Herrialdeari aurrerantzean Ipar Mazedoniako Errepublika deitzeko, konstituzioan egin beharreko aldaketak egitea onartu zuen Mazedoniako Parlamentuak, joan den ostiralean. Iazko ekainean Mazedoniako eta Greziako gobernuek adostutako akordioaren arabera, izena indarrean sartzeko Greziako Legebiltzarrak ere onartu beharra dauka aldaketa, eta laster dira Atenasen horri buruz bozkatzekoak. Baina ostiralean Mazedonian gertatutakoak gobernu krisia eragin du Grezian. Gobernu koalizioko alderdi nagusi Syriza ez bezala, Anel alderdi nazionalista kontserbadorea izena aldatzearen kontra dago, eta, horrenbestez, koalizioa hautsi du. Bi alderdiek herenegun negoziatu zuten haustura hori, eta Panos Kammenos Anelen liderrak Defentsa ministro izateari utzi zion. Jarraian, konfiantza mozio batera deitu zuen Alexis Tsipras lehen ministroak, eta bihar dira horri buruz bozkatzekoak.
Beraz, hori gainditu ahal izateko kontuak egiten ari da Tsipras. Bestela, berez udazkenerako deituta dauden hauteskundeak aurreratuko dituela iragarri du. Greziako Parlamentuak 300 eserleku dauzka; Syrizak 145 diputatu ditu han, eta lehen ministroak 151 boto behar ditu karguari eusteko. Halere, bozak, aurreratzekotan, izen aldaketaz erabaki ondoren egingo dituzte.
Eta Tsiprasek dagoeneko badaki Anelen zazpi diputatuetatik bik bere alde bozkatuko dutela ia ziur. Izan ere, Mazedoniaren auziari dagokionez alderdiaren ikuspegiarekin bat egiten ez dutela iritzita, Elena Kuntura Turismo ministroa eta Vasilis Kokkalis Landa Garapenerako ministrordea alderditik kanporatu ditu Kammenosek. «Bere botoa eta Mazedonia izena aldatu ditu ministerioan jarraitzeagatik», leporatu dio Kammenosek Kunturari.
Eta Greziako komunikabideetan espekulatzen denez, bere aldeko beste sei boto ia ziurtatuta dauzka Tsiprasek: Demokrazia Berria alderditik kanporatutako Katerina Papakosta diputatu independentearena, To Potami alderdi zentristaren sei parlamentarietatik laurena, baita Aldaketerako Mugimendua zentro ezkerreko aliantzako batena ere. Hortaz, koalizio gobernuan haustura gertatuta ere, 153 boto horiek pilatuz gero lasai hartu ahal izango du arnasa Tsiprasek. Izan ere, baliteke horiek beraiek Mazedoniaren izena aldatzeko akordioaren alde bozkatzea.
NATOn sartzeko moduan
Syrizak eta Anelek inondik ere ez dute bat egiten ideologiari dagokionez —ezkerrekoa da aurrenekoa—, baina 2015eko urtarrilaz geroztik gobernatu dute elkarrekin. «Lankidetza egon da batasun nazionalerako gobernuan. Herrialdea erreskateetatik ateratzea lortu genuen. Gure lehen helburua erdietsi dugu. Dena den, Mazedoniako arazoak ez dit uzten nire postua ez sakrifikatzen», nabarmendu zuen Kammenosek, herenegun. Tsiprasek ere bien arteko lankidetza «zintzoa» izan dela azpimarratu zuen. Inkesten arabera, Anelek ez du ordezkaritza parlamentariorik lortuko hurrengo hauteskundeetan.
Greziak ere Ipar Mazedonia izena onartzen badu, 27 urte iraun duen auzi bat bukatuko litzateke. NATOko kide bihurtzeko ateak irekiko lizkioke horrek Mazedoniari, eta, gainera, EB Europako Batasunean sartzeko bidea hasi ahal izango luke.
Tsipras kontuak egiten ari da bihar konfiantza mozioa gainditzeko
Mazedoniako auzia dela eta, Anelek Greziako koalizio gobernua hautsi du. Bozketa galduz gero, lehen ministroak bozak aurreratuko ditu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu