Gaur beteteko dituzte bi aste gose greban Kataluniako Generalitateko bozeramaile ohi eta JxCren Kataluniako Parlamentuko diputatu Jordi Turullek eta Jordi Sanchez JxC Junts Per Catalunya alderdiko presidenteak. "Pasatutako denboraren eta haren egoera pertsonalaren ondorioz, gomendagarria da Turull Lledonerseko erizaindegira eramatea", azaldu du Padrósek sare sozialetan. Turullen eta Sanchezen medikua izateaz gain, Kataluniako Medikuen Kolegioko presidentea da Jaume Padrós.
VilaWeb hedabideak zehaztu duenez, lekualdatzea ez da izan "osasun arazo jakin baten" ondorio, baizik "oro har, haren egoeraren" ondorio, "ahulduta" dagoelako.
Gose greba hasi zutenean azaldu zutenez, Auzitegi Konstituzionalari Giza Eskubideen Europako Auzitegira joateko aukera eragotzi nahi diela leporatzen diote Turullek eta Sanchezek: "Auzitegi [Konstituzional] inpartzial bat aldarrikatzen dugu, gure eskubideen jarduna oztopatuko ez duena", jakinarazi zuten biek, haien abokatu Jordi Pinak irakurritako manifestu baten bidez. Abenduaren hasieran eman zuten erabakiaren berri.
Bi egun beranduago, Joaquim Forn eta Josep Rull Kataluniako Gobernuko kontseilari ohiek ere gose greba mugagabea hasi zuten atzo Lledoners espetxean. Jordi Sanchezek eta Jordi Turullek asteburuan hasitakoari batu zaizkie. Auzitegi Konstituzionalak "blokeoa" ezartzen diela salatu dute.