaeta.
2026ko apirilaren 15a
13:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txinak ere neurriak hartu behar izan ditu Ormuzko itsasartearen blokeoak erregaien prezioetan eragindako gorakadari eusteko. Esaterako, herrialdeko gasolindegietan muga bat ezarri die dieselaren eta gasolinaren prezioei. Munduko ekonomia nagusietan bigarrena aspalditik ari zen prestatzen krisi energetiko global bati aurre egiteko, baina hura ere ari da nozitzen AEBek eta Israelek Iranen aurka duela hilabete eta erdi hasitako erasoaldiaren ondorioak, eta, horiek horrela, haren aliatu geoestrategiko nagusiak, Errusiak, adierazi du Pekinek behar izanez gero lagundu egingo diola «gabezia energetikoa» orekatzeko orduan. Hori adierazi du Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek gaur, Xi Jinping Txinako presidentearekin Pekinen batzartu ondoren.

Munduko energia hornitzaile nagusietakoa da Errusia, eta Txina, petrolioaren bigarren kontsumitzaile handiena. Orduan, Txinako Xinhua berri agentziak kaleratu duenez, Xik esan dio Lavrovi bi herrialdeei dagokiela beren «interes legitimoak irmotasunez defendatzea», baita Hegoalde Globaleko herrialdeen «batasuna zaintzea» ere. Sputnik Errusiako hedabideak jaso duenez, Lavrovek nabarmendu dio Txinako presidenteari bi herrialdeen arteko harremanak «oso garrantzitsuak» direla munduko herritarren «gehiengoarentzat».

Esan du Vladimiir Putin Errusiako presidenteak eta Txinako haren homologoak «erresilientzia handia» erakutsi dutela, kontuan hartuta mundua «aztoramendu ekonomikoari eta geopolitikoari» aurre egiten ari zaiola. Atzerri ministroak iragarri du, bide batez, Kremlineko burua eta Xi Txinan bilduko direla urtearen lehen erdia bukatu aurretik. Formalki, behintzat, Txina eta Errusia ez dira aliatu militarrak, baina 2022ko otsailean, Errusiak Ukrainako inbasioa hasi baino pixka bat lehenago, «mugarik gabeko» lankidetza estrategia bat sinatu zuten. 

Txina da Errusiako petrolioaren erosle nagusia. Hau da, Iranek Txinarekiko duen mendekotasun energetikoa Txinak Iranekiko duena baino handiagoa da; izan ere, Iranek esportatzen duen petrolioaren %80 Txinara doa. Baina hiru herrialdeek aliatu geoestrategiko gisa jokatzen dute, eta, horrenbestez, kritikatu egin dute bai erasoaldia bera, baita AEBek Irango portuei jarritako blokeoa ere.

Pekinek eta Moskuk adi erreparatu zioten AEBek eta Iranek, Pakistanen bitartekaritzarekin, joan den larunbatean Islamabaden edukitako bilerari. AEBetako zenbait hedabidek Etxe Zuriko iturriak aipatuz kaleratutako informazioaren arabera, Donald Trump AEBetako presidentearen negoziatzaileek eskatu zioten Teherani datozen hogei urteetan ez dezala uraniorik aberastu.

Belarrietatik tira Europari

Eta horren harira, bileraren ondoren emandako prentsaurreko batean, Lavrovek nabarmendu du Iranek uranioa aberasteko duen eskubidea «besterenezina» dela, eta erabilera zibila eman nahi diola horri. Adierazi du, bide batez, Errusia prest legokeela «rol bat» jokatzeko uranio aberastuaren auziari irtenbide bat emateko orduan. Iranek berak onartu du 450 kilo uranio dituela %60 aberastuta —hori kaleratu zuen IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak iazko maiatzean, horri buruz egindako azken azterketaren ondoren—, baina azpimarratuz beren asmoa ez dela hori arma nuklearrak egiteko baliatzea; horretarako %90 aberastu beharko luke.

Lavroven esanetan, Errusiak rol hori joka dezake aberastutako uranioa «birprozesatuz», hura erregai bihurtuz zentral nuklearretan erabili ahal izateko —horretarako nahikoa da %3 eta %5 artean aberastea—, edo kopuru bat Errusiara eramanez, han biltegiratzeko.

Trumpek esan izan du Iranek arma nuklearrak dituela, baina Lavrovek gogoratu nahi izan du IAEAk berak esaten duela ez dagoela frogarik adierazteko Iran bonba nuklear bat fabrikatzen ari denik. Eta Errusiako Atzerri ministroak belarrietatik tira egin die Frantziari, Alemaniari, Erresuma Batuari eta EB Europako Batasunari berari, Irani eskatzen baitiote 2015eko itun nuklearrean jasotakoa betetzeko, noiz eta AEBak akordio horretatik atera direnean —Europako herrialde horiek, Txinak, Errusiak, AEBek eta Iranek berak sinatu zuten—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA