Ertugrul Kurkçu. BDP alderdi kurduko parlamentaria

«Turkia soilik subordinazio terminoetan dago kurduekin hitz egiteko prest»

Ankarak elkarrizketa saihestu nahi duen arren, Kurkçuk uste du agintariak ohartu direla jarrera horrekin mugimendu kurdua indartu egin dela. BDPren estrategia «eustea» dela dio parlamentariak.

JON OLANO.
jon olano
Diyarbakir
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Turkiako Langileen Askapenerako Frontean sartu zen duela 40 urte Ertugrul Kurkçu (Bursa, Turkia, 1948). NATOko hiru teknikari bahitzeagatik heriotza zigorrera kondenatu zuten, baina zigorra 30 urteko espetxealdiagatik aldatu zioten. Hamalau egin zituen kartzelan. Orain BDP Bake eta Demokraziaren Alderdi kurduak Turkiako Parlamentuan duen taldeko kide da, eta ezkerreko alderdien koalizio bat ordezkatzen du taldean.

Joan den larunbatean, Kurkçu Ipar Kurdistango hiriburu Diyarbakirren (kurdueraz, Amed) izan zen Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileriaren Alderdiko buruzagiaren askatasuna eskatzeko egindako manifestazioan. «Uztailaren 14a aukeratu genuen, egun horretan duela hogei urte gose greban zeuden lau lagun hil zirelako espetxean. Bestalde, Turkiako Gobernuari erakutsi nahi zitzaion mugimendu kurdua batuta dagoela, eta bake duin baten alde ari dela borrokan». Manifestazioa debekatzeko Turkiako agintariek ez dutela «zentzuzko azalpenik eman» salatu du Kurkçuk.

Elkarrizketa eskatzen diozue Turkiako Gobernuari. Prest al dago?

Ez dago prest, baina guk horretarako prestatu behar dugu gobernua. Zama astuna dute kurduek; euren arerioa bake elkarrizketa baterako prestatu behar dute, Turkiaren edozein erabaki «demokratiko» onartu behar dute, eta, gainera, mendietan borrokatzen jarraitu behar dute. Horregatik eman behar diegu gure babesa; Turkian bostetik bat ari da demokraziaren alde lanean, eta gainontzekoak begira edo aurka daude. Hortaz, balantza hori irauli behar dugu.

Ez dut uste Turkiako Gobernuak hitz egin nahi duenik, baina dagoeneko ikusi du bere jarrerarekin mugimendu kurduarekiko babesa ez dela txikitu, baizik eta BDP botoetan hazi egin dela. Hori da estrategia; eustea, gobernua jabe dadin bere estrategia okerraz. Jada mugitzen hasi dira, orain esaten dutena ez bailukete duela urtebete esango; alegia, PKKrekin borrokan jarraituko dutela, baina bakea nahi dutela eta horretarako BDPrekin hitz egiteko prest daudela. Ez da nahikoa, ordea.

Zuekin hitz egiteko prest dago, beraz, baina BDPko 8.000 kide inguru atxilotu ditu Poliziak, alkateak barne.

Bai, egoera jasanezina da. Edozein herrialdetan 8.000 kide kartzelan dituen alderdi bat desagertu egingo litzateke, baina BDP ez. Hori da Turkiako Gobernuaren paradoxa: BDPko kideak atxilotzen dituela terrorismoaren akusaziopean, baina BDPrekin hitz egiteko prest dagoela dio. Horrek praktikan esan nahi du kurduekin soilik subordinazio terminoetan hitz egiteko prest dagoela.

Leyla Zana BDPko kidea Recep Tayipp Erdogan Turkiako lehen ministroarekin bildu zen hilaren 1ean. Besteak beste, esan zion kurduen auzia konpon dezakeela.

Ez nator bat Zanarekin formari dagokionez, Erdoganekin biltzearen ekinaldi hori BDPren taldearekin hitz egin gabe egin zuelako. Bake prozesua berea ez den modu batera ulertzen dut, baina haserre nago beste arrazoi bat eman diolako gobernuari BDPri erasotzeko.

Hezkuntzan kurduera irakastea baimendu du Ankarak. Zer deritzozu?

Hala baimendu du, baina hautazko ikasgai gisa baino ez. Kurduen eskaera da hezkuntza euren ama hizkuntzan jasotzea, ez kurduerazko irakasgai bat edukitzea. Euskal Herrian ongi dakizuen bezala, ez da berdina lehen hezkuntzan kurduera ikasi ahal izatea edo lehen hezkuntza kurdueraz ikastea. Kontzesio sinboliko bat egin du Turkiak, eskaeraren muina ahazteko. Ez da hori kurduek eskatutakoa, eta, beraz, ez dut uste onartuko dutenik. Edonola ere, horrek erakusten du AKPk ezin diela entzungor egin kurduen gehiengoaren eskakizunei.

Nola ikusten duzu kurduen egoera Sirian?

Ez dira matxinadan parte hartzen ari, baina ezta Baxar Al-Asaden indarrei laguntzen ere. Haien lurraldea kontrolatzen ari dira, eta uste dut hilabete gutxitan euren presentzia politikoa hazi egingo dela. Hori aukera ona izango da Turkiako mugimendu kurduarentzat, haien eskubideak errespetatzeko bigarren adibide bat izango dutelako urtebete baino lehenago. Irakeko Kurdistanena izan zen aurrena, eta Siriako Kurdistanena izango da bigarrena. Eta Turkiak, kurdu gehien duen estatuak, ez ditu eskubide horiek errespetatzen. Paradoxa hori konpondu beharko du nolabait.

Hori horrela bada, Turkiak onartuko al du Sirian kurduek gobernu bat antolatzea?

Ez du beste aukerarik. Ezin dio Siriari eraso, nazioarteko iritzi publikoa, Ameriketako Estatu Batuak barne, gainean izango lukeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.