Renee Nicole Gooden hilketaren bideoek zalantzan jarri dute Trumpen bertsioa

Immigrazioko eta Aduanen Kontrolerako AEBetako Zerbitzuko agente batek tirokatuta hil da 37 urteko emakumea, Minneapolisen.

Emakume bat Renee Nicole Good hil zuten lekuan, negar malkotan. CRAIG LASSIG / EFE
14789412 kepa
2026ko urtarrilaren 8a
10:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Renee Nicole Good 37 urteko emakumearen hilketak hautsak are gehiago harrotu ditu Ameriketako Estatu Batuetako Minnesota estatuko agintari demokraten eta Donald Trump presidente errepublikanoaren administrazioaren artean. 2025eko uztailetik hona, Immigrazioko eta Aduanen Kontrolerako Zerbitzuko (ICE) 2.000 polizia baino gehiago zabaldu dituzte han, eta horretaz kexu ziren bertako agintariak. Atzo, agente horietako batek tirokatu eta hil egin zuen Good, Minneapolisen, haren etxetik metro gutxira. Ondorioz, milaka herritarrek bat egin zuten hildakoaren bizilagun eta senideekin, hil zuten lekuan agur esateko.

Beste kolpe latz bat hartu dute Minneapoliseko herritarrek: 2020an poliziek George Floyd hil zuen kaletik milia batera baino gutxiagora dago atzo Good tirokatu eta hil zuten tokia. Floyd afro-amerikarraren heriotzak AEBetako Poliziaren arrazakeria ekarri zuen hizpidera. Hain zuzen, Minneapolisko polizia zuri batek hil zuen, atxilotu ostean lurrean belauna lepoan jarrita, atxilotuak behin eta berriz esan zuen arren ezin zuela arnasa hartu. Atzoko heriotza, berriz, Trumpen gobernuaren immigrazio politika aurrera eramateko jarritako ICEko agenteek eragin dute. Good Colorado Spring hirian jaio zen, eta orain Minneapolisen bizi zen bikotekidearekin eta haien 6 urteko semearekin.

Sare sozialetan zabaldutako hainbat bideotan ikus daitekeenez, emakumea Honda Pilot kamioneta batean zihoan, eta ICEko agenteekin eztabaida izan zuen. Poliziek ibilgailutik jaisteko eskatu zioten, baina emakumeak aurrera jarraitu zuen, eta haietako bat atea zabaltzen ahalegindu zen. Aurrerago zegoen agenteak, ordea, tiro egin zuen gutxienez hirutan, eta autoak argi zutoin baten kontra jo zuen. Tiroetako batek buruan jo zuen Good, ikerketen arabera.

Trump presidenteak Goodi egotzi dio errua, «bazter nahastaile bat» zela eta «agenteak aztoratu» zituela esanez. Gainera, adierazi du tiro egin zion polizia kamionetarekin harrapatu zuela, baina hori ez da ikusten sareetan zabaldutako bideoetan.

Kristie Noem Segurtasun Nazionaleko idazkariak bat egin du Trumpek esandakoekin, eta gehitu du poliziak «bere burua babesteko» egin zuela tiro. Minnesotako agintariek, ordea, gezurtatu egin dituzte haien hitzak. Are gehiago, Jacob Frey Minneapolisko alkateak «zabortzat» jo du AEBetako agintarien bertsioa. Adierazpenak adierazpen, gertatutakoa ikertzen ari dira.

Tentsioa, gora

Gooden heriotzak Tim Walz Minnesotako gobernadore demokrataren eta Trumpen arteko talka eragin du berriro. ICEko agenteen zabalpena «gerra ekintzatzat» jo zuen lehenengoak orain dela hilabete batzuk. Hain zuzen, AEBetako presidenteak somaliar jatorria duten herritarrekin duen politikak okertu zuen bien arteko harremana. Izan ere, Somaliako 84.000 migratzaile bizi dira Minnesotan, gehienak egoera legalean.

Herritar haiek zituzten hainbat babes neurri indargabetu ditu Trumpen administrazioak, eta iruzurren inguruko ikerketekin lotu izan ditu. Walzek, ordea, «zitaltzat» eta «diskriminatzailetzat» jo izan ditu salaketa horiek, «somaliarren komunitate osoa estigmatizatzen baitute». 2025eko azken seihilekoan, ICEk bi mila agente baino gehiago zabaldu ditu Minnesotan, eta 400 atxiloketa baino gehiago egin. Polizia operazio horiek «ikuskizun mediatikotzat» jo ditu gobernadoreak, behin baino gehiagotan.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.