Espainiako Poliziako eskopetari baten, inspektore baten eta bi inspektoreorderen kontrako epaiketa hasi dute gaur Bartzelonako Probintzia Auzitegian; Roger Españolek epailearen aurrean deklaratu du, poliziek 2017ko urriaren 1eko erreferendumean hiriburuko Ramon Llull eskolan egindako erasoen ondorioz begi bat galdu zuen hautesleak; gomazko pilota batek aurpegian jo zuen. Españolek ziurtatu du agenteak ez zeudela «arriskuan, inondik inora», eta «errepresalia» gisa egin ziotela tiro, polizien esku hartzea eragozten saiatzeagatik.
Españolek hamahiru urterainoko kartzela zigorra eta inhabilitazioa eskatu zituen iaz lau agenteentzat, zeinek ez baitzuten amnistiarik jaso, ezinbesteko organo baten kontrako lesio delitua leporatzen dietenez gero —auzitegiak iazko martxoan hartu zuen erabaki hori, «nahikoa kriminaltasun zantzu» zeudela iritzita—. 320.632 euroko kalte ordaina ere eskatu du.
Auzi saioan, Españolek azaldu du «indarkeriarik gabeko» eserialdi bat egin zutela Poliziaren furgonetei igarotzea galarazteko edo behintzat operazioa atzerarazteko, eta agenteek borrekin jo zituztela. Ondoren, aitortu du «amorruz» bi hesi bota zituela, inor ez zuela jo, baina ostikoz jo zuen beste hesi batekin agente bati eman ziola.
Poliziak tiro egiten ari zirela, gomazko pilota batek Español jo zuen; polizia indarkeriaren biktimak adierazi du ez zuela uste agenteak halako pilotak erabiltzen ari zirenik: «Oso presente nuen Ester Quintanaren kasua». 2012ko azaroaren 14ko greba orokorrean, begia galdu zuen Quintanak, mossoek gomazko pilota batekin jo baitzuten; Kataluniako Parlamentuak hurrengo urteko abenduan debekatu zuen mossoek gomazko pilotak erabiltzea, baina erabakiak ez die eragiten Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari, esate baterako.