Trumpen arabera, Israel prest dago Gazarako hirurogei eguneko menia onartzeko

AEBetako presidenteak ohartarazi du Hamasek akordioa onartu ezean, zerrendako egoerak ez duela «hobera egingo»; talde islamista proposamena eztabaidatzen ari da. Israelgo armadak gutxienez 43 palestinar hil ditu gaur Gazan.

Palestinar batzuk Israelek bonbardatutako eraikin batean, Gaza hirian, herenegun. HAITHAM IMAD / EFE
Palestinar batzuk Israelek bonbardatutako eraikin batean, Gaza hirian, herenegun. HAITHAM IMAD / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko uztailaren 2a
11:29
Entzun 00:00:0000:00:00

Israel Gazarako hirurogei eguneko su etena onartzeko prest dagoela iragarri zuen Donald Trump AEBetako presidenteak atzo gauean —gaur goizaldea Euskal Herrian—, Truth Social bere sare sozialean. Etxe Zuriko maizterraren arabera, asmoa da menia hori  «gerrari amaiera» emateko baliatzea. Qatarko eta Egiptoko bitartekariek Hamasi aurkeztu diote proposamena, eta erakune islamista «eztabaidatzen» ari da. Trumpek espero du Hamasek akordioa onartzea. Hala egiten ez badu, «egoerak ez du hobera egingo, okerrera baizik», ohartarazi du AEBetako presidenteak. Bien bitartean, gaur, Israelgo armadak gutxienez 43 palestinar hil ditu Gazan egindako erasoetan, Al-Jazeera hedabideak zerrendako osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez.

AEBetako hedabideek zabaldu dutenez, menia indarrean sartuz gero, Israelgo armadak ez du erasorik egingo zerrendan hirurogei egunez. Proposamenaren arabera, Hamasek hamar bahitu israeldar askatu beharko lituzke aldi horretan , baita beste hamabost gorpu entregatu ere. Israelgo Gobernuaren arabera, 50 bahitu israeldar daude oraindik Gazan, eta uste du horien erdiak baino gehiago hilik daudela.

Hamasek ohar bat kaleratu du gaur arratsaldean. Hartan jakinarazi du AEBek proposatutako menia «eztabaidatzen» ari direla, bermatzeko Israelek zerrendatik tropak aterako dituela, eta Gazara laguntza humanitarioa sartu ahal izango dela. Erakunde islamistak ez ditu orain arteko proposamenak onartu ez zutelako aipatzen Israelgo tropek zerrenda utziko zutenik. Oraingoak ere ez du halako neurririk barne hartzen.

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu astelehenean da Washingtonera joatekoa. Oraingoz, ez lehen ministroak ez gobernuak ez dute ofizialki baieztatu menia proposamena onartuko dutenik. Dena dela, Netanyahuk prentsaurreko batean hala mintzatu da: «Hamasenak egin du, ez da Hamastan gehiagorik izango». Gideon Saar Atzerri ministroak ziurtatu du gobernuan behar besteko babesa dutela su etena eta bahituak askatzeko akordioa onartzeko: «Gobernuan eta herritarren artean, gehiengo zabala dago bahituak askatzeko planaren alde. Aukera suertatzen bada, ezin da alferrik galdu», adierazi du sare sozialetan.

Ultraeskuindarren jarrera

Netanyahu babesten duten alderdi ultraeskuindarrak, ordea, su etenaren aurka agertu dira. Israelgo hedabideek zabaldu dutenez, Itamar Ben-Gvir Segurtasun ministroa eta Bezalel Smotrich Ekonomia ministroa gaur batzartzekoak dira, ziurtatzeko asmoz gobernuak ez duela proposamena onartuko. Aurrez ere, Gazarako su etenaren aurka agertu izan dira bi ministro horiek. Hain justu, Ben-Gvirrek gobernua utzi zuen urtarrilaren 19an, Tel Avivek eta Hamasek menia akordioa adostu zutenean. Martxoan berri hartu zuen kargua, Israelek akordioa hautsi ostean.

Yair Lapid oposizioko buruak, bestalde, akordioa onartzeko eskatu dio Netanyahuri, eta bere alderdiaren babesa eskaini. Sare sozialetan zabaldu duen mezu batean Netanyahuri mintzatu zaio, eta esan dio bere alderdi Yesh Atideko 23 parlamentarien babesa izango duela Ben-Gvirren eta Smotrichen alderdietako hamahiru ordezkarienaren partez. Smotrichen alderdiak, Sionismo Erlijiosoak, zazpi diputatu ditu Israelgo Parlamentuan, eta Ben-Gvirrenak, hau da, Otzma Yehuditek, sei.

Zisjordanian ere palestinarren aurkako neurriak hartzen jarraitzen du Netanyahuren gobernuak. Wafa berri agentzia palestinarrak kaleratu duenez, Israelgo soldaduek hamalau palestinar atxilotu dituzte gaur Betleemen. Bestalde, Yariv Levin Israelgo Justizia ministroak Zisjordania anexionatzeko unea dela adierazi du gaur, kolono israeldar batzuekin egindako bileran. Hala jaso du The Times of Israel egunkariak.

iranek ofizialki bertan behera utzi du iaea-rekin duen lankidetza hitzarmena

Gaur Irango presidente Masud Pezexkianek oniritzia eman dio Iranek IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziarekin duen lankidetza hitzarmena bertan behar uzteko legeari, Tasnim Irango berri agentziak kaleratu duenez. Hala, NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek ezingo ditu Irango azpiegitura nuklearrak gainbegiratu Teheranen onespenik gabe. Iragan astean, Irango Parlamentuak lege proposamena onartu zuen, eta, jarraian, Segurtasun Batzorde Gorenak eman zion oniritzia. Gaur, legea indarrean sartzeko azken urratsa eman du Pezexkianek. Hori ikusita, Israelgo Atzerri ministro Gideon Saarrek mezu bat zabaldu du sare sozialetan, eta Alemaniari, Frantziari eta Erresuma Batuari eskatu die Iranen aurkako «zigor guztiak berrezartzeko». 

Ekainean argitaratutako txosten batean, IAEAk Irani leporatu zion Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna ez errespetatzea. Ekainaren 13an, Israelek Iranen aurkako erasoaldi bat hasi zuen, argudiatuta Teheranen programa nuklearra geldiarazi behar zuela; ekainaren 22an, AEBek Irango hiru gune nuklear bonbardatu zituen. Iranek zenbait eraso egin zituen Israelen, eta AEBetako base militar bat bonbardatu zuen, Qatarren. Ekainaren 24an, amaitutzat eman zuten hamabi eguneko gerra, Donald Trump AEBetako presidenteak tregoa bat proposatu ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.