Giza eskubideak «atakan» daudela ohartarazi du HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak, eta izen-abizenak jarri dizkio horren erantzuleari: Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea. Batetik, agerian utzi du Trumpek kargua hartu zuenetik herrialde horrek egin duen aldaketa; eta, bestetik, Errusiaren, Txinaren eta beste zenbait herrialderen «etengabeko» urraketak tarteko, irizten dio nazioartearen arauak «birrintzen» ari direla. Hori ikusita, gobernuz kanpoko erakunde horrek «aliantza estrategikoak» eskatu ditu.
HRWk urteroko giza eskubideen egoerari buruzko txosten bat kaleratu du gaur, eta, banaka-banaka, munduko estatu guztien errepasoa egin du. Aipatzekoa da Philippe Bolopion zuzendari exekutiboaren aitzinsolasa; izen hau eman dio: Giza eskubideek biziraungo ote dute mundu 'Trumpianoan'? Autoritarismoaren aurrerapausoak mehatxu egiten die arauetan oinarritutako ordenari.
Bertan, aitortu du demokrazia ez dela «panazea» giza eskubideen urraketentzat. Buruzagi autoritarioak sistema horretaz baliatu baitira, behin boterera heldu eta gero, «instituzio horiek berak eraisteko»: «Demokraziaren kontra eginez gero, ez da harritzekoa eskubideak ere kaltetuta ateratzea».
Adibide gisa jarri du, hain zuzen, Trumpen administrazioa. Bolopionen hitzetan, AEBak «oldartu» egin zaizkio berek, beste zenbait herrialderekin batera, ezarritako ordenari. Etxe barruan, Kongresuak ez dio mugarik jarri «botere exekutiboa hedatzeari», errepublikanoek dute-eta gehiengoa; erabakigarriak izango dira, hortaz, datorren azaroan egitekoak diren agintaldi erdiko hauteskundeak, zeinean behe ganbera osoa eta goi ganberaren herena pasatxo berrituko duten. Eta erantsi du etxetik kanpo presidentearen atzerri politikak «irauli» egin dituela demokraziaren eta giza eskubideen aldeko arauak.
Trumpen hitzok berreskuratu ditu HRWko zuzendariak: presidenteak uste duela ez duela nazioarteko legedirik behar, eta horren ordez «moralitatea» duela irizpide bakarra. Bolopionek aintzat hartu ditu Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen agintepean izandako «giza eskubideei buruzko kezkak», baina nabarmendu du Trumpek AEBen intereserako abiarazi duela «aparatu errepresiboa».
«Legez kanpoko ekintza hauek ikusita, Mendebaldeko hainbat aliatuk isilik geratzea erabaki dute, agian muga zergen edo aliantzak hondatuko diren beldurrez», esan du zuzendari exekutiboak. Horrez gain, gaineratu du Trumpek eta haren gertukoek «miretsi» egiten dutela Europako eskuin muturra, eta munduan zehar lider «autokratak» hanpatu dituztela «aliatu demokratikoen» kaltetan: Viktor Orban Hungariako presidentea, Recep Tayyip Erdogan Turkiakoa eta Nayib Bukele El Salvadorkoa aipatu ditu, besteak beste.
Bolopionek gaineratu du AEBek utzi egin dituztela, agintaldi honetan, NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseilua eta Osasunaren Mundu Erakundea. Washingtonek argudiatu izan du horiek «iraungitako multilateralismo eredu» baten parte direla, eta, gainera, nazioarteko hainbat erakunde eta programa uzteko asmoa ere erakutsi du.
HRWen arabera, AEBak «beti izan dira selektiboak» giza eskubideekin jarduten duten erakundeekin elkarlanean aritzeko orduan; era berean, Txinak eta Errusiak «agenda intoleranteak» izan dituzte «aspalditik». Batera edo bestera, hiru herrialdeetako buruak euren boterea «estutzen» duten arauen kontra daude, Bolopionen hitzetan: «Gauza gutxitan datoz bat ideologikoki, baina denek urratzen dituzte giza eskubideak, eta denek dute agenda atzerakoi bat».
Errusiaz ari dela, zuzendari exekutiboak salatu du Trumpen «ahalegin bakezaleek» makillatu egin dutela Moskuren erantzukizuna Ukrainako inbasioari dagokionez, eta zigorgabe geratu dela. Bestalde, Gazako setioa ere izan du hizpide, Israel «baldintzarik gabe babesteko politikak» baitituzte AEBek. «Mezua argi eta garbi dago: Trumpen mundu desordena berrian, boterea duenak arrazoi du, eta basakeriak ez dira marra gorriak», esan du Bolopionek.
Nork defendatuko ote
Galdera hau bota du HRWekoak: «AEBek giza eskubideen sistema globala ahulduz gero, nork defendatuko du?». Azaldu du gobernu askok «oztopotzat» dauzkatela giza eskubideak, eta ikuspegi hori Europa mendebaldera ere heldu dela, tokian tokiko eskuin muturreko alderdiek diskurtso horiek txertatu baitituzte: «Hautesle ugarik gogoz onartzen dute 'besteen' eskubideak mugatzea, izan immigranteak, emakumeak, arraza eta etnia bateko edo besteko gutxiengoak, LGTB pertsonak eta beste».
Txostenean, gobernuz kanpoko erakundeak nazioarteko aliantzaren baten alde egin du, «demokraziek» osatutako aliantzaren baten alde, giza eskubideetan oinarritutako ereduari «eusteko». Demokraziak «berezko ditu onurak», Bolopionen hitzetan: «Autokraziek gatazkak, geldialdi ekonomikoak eta kleptokraziak sustatu izan dituzte, [...] eta instituzio demokratikoek, aldiz, hazkunde ekonomikoa». Haren ustez, aliantza horrek NBEren giza eskubideei buruzko mekanismoen independentzia eta osotasuna bermatzen lagundu ahalko luke: «Baita superindarrak kontra baldin badira ere».