Turkiako oposizioa, judizialki jazarria

CHP oposizioko alderdi nagusiko bostehun kide atxilotu dituzte azken hilabeteotan. Sozialdemokraten ustez, gobernua bultzatzen ari da jokabide hori, oposizioko alderdiak ahuldu nahian.

CHPren aldeko protesta bat Bruselan, urriaren 12an. FREDERIC SIERAKOWSKI / EFE
CHPren aldeko protesta bat Bruselan, urriaren 12an. FREDERIC SIERAKOWSKI / EFE
Istanbul
2025eko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badira hilabete batzuk Turkiako oposizioko alderdi nagusia, CHP sozialdemokrata, ezohiko estualdi batean dagoela: barrikadak jarri behar izan ditu bere egoitzen aurrean, eta salatu du alderdiko ehunka kide atxilotu dituztela eta haien unibertsitate diplomak baliogabetu. Auzitegiak jazarka ari zaizkie, udal zinegotziekin hasi eta alderdiaren buruzagiekin bukatu; ustelkeria eta diruaren erabilera bidegabea leporatzen diete, eta terrorismoa ere bai. Sozialdemokraten ustez, gobernua bultzatzen ari da jazarpen judiziala, oposizioko alderdiak ahuldu nahian. Izan ere, 2024an, CHPkoek tokiko hauteskundeak irabazi zituzten hiri nagusietan, eta udal garrantzizko batzuk kendu Recep Tayyip Erdogan presidentearen AKP Justizia eta Garapenaren Alderdiari. Epaiketetako bat hasiko da gaur, Ankaran.

Epaileak martxoan hasi ziren CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoa estu hartzen: aurrena, unibertsitate diploma baliogabetu zioten Istanbulgo alkate ohiari, Ekrem Imamogluri. Dokumentu hori gabe ez dago presidentetzarako hautagai izaterik, eta Imamoglu jotzen dute, hain zuzen, Erdoganen aurkari politiko nagusitzat; goi-goian ibiltzen da beti ospe onari buruzko inkesta guztietan, eta Istanbulgo herritarrek, oniritzia emanez, bi aldiz aukeratu dute herrialdeko hiririk handieneko alkate. Imamoglu atxilotu zutenean, joan deneko hamar urteko protestarik bizienak piztu ziren Turkian, eta milaka gazte kalera atera ziren epaileen ebazpenaren kontra, erabaki politikoa zelakoan. Orduko mobilizazioetan, bi mila lagun baino gehiago atxilotu zituzten, eta protestak ez dira itzali oraindik, nahiz eta bakanagoak diren, eta toki jakin batzuetan eginak.

Irailean, auzitegiek CHPren kontra jo zuten berriz, eta hamalau entzunaldi egin. Istanbulgo Udalean esku hartu, eta kargutik kendu zuten alderdiak probintzia hartan zuen buruzagia, Ozgur Çelik, leporaturik botoak erosi izana kargua beretzeko, eta kontu hartzaile bat jarri zuten haren tokian, Gursel Tekin. Hori gertatu eta gero, istiluen kontrako ehunka poliziak inguratu zuten CHPren Istanbulgo egoitza, kontu hartzaileari sarbidea bermatzeko, eta tirabira handiak izan ziren Tekin eskoltatuta eraikineraino eraman zutenean. Poliziek negar gasa bota zieten hara bildutako manifestariei: ehunka ari ziren protestan epaileen erabaki horren kontra, atzean Erdogan zebilelakoan, CHP ahultzeko asmotan. Diputatu sozialdemokratek mahaiak eta aulkiak pilatu zituzten bulegoetako sarreran; barrikada moduko hori gorabehera, poliziek gogor jo zuten, eta manifestariak eta diputatuak zauritu. «Niri egin didaten hau oposizio guztiari egingo diote bihar, gu guztioi. Ahotsa altxatu behar dugu zuzenbide estatuaren alde, demokraziaren eta herritarren borondatearen alde», adierazi dio BERRIAri Mahmut Tanal diputatuak.

«Nahiz eta argi frogatu den ez zutela inolako probetxurik atera, atxilotuetako batzuek bi hilabete daramatzate behin-behineko kartzelaldian»

AKUSATU BATEN ABOKATUA 

Tanali min egin zioten begi batean, negar gasen bidez. CHPko bostehun kide baino gehiago atxilotu dituzte azken asteotan —alkateak, zinegotziak eta aholkulariak gehienak—, eta haietako ehun bat preso dauzkate oraindik, ustelkeriaz jokatzeaz, terrorismoa egiteaz eta funtzionarioak iraintzeaz akusatuta. Justizia Ministerioak, berriz, behin eta berriz esan du epaileen erabakiak independenteak direla. «Nahiz eta argi frogatu den ez zutela inolako probetxurik atera, atxilotuetako batzuek bi hilabete daramatzate behin-behineko kartzelaldian. Auzi penal batean aztertzeko modukoak ez diren kontuak, orain, eztabaidagai dira. Gobernu populistek horrela erabiltzen dute boterea, eta horra hor beste erakusgarri bat», azaldu du akusatuetako baten abokatuak.

Alderdia beldur zen ez ote zuten kargutik kenduko zuzendaritza, 2023ko biltzarrean faltsututako boto batzuen auziagatik —Ozgur Ozel orduan hautatu zuten—. «Gobernuak estatu kolpe bat jo zuen etorkizuneko gobernuko alderdiaren kontra», adierazi du Ozelek duela gutxi, Financial Times-ek egindako elkarrizketa batean, epaileen jardunari buruz ari zela. «Azken hauteskundeak irabazi zituen alderdiaz jabetu nahi dute, Turkiako Errepublika sortu zuen alderdiaz, inkesta guztietan buru dabilen alderdiaz. Gobernu autoritario bat da, eta hari gogor egitea da bide bakarra», segurtatu du.

Barne borrokak

Joan deneko hamar urtean, dozenaka udaletan esku hartu dute epaileek, eta fideikomisodunak jarri haien buru. Orain arte, neurri hori kurduen aldeko ezkerraren kontra erabiltzen zuten batik bat, PKK talde armatuarekin lotura terrorista izatea leporatuta. Orain, berriz, CHPko alkatetzen kontra ari dira, eta adituek susmoa dute ez ote den izango «alderdi aniztasunaren bukaera», CHPren abokatu Çaglar Çaglayan-ek kontatu duenez. «Erregimen aldaketa egiten ari dira. Turkia eraldatzen ari da: lehen, erregimen autoritario lehiakor bat zen, baina jadanik ez», azaldu du Berk Esen analista politikoak. «CHPko zuzendaritzak, Imamoglu babestea erabaki zuenean, oinarriak eta milaka herritar mobilizatu zituen haren kontrako kolpe judizialari aurre egiteko protestan, eta gobernuak erabaki zuen CHPren buruzagitza osoari erasotzea».

«Erregimen aldaketa egiten ari dira. Turkia eraldatzen ari da: lehen, erregimen autoritario lehiakor bat zen, baina jadanik ez»

BERK ESEN Analista politikoa

Epaileen jazarpena nahikoa ez, eta barne borrokak ere badituzte alderdian. Istanbulgo probintziarako kontu hartzaile Tekin, esaterako, probintzia bateko presidentea izana da alderdian, eta karguari uko egiteko eskaera aurkeztu zuen iaz, baina ez zuen formalizatu alderditik ateratzeko erabakia. Orain, bota egingo dute CHPtik, «alderdiaren diziplinaren kontra aritzeagatik». Tekinek, ordea, bere kargua defendatu du, eta esan bere lana ez dela kontu hartzailearen lanaren parekoa. Tekinen atzean, CHPko beste ahots batzuk isilik daude. Alderdiaren buruzagi ohi Kemal Kiliçdaroglu gogoz dago berriz alderdia gidatzeko, nahiz eta ez zuen behin ere hauteskunderik irabazi 2010ean buru jarri zenetik.

Erdoganek, berriz, ohartarazi egin die: «Ez dugu onartuko Turkiaren lorpenei kalte egitea oposizioko alderdi nagusiko lehengo eta oraingo kideen arteko botere borroken ondorioz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.