Txina Latinoamerikan sartu izanak beste botere lehia bat sortu du AEBek historikoki «atzeko patiotzat» hartu izan duten lurraldean. Kontua da Txinak kredituak eta inbertsioak eskaintzen dizkiela hain justu estatubatuarrek esku hartze eta mendekotasun handiagoa baino eskaintzen ez dieten lekuetako biztanleei, eta hori guztia inoiz baino ageriago geratu zen urtarrilean Venezuelan egin zuten erasoan.
Latinoamerikan Donald Trumpekin lerratuta dagoen olatu kontserbadore bat zabaltzen ari den honetan, AEBetako presidentea ahaleginak eta bi egiten ari da Txinari lekua kentzeko, baina ez dauka lan erraza. «AEBek esan dute berriz indarrean jarri nahi dutela Monroe Doktrina, Trumpen Korolarioaren bitartez, hain zuzen. Korolario horren helburua zera da, AEBen aldeko gobernuak babestea, eta Txina, Errusia eta kontinentetik kanpoko beste eragile batzuk kanporatzea, berriz ere eskualdearen benetako kontrola hartzeko», baieztatu du Sebastian Schulzek, La Platako Unibertsitate Nazionaleko txinatar ikasketen adituak.
Txina, berriz, eztabaida aldi betean da bost urteko hurrengo plana zehazteko, hamabosgarrena. Nahiz eta datozen bost urteetarako Txinako ekonomiaren eta politikaren erronketan eta helburuetan jarri duten arreta, plan horretan erabakitzen denak eragina izango du nazioartean. «Batez ere, Latinoamerikarekin eta Kariberekin duen harremanean. Izan ere, gaur egun Txina ez da goraka doan potentzia ekonomiko nagusia soilik: munduko lehen ekonomia da, halaber, soldataren erosahalmenaren parekotasunari dagokionez; horrez gain, munduko lehena da salgaien esportazioan, eta bigarrena inportazio globalean, eta Latinoamerikako lurralde ia guztien merkataritza bazkide nagusia ere bada, edo nagusietan bigarrena», adierazi du Schulzek.
Txinan 1.400 milioi pertsona bizi dira, baina bertako lurraren %11 soilik landu daiteke, eta herrialdeak ez du gaitasun materialik biztanle guztientzako jakiak ekoizteko; beraz, behartuta dago inportatzera. Soja eta haragia eskuratzeko ez ezik —Brasildik eta Argentinatik inportatzen du bereziki—, Asiako herrialdeak mendekotasun handia du energiaren arloko beste ondasun estrategiko batzuk lortzeko ere, hala nola petrolioa eta gasa, eta Brasildik eta Kolonbiatik inportatzen ditu gehienbat. Litioa ere funtsezko elementua da herrialdearen lehia teknologikorako, eta erreserba nagusiak Bolivia, Txile eta Argentinaren arteko mugan daude, litioaren triangelua deritzon eremuan.
«AEBek Txina eta Errusia kanporatu nahi dituzte, berriro eskualdearen benetako kontrola hartzeko»
SEBASTIAN SCHULZ Txinatar ikasketetan aditua
«Esan dugu Txina dela munduko manufaktura gune nagusia, baita munduan energia gehien kontsumitzen duen herrialdea ere, baina ez dauka ez petrolio tantarik ez gasik bere lurretan», nabarmendu du Schulzek. Era berean, adierazi du Txinak helburu nagusi bat duela 2049rako, iraultzaren mendeurrenerako: herrialde guztiz garatua izatea. Horretarako, Txinak nazioarteko ordena baketsua eta egonkorra behar du, eta ahal duen guztia egingo du mundu multipolar bat eratzen eta nazioarteko harreman berriak sortzen laguntzeko, eta horren parte dira Latinoamerika eta Karibe.
'Donroe doktrina'-rekin
AEBek indarrean jarri nahi dute Donroe doktrina deritzona —The New York Times egunkariko azalean agertu zen goitizena, Donald eta Monroe izenak batuta—, helburu baitute «Ameriketako Estatu Batuen nagusitasuna berrezartzea mendebaldeko hemisferioan». Trumpen arabera, lehenbizi Latinoamerikan boterea sendotu behar da, eta, gero, mundura zabaldu.
AEBek, abenduaren 4an argitaratu zuten segurtasun nazionalerako estrategia berrian, berretsi egin zuten, batetik, Latinoamerikan lehen zeukaten eragin militarra eta komertziala berriz eskuratzeko asmoa eta, bestetik, James Monroe presidente ohiaren (1923) kanpo politika berriz ezartzeko erabakia: «Amerika amerikarrentzat». Testuaren arabera, «mendebaldeko hemisferioa ekonomikoki zenbat eta sendoagoa eta sofistikatuagoa izan, orduan eta merkatu erakargarriagoa da estatubatuarren komertziorako eta inbertsioetarako».

Halaber, zera jasotzen da estrategia horretan: «Saritu eta akuilatu egingo ditugu eskualde honetan gure printzipioekin eta estrategiarekin argi eta garbi bat datozen gobernu, alderdi politiko eta mugimenduak», gai direnak «eskualdean arrazoizko egonkortasun bat sustatzeko», eta legez kanpoko migrazioa geldiarazten eta kartelak desegiten laguntzen dutenak. Hori, gutxi-asko, begien bistan geratu zen iazko urrian, Trumpek 20.000 milioi dolarreko mailegu bat iragarri baitzuen Mileiren gobernua salbatzeko.
Atzeko patioa
«Nire ustez, jada ez dute zentzurik ez AEBek Amerikako hemisferioaz duten iruditeria geopolitikoak eta ez atzeko patioa esaten zitzaion hark», adierazi du Eduardo Tzili Apango irakasle mexikar eta geopolitikan adituak. «Oraingo hau zirkulu zentrokidez osatutako geopolitika bat da, zeinetan AEBekin duten hurbiltasun geografiko, ekonomiko eta sinbolikoak baldintzatzen duen Latinoamerikako herrialdeen autonomiarako eta dibertsifikaziorako estrategia». Ikertzailearen iritziz, Txina jada ez da eskualde horretako merkataritza lehiakide soila; horrez gain, AEBen politikaren alternatibaren eredu ere bada, eta horrek gauzak egiteko beste modu bat dakar.
Alde horretatik, «Venezuelan gertatzen ari dena ‘Washingtonen antsietate geopolitikoa’ deritzonaren isla da, hemisferioa bere arabera moldatzeko ahaleginaren isla. Nolanahi ere, jada ezin dute Txina hortik kanporatu, haren eragina murriztu baino ezin dute egin, Asiako herrialdea dagoeneko erabat sartuta baitago Latinoamerikan, merkataritzaren, azpiegituraren, finantzaketaren, teknologiaren eta lankidetza sinbolikoaren bidez».
«Venezuelan gertatzen ari dena ‘Washingtonen antsietate geopolitikoa’ deritzonaren isla da»
EDUARDO TZILI APANGO Geopolitikan aditua
Gaur egun Latinoamerikan zabaltzen ari den adar kontserbadoreak arrakastatsua izateko aukerarik ba ote duen galdetuta, Tzilik adierazi du arrakasta partziala eta mugatua duela. «Nahiz eta Latinoamerikako buruzagi kontserbadore ugari ideologikoki bat etorri AEBekin, ez dirudi horrek Txinarekin dituzten loturak, batez ere lotura ekonomikoak, haustea eragingo duenik». Bestalde, AEBek Ekialde Hurbilean jarri dute arreta luzaroan; horrenbestez, beste jokaleku batzuk abandonatu egin ditu, eta horrek aukera eman dio Txinari Latinoamerikan hedatzeko.
Tziliren iritziz, Latinoamerikako gobernu kontserbadoreak mendekotasun egoera konplexuen arabera dabiltza; izan ere, alde batetik, AEBak behar dituzte segurtasunerako eta finantzen mundurako, baina, beste aldetik, Txina behar dute garapen ekonomikorako, inbertsiorako eta munduan ondo kokatuta egoteko, eta «horrek nabarmen murrizten du estatubatuarren estrategiak arrakasta izateko aukera, Latinoamerikako elite kontserbadoreen sostengua behar duten heinean».