Siria

Turkiak Siriako hemeretzi soldadu hil ditu Idliben, droneekin egindako eraso batean

Siriako armadak Idlib probintziako Saraqeb hiria berreskuratu du, Turkiak babestutako errebeldeek hura hartu eta lau egunera. Erdogan eta Putin ostegunean bilduko dira egoera aztertzeko.

Errefuxiatu talde bat Turkiaren eta Greziaren arteko mugan, Europako Batasunera sartzeko ahaleginean. TOLGA BOZOGLU, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko martxoaren 2a
10:41
Entzun

Giza Eskubideen Siriako Behatokiak jakinarazi duenez, Turkiak hemeretzi soldadu siriar hil ditu bart, droneekin egindako eraso batean. Siriako armadaren konboi militar bati eta base militar bati egin die eraso. Horrez gain, Turkiak Siriako bi hegazkin militar bota zituen, atzo. Pilotuek paraxutekin jauzi egitea lortu zuten, eta onik irten ziren.

Joan den ostiralaz geroztik Turkiak Siriako armadako 2.500 soldadu baino gehiago «neutralizatu» dituela esan du Hulusi Akar Turkiako Defentsa ministroak. «Bi hegazkin, bi drone, zortzi helikoptero, 135 tanke, zortzi defentsa sistema antiaereo eta 2.557 soldadu neutralizatu dira».

Siriak bere lurraldearen ipar-mendebaldeko aire eremua ixtea erabaki zuen igandean, eta ohartarazi zuen neurria urratzen duen edozein hegazkini eraso egingo diola. Hala, igandean bertan, Turkiaren hiru drone suntsitu zituen.

Turkiaren erasoa joan den astean Siriak haren aurka egindakoaren erantzuna izan da. Siriako armadak Turkiako 34 soldadu hil zituen Idlib probintzia eskuratzeko abiatu duen oldarraldian. Damaskok kontrolpean hartu nahi ditu Turkiak babestutako talde errebeldeek eta zenbait talde islamistak kontrolatzen dituzten eremuak. Idlib da Siriako Gobernuari herrialdeko lurralde osoa kontrolpean izateko eskuratzea falta zaion azken probintzia.

Azken hamarkadetan bi herrialdeek izan duten liskarrik larriena da azken egunotakoa. Siriako Gobernuak Errusiaren babes militarra du, eta konfrontazioak nabarmen areagotu du nazioartearen kezka, egoeraren ondorioz, Turkiaren eta Errusiaren arteko gatazka bat lehertzeko arriskuagatik.

Ankarak Errusiari eskatu dio Baxar al-Assad Siriako presidentea behartu dezala Idliben Siriaren erasoaldia etetera.

Putin-Erdogan, ostegunean

Turkiak adierazia du ez duela gatazkarik nahi Errusiarekin, eta gaineratu du atzo abiatu zuen erasoa —Udaberriko Ezkutua izendatu du— Siriako Gobernuaren kontrakoa dela. «Ez dugu gatazkarik nahi Errusiarekin. Gure helburu bakarrak Siriako erregimenaren sarraskiak, talde erradikalak eta zibilen lekualdatzeak geldiaraztea da», adierazi du Hulusi Akar Turkiako Defentsa ministroak.

«Espero dut beharrezko neurriak hartuko ditugula, su-eten bat, esaterako»

Recep Tayyip Erdogan. Turkiako presidentea

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa datorren ostegunean biltzekotan dira, egoera aztertu eta tentsioa baretzeko aukerak aztertzeko. Bi presidenteek telefonoz hitz egin zuten joan den ostiralean, eta ados agertu ziren egoera bideratzeko «neurri gehigarriak» behar direla.

Osteguneko bileran, Turkiak eta Errusiak su-eten bat hitzartzea espero du Erdoganek: «Espero dut beharrezko neurriak hartuko ditugula bertan, su-eten bat, esaterako, eta auzi honi konponbidea emango diogula».

Kremlinek goi mailako lehentasuna aitortu dio Putinen eta Erdoganen arteko bilkurari. «Errusiarentzat, garrantzia handikoa da gure kide Turkiarekiko elkarlana», adierazi du Dmitry Peskov Errusiako Gobernuko bozeramaileak.

Saraqeb, Siriaren esku

Siriako armadak Saraqeb hiria berreskuratu du, Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren arabera. Turkiak babestutako errebeldeek hartu zuten Idlib probintziako bigarren hiririk handienaren gaineko kontrola, baina Al-Assaden indarrek berriro bere egitea lortu du, Errusiaren aire indarreko hegazkinen laguntzarekin.

Saraqebek garrantzia estrategiko handia du, Damasko Aleporekin lotzen duen autobidea pasatzen baita bertatik. 

Errefuxiatu krisia

Idlib kontrolpean hartzeko Siriako armadaren erasoaldiak milioi bat herritarren desplazamendua eragin du, Turkiako muga aldera. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, Siriako gerrako exodorik «larriena» da, eta errefuxiatuak «baldintza beldurgarrietan» daudela salatu du. NBEk Al-Assadi leporatu dio Idlib eskuratzeko erasoan «hilketa bereizi gabekoak eta ankerrak» egitea.

Idlibetik ihes, ehunka milaka herritar Turkiako mugara joan dira. Turkiak adierazi du ez duela nahikoa baliabiderik horrenbeste errefuxiatu hartzeko, eta jakinarazi du Greziako muga ireki duela. Ondorioz, milaka errefuxiatu Turkia eta Grezia arteko mugara joan dira, EB Europako Batasunean sartzen ahalegintzeko.

Turkiak ez du muga itxiko EBk «bere hitza bete arte». Ankarak Bruselari egozten dio ez dituela bideratu 2016an sinatu zuten akordioan jasotako diru laguntzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.