Oraindik ere ez dute itunik lortu, ez, Ekialde Hurbilean. Joan zen asteazkenean, Washingtonek gerra amaiarazteko proposamen bat aurkeztu zion Teherani, eta ordutik Irani presio egiten aritu dira AEBetako agintariak. Bada, erantzuna iritsi zaie, baina ez espero zutena. «Ez zait gustatu haien gutuna. Ez da egokia. Ez zait gustatu erantzuna», adierazi zion atzo Donald Trump AEBetako presidenteak Axios hedabideari. Proposamena «ergelkeriatzat» ere jo du gaur, Fox News katean: «Inork ere ez luke onartuko». Baina uste du lehenago edo geroago adostuko duela akordioren bat; adierazi du halakorik lortu arte eutsiko dietela negoziazioei, eta azkenerako «makurtzea» besterik ez zaiela geratuko islamiar errepublikakoei.
Teheranek, ordea, uste du bere eskakizunak ez direla «gehiegizkoak». Irango Guardia Iraultzailearen gertuko Tasnim berri agentziak zabaldu duenez, herrialdeak exijitu du, besteak beste, Ormuzko itsasartearen kontrola bere esku geratu behar dela eta Washingtonek bertan behera utzi behar dituela ezarritako zigor guztiak.
Trumpek ez du xehetasunik eman Iranek emandako erantzunaren inguruan, baina argi utzi du ez dagoela adostasunerako abagunerik: «Irakurri berri dut Iranek 'ordezkari' deitzen dien horiek emandako erantzuna. Ez zait gustatu. Erabat onartezina da!», idatzi zuen atzo gauean Truth Social bere sare sozialean. Horiek horrela, gaur adierazi du pentsatzen ari dela Askatasuna operazioa, AEBetako armadak Ormuzen dauden ontziak eskoltatzeko ekinaldia, berriro martxan jartzea —joan zen astelehenean abiatu zuen, eta bigarren egunerako bertan behera utzi zuen; bi ontziri lagundu zieten itsasartea zeharkatzen—.
Trumpi erantzun dio gaur Esmaeil Baghaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak, eta ziurtatu du beren eskakizunak ez direla «neurrigabeak». Baghaeik prentsaurreko batean adierazi du Teheranek emandako erantzuna «arrazoizkoa eta arduratsua» dela, eta irandarren eskubideak babestea dutela helburu. Horregatik, galdetu du ea «gehiegizkoa» den exijitzea Iranen aktiboak askatzeko edo Libanoko gerra amaitzeko.
Washingtonek orri bateko memorandum bat jarri zuen mahai gainean, gerra amaiarazteko eta auzi nuklearrari heltzeko «esparru bat» ezarri ahal izateko. Pakistan ari da bitartekari, eta Teheranek haren bidez helarazi die erantzuna AEBei. Tasnim berri agentziak horren inguruko hainbat xehetasun kaleratu ditu gaur goizaldean. Teheranek exijitu du Irani ezarritako zigorrak eta blokeo ekonomikoa bertan behera uzteko, eta petrolioa esportatzeko baimena emateko. AEBetako armadak blokeatuak ditu Irango portuak.
Gainera, Ormuzko itsasartearen administrazioa Teheranen esku utzi behar dela oroitarazi dute. Hori bai, AEBek hainbat «konpromiso» hartuko lituzketela ere jakinarazi dute, baina ez dute zehaztu horiek zein izango liratekeen. Izoztutako aktiboak askatzea eta Israelek Libanoren aurkako erasoak etetea ere eskakizunen artean ageri dira.
Programa nuklearra, «marra gorria»
Tasnimek ez du aipatu Irango programa nuklearraren ingurukorik. AEBetako hedabideek, berriz, kaleratu dute Iranek uko egin diola programa nuklearraren inguruan negoziatzeari. Horren harira, Trumpek atzo Truth Socialen idatzi zuen Iranek 47 urte daramatzala AEBekin eta munduko gainontzeko herrialdeekin «jolasean», «atzeratzen, atzeratzen eta atzeratzen»: «Gurekin ez da gehiago jolasean ibiliko». Mike Waltz AEBek Nazio Batuen Erakundean duten enbaxadoreak jakinarazi du Trumpentzat «marra gorri bat» dela Iranek bertan behera uztea programa nuklearra.
AEBetako hedabideek iturri ofizialak aipatuz zabaldu dutenez, Etxe Zuriak programa nuklearraren inguruko elkarrizketak hasteko hainbat exijentzia egin dizkio Teherani; horien artean, Iranek hogei urtez uranioa aberasteari utzi beharko lioke, eta atzerrira —AEBetara, ziurrenik— bidali beharko luke %20 baino gehiago aberastutako uranioa —arma nuklearrak garatzeko, gutxienez %90 aberastu behar da—. Gainera, instalazio nuklearrak desegin beharko lituzke.
The Wall Street Journal egunkariak kaleratu duenez, ordea, Iran ez da eskakizun horiek betetzeko prest agertu. AEBen proposamenari emandako erantzunean uranioa aberastu gabe egon beharreko tartea laburragoa izateko eskatu du Teheranek; prest agertu da aberastutako uranioaren zati bat esportatzeko, baina beste bat diluitzea proposatu du; eta, azkenik, uko egin dio instalazio nuklearra desegiteari.
Horren harira, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ohartarazi du gerra ez dela amaituko Iranek aberastutako uranioa duen bitartean: «Ez da amaitu, Iranen oraindik ere atera beharreko material nuklearra dagoelako», adierazi du AEBetako CBS telebista katean egindako elkarrizketa batean.
Bestalde, Israelek Libanon erasoak egiten jarraitu du gaur ere. Apirilaren 17an indarrean sartu zen tregoa bat, baina erasoak ez dituzte eten. Libanoko albiste agentzia nazionalak kaleratu duenez, gutxienez lau pertsona hil dituzte gaur Libano hegoaldean egindako erasoetan. Martxoaren 2tik Israelek 2.800 pertsona baino gehiago hil ditu Libanon, eta gaur Joseph Aoun presidenteak AEBek Libanon duten enbaxadoreari eskatu dio presio egiteko Israeli erasoak eten ditzan. Hezbollah talde xiitak Israelen erasoei erantzuten jarraitzen du, eta gaur soldadu bat hil du drone batekin egindako eraso batean, Israel iparraldean. AEBetako, Libanoko eta Israelgo ordezkariak ostegunean dira biltzekoak, Washingtonen.
Israelek Libanon abian duen operazioaz gainera, palestinarren aurkako errepresioa ere ez du eten. Israelgo armadak lau pertsona hil ditu gaur Gazan egindako erasoetan, Efe berri agentziak zerrendako ospitaleetako iturriak aipatuz kaleratu duenez. Gainera, zerrendaren iparraldean sei pertsona zauritu dituzte, eta kostaldean itsasontzi militarrek tiro egin diete hainbat arrantzontzi palestinarri. Zisjordanian, Israelgo Poliziak beste palestinar bat hil du gaur, Qalandiya errefuxiatuen kanpalekuan, Jerusalemdik iparraldera. Poliziaren arabera, palestinarrak eraso egin die agenteei. Wafa Palestinako berri agentziaren arabera, Israelgo poliziek sarekada bat egin dute gaur Qalandiyako errefuxiatuentzako eremu batean.Israelek LAU palestinar hil ditu gazan, eta beste bat, zisjordanian