AEB-ak

Trumpen aurkako 'impeachment'-a hasiko du Ordezkarien Ganberak

Demokratek AEBetako presidenteari leporatu diote Ukrainari presioa egitea, Joe Biden hautagai demokrata eta haren familia iker zezan. Prozeduraren amaieran senatarien bi herenek, 67 senatarik, presidentea errudun jotzen badute, hark kargua galduko luke.

Donald Trump, atzo, NBEren Batzar Nagusian hitz egin ondoren. PETER FOLEY / EFE
Igor Susaeta.
2019ko irailaren 25a
11:06
Entzun

AEBetako Ordezkarien Ganberak Donald Trump herrialdeko presidentearen aurkako impeachment edo kargugabetze prozesua hasiko du formalki. Horixe iragarri zuen Nancy Pelosi demokratak, behe ganberako presidenteak, atzo, Ordezkarien Ganberako kide demokrata nabarmenekin bildu eta gero. AEBetako presidentearen jokabidea konstituzioaren eta demokraziaren printzipioen aurkako urraketa larritzat jo zuen Pelosik, eta impeachment horri ekitea jo zuen konponbide bakar gisa. Presidenteak "segurtasun nazionala" arriskuan jarri duela ohartarazi zuen, eta oharra egin zion: "Inor ez dago legearen gainetik". Trumpi buruz egiten ari diren ikerketa guztiak impeachment-aren "aterkipean" jartzeko ere proposatu zuen Pelosik.

Impeachment-a abiatuko dutela iragarri aurretik, Pelosik esan zuen orain arte urrats hori "saihesten" ahalegindu izan dela, argudiatuz herrialdea "zatikatu" zezakeela horrelako urrats batek. Baina azkenean, hainbat komunikabidek argitaratutako informazioa ikusita, egitea erabaki dute.

Izan ere, AEBetako zenbait komunikabidek azken egunetan argitaratutako informazioek lurrikara politikoa eragin dute Washingtonen. Horien arabera, Etxe Zuriko maizterrak eskatu zion Volodomir Zelenski Ukrainako presidenteari, Joe Bidenen semeak Ukrainan dituen negozioak ikertzeko —Biden AEBetako presidenteordea izan zen 2009tik 2017ra, eta 2020an AEBetan egingo dituzten presidentetzarako bozetarako hautagai demokrata izan daiteke—. Gainera, hedabide batzuek kaleratu dutenez, funtsen bidez Ukrainari ematea adostu zuten laguntza militarra blokeatu zuen Trumpek.

Bezperan esandakoa zuzenduz, Trumpek atzo onartu zuen baietz, funtsak blokeatu zituela. "Zergatik ari dira soilik AEBak dirua jartzen?", galdetu zuen NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrera heldu zenean. Eta adierazi zuen Alemaniak eta Frantziak diru gehiago jarri beharko luketeela.

Trump ez du kikildu iragarpenak, eta Twitter bidez jakinarazi du, Volodimir Zelenskiri egindako deiaren transkripzio osoa argitaratzeko baimena eman duela. FOX kateak iragarri du gaur egingo dituela publiko transkripzio horiek.

Bide luzea

AEBetako presidenteak ezin daitezke bide judizialetik auzipetu karguan dauden bitartean. Horregatik, presidenteari traizioa, eroskeria edo beste delitu larri batzuk egozten zaizkionerako baliatzeko impeachment prozedura daukatea. Zer esan nahi du horrek? Pertsona hori gobernuburu den garaian bere kontrako epaileta politikoa egin dezakeela senatuak. Epaiketa horretan agintaria errudun jotzen bada, kargutik kentzen da.

Ikusteko dago prozedura honek aurrera egiterik izango duen edo ez. Izan ere, Ordezkarien Ganberan gehiengoa daukate demokratek, baina ez da gauza bera gertatzen Senatuan. Kargugabetze prozesua gauzatzeko, gehiengo sinplea behar da Kongresuan alegia 218 diputaturen babesa beharko lukete. Baina kontuan izanik demokratek 235 eserleku dituztela ez lukete arazorik aurrera egiteko. Aldiz, bi herenen babesa behar dute Senatuan —67 bozka— eta soilik 53 eserleku dituzte demokratek.

Honekin, hirugarren aldiz egingo dute impeachmet prozesu bat AEBetako Kongresuan. Nolanahi ere, inoiz ez da kargugabetu presidente bat. Aurreko biak, Andrew Johnson (1868) eta Bill Clinton (1998-1999), absolbitu egin zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.