Munduan ikatz gehien erretzen duten bi herrialdeetan, Txinan eta Indian, beherakada bat izan da erregai horren errekuntzaren bidezko argindar sorkuntzan. Txina da, alde handiz, ikatz gehien erretzen duen munduko herrialdea —Nazioarteko Energiaren Agentziaren arabera, 4.952 megatona 2024an, munduko kontsumoaren %56,2—, eta 2025ean %1,6 apaldu da ikatza errez sortutako argindarra. Indian, berriz, murrizketa %3koa izan da —1.313 megatonako kontsumoa, %14,9ko merkatu kuota—. Energia eta Aire Garbiaren Ikerketa Zentroko Lauri Myllyvirta ikertzaileak egindako ikerketaren emaitzak dira; Carbon Brief hedabidean publikatu ditu.
Kopuru absolutuei begiratuta, murrizketa ia parekoa izan da bi herrialdeetan. Indian 2024tik 2025era 57 terawatt-ordu (TWh) gutxiago sortu dira ikatza erreta, eta Txinan, berriz, 58 TWh gutxiago. Datua are deigarriagoa da jakinda garapen betean dauden herrialdeak direla, India batez ere; 2024an Indian gutxi gorabehera %7 egin zuen gora barne produktu gordinak (BPG), eta Txinan, %5. Myllyvirtak azaldu duenez, bereziki esanguratsua da jaitsiera hori, Txinako eta Indiako argindar sektoreak izan baitira 2015etik 2024ra bitarteko karbono isurien gorakadaren %93ren erantzuleak.
Myllyvirtaren arabera, energia berriztagarria ekoizteko azpiegituren hedapenagatik lortu dute bi herrialde horiek ikatzaren errekuntza murriztea. Txinari dagokionez, ikertzaileak nabarmendu du murrizte hori argindar eskariaren hazkunde betean jazo dela, %5 egin baitu gora elektrizitatearen kontsumoak. Indian, berriz, argindar eskariaren hazkunde tasa murrizteak lagundu egin duela azaldu du. Myllyvirtaren esanetan, Txinan eta Indian ikatzaren errekuntzaren bidezko argindarra apaltzea «garai historiko» baten seinalea da, eta uste du mundu mailan karbono isuriek gutxinaka behera egiten lagunduko duela. 1973. urtetik bi herrialde horietan ez da apaldu ikatz errekuntzaren bidezko argindar sorkuntza, orain arte.
Gainontzekoak, gora
Txina da energia berriztagarrietan potentzia handieneko instalazioak jartzen ari den munduko herrialdea, alde handiz gainera: munduko gainontzeko herrialde guztietan batera bezainbeste hedatzen ari da energia mota hori Txinan. 2025ean, erregai fosilen errekuntzarik behar ez duten sistemen bidez sortutako argindarra 600 TWh handitu du; Indiak, berriz, 75 TWh inguru. Txinan, areagotu egin da ikatzaz gaindiko erregai fosilen bidezko argindar sorkuntza —petrolio bidezkoa, adibidez—, baina Indian horrek ere behera egin du.
Dena den, datu guztiak ez dira zehatzak. Azarora artekoak datu frogatuak dira, eta abendukoak, inkesta bidez lortutakoak.