Turkia haserretu duen erabaki bat hartu du Israelgo Gobernuak: armeniarren aurkako genozidioa aitortu du. Ezin da esan Benjamin Netanyahu buru duen kabineteak egindako hautuak ekarri duenik bi herrialdeen arteko harremana gaiztotzea, esparru diplomatikoan eta komertzialean harremana etenda baitago, Ankarak hala erabakita, Israel Gazan egiten ari den sarraskiari erantzunez. Baina, halere, Ekialde Hurbileko bi potentzia militar horien arteko tentsioak gora egin du azken orduetan.
«Erabaki historiko bat hartu du Israelgo Gobernuak», nabarmendu zuen atzo Israelgo Atzerri Ministerioak, ohar batean —Gideon Saar Atzerri ministroak egin zuen proposamena—. Orain Parlamentuari dagokio aitortza onartzea. «Inoiz ez da beranduegi zuzen jokatzeko». Segituan heldu zen Ankararen erantzuna: Tel Avivi egotzi zion erabaki horren bidez bere krimenak «ezkutatu» nahi izatea. Atzerri Ministerioak komunikatu batean gogorarazi zuen Israel «mundu guztiaren aurrean sistematikoki» jazartzen ari zaiela palestinarrei, eta Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu atxilotzeko agindua emanda daukala, gizateriaren kontrako krimenak leporatuta. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaz geroztik 73.000 pertsona inguru hil ditu Israelek zerrendan.
Armeniarren aurkako genozidioari dagokionez, Ankara «1915eko gertakariez» mintzo da oharrean. 1915 eta 1923 artean 1,5 milioi armeniar inguru hil zituen Otomandar Inperioak, Armeniaren arabera. Hainbat herrialdek aitortu dute armeniarren aurkako genozidioa. Uruguai izan zen aurrenekoa, 1965ean, eta ordutik gauza bera egin dute AEBek, Alemanian, Argentinak, Frantziak, eta Txilek, besteak beste. Horren harira, Azerbaijanek, Turkiaren ahaide historiko-kulturalak —eta Armeniaren etsaiak—, Israelen erabakia gaitzetsi du.
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea ez da zuzenean mintzatu Israelen erabakiaz, baina, atzo, hura buru duen indar politikoaren —AKP Justiziaren eta Garapenaren Aldeko Alderdiaren— ekitaldi batean, berretsi egin zuen azken ia hiru urteetan esaten ari dena: «Gazan genozidio bat gertatu da. Kontuak eskatuko dizkiegu horregatik». Islamista da Turkiako presidentea, herrialdea errepublika laiko bat izanagatik —gehiengo musulman erabatekoa du ia—.
Netanyahuren esanetan, Erdoganek maiz eskatzen du Israelgo estatua «txikitzeko». Hori adierazi zuen atzo Israelgo lehen ministroak bere kabinetearen bileran, iturri ofizialak aipatuz Israelgo hainbat hedabidek kaleratu dutenez. «Haren hitzak serio hartzea komeni zaigu». Israelek Sirian egindako erasoak ere salatu izan ditu Erdoganek, argudiatuta «mehatxu bat» direla Turkiarentzat —Ahmed al-Xaraa Siriako presidentea, islamista bera, Ankararen bultzadari esker heldu zen agintera, iazko urtarrilean—.
Historikoki, gorabeheratsuak
Bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoak gorabeheratsuak izan dira azkeneko 70 urteetan. Esaterako, Turkia izan zen, 1949an, Israel estatu gisa aitortu zuen gehiengo musulmaneko lehen estatua. Eta Gazako setioa hasi aurretik, adibidez, Netanyahu eta Erdogan New Yorken bildu ziren, NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren bueltan egindako bilera batean.
Erdoganek, baina, ez du konfiantzarik Israelengan. Analista batzuek azken urteetan aipatu dutenez, 2008ko abenduan, Erdogan bitartekari ari zela Israelek eta Siriak bake elkarrizketak has zitzaten, Tel Avivek Gazari eraso egin zion. Erdogani kontsultatu gabe iritsi zen eraso hura, eta orduz geroztik ez da fio Israelgo buruzagiez.
Israelek hiru pertsona hil ditu Gazan
Israelgo armadaren drone batek hiru pertsona hil ditu gaur Gazan, hango osasun iturriek Efe berri agentziari jakinarazi diotenez. Kaleratutako informazioaren arabera, zerrendaren erdialdean gertatu da erasoa, Deir al-Balahn, eta hildakoen artean zortzi urteko haur bat dago. Gazan su etena dago urritik, baina ordutik 1.200 lagun hil ditu Israelek han.
Israelgoak Erdoganez ere ez. 2023tik kontakizun bat hauspotu du Tel Avivek, ikusita Ankarak zein jarrera hartu duen: Turkia dela garaitu beharreko etsai berria, behin irudituta Iranekikoak egin dituztela. Esaterako, Naftali Bennet lehen ministro ohiak (2021-2022) duela aste batzuk esan zuen Turkia dela «Iran berria». Gainera, kurduen kontra egitea egozten dio Tel Avivek Ankarari.
NATOk urteroko goi bilera egiteko astebete besterik falta ez dela heldu da krisi hau, eta Israelen eta AEBen arteko harremanak, publikoki behintzat, bere onenean ez daudela. Hain zuzen, Ankaran bilduko dira aliantza militarreko kideak uztailaren 7an eta 8an, eta Donald Trump AEBetako presidenteak duela egun batzuk adierazi zuen horretan parte hartuko duela Erdoganek eskatu diolako soilik. Harreman ona dute. Aurreko astean, adibidez, jendaurrean nabarmendu zuen, Iranen auziari dagokionez, «eskatutako guztia» egin duela. «Iranen ondoan jar zitekeen, ez baitu Israel askorik miresten. Ez sartzeko eskatu nion, eta hori egin du». Bide batez, iradoki zuen mahai gainean zegoela Turkiari F-35 gerra hegazkinak saltzea.