Udal bozetan porrot handia jasan, eta Londres galdu dute laboristek

Lehen ministroak Londresko gobernuaren politikaren ondorioei egotzi die beherakada

2008ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Ingalaterrako udal hauteskundeetan berriz jaitsi egin da Alderdi Laborista, Alderdi Kontserbadorearen (tory-ak) eta Liberal Demokraten onerako. Herenegun eginiko bozen emaitzak jakinarazi zituzten atzo, eta, haien arabera, azken 40 urteetako okerrenak izan ditu Gordon Brown lehen ministroaren alderdiak. 209 zinegotzi eta hiru udalen kontrola galdu dituzte laboristek, horien artean nabarmenena hiriburuarena, Londresena, atzo iluntzeko datuen arabera. Zortzi urtez alkate izan den Ken Livingstone laborista kritikoak kargua galdua zuela zioten atzoko datuek, tory-en hautagai Boris Johnsonen mesedetan. Emaitzak ikusita, «atsekabetuta» dago Brown, eta porrotetik «lezioak ikasi» egingo dituela azaldu du. Alderdi Kontserbadoreko buru David Cameronentzat, aldiz, «alderdirako une ederra» izan da.

Tony Blairren lekukoa hartu zuenetik urtebete igaro gabe izaki, kolpe handia jaso du Brownek hauteskunde hauetan. 1995ean orduko lehen ministro John Majorrek (kontserbadorea) jasan zuenarekin alderatu dute adituek. Handik bi urtera galdu zituzten kontserbadoreek Erresuma Batuko hauteskunde orokorrak. Datozen boz orokorrak 2010erako dira beranduenez egitekoak.

BBC katearen kalkuluen arabera, Ingalaterrako eta Galesko udal bozen datuak Erresuma Batura-Eskozia eta Irlanda iparraldearekin osatzen dute estatua herrialde horiek- estrapolatuz gero, laboristak hirugarren geratuko lirateke, %24rekin, liberal demokraten (%25) eta tory-en (%44) atzetik.

Ingalaterrako udal bozetan jokoan ziren 137 udalen %11,67 lortu dituzte laboristek; kontserbadoreek lortutako %45,9etik oso atzean, eta liberal demokraten %8,75en aurretik. Parte-hartzea %35 ingurukoa izan da. Tory-ek 63 udal lortu dituzte, duela lau urte baino 11 gehiago, eta 2.981 zinegotzi (194 gehiago); laboristek hamasei udal (hiru gutxiago) eta 2.024 zinegotzi (209 gutxiago), liberal demokratek hamabi udal (bat gehiago) eta 1643 zinegotzi (hamahiru gehiago). Beste alderdiek -Berdeak, Etxejabeen Elkartea, BNP Alderdi Nazional Britainiarra eta beste- ez dute udalik eskuratu, bai, ordea, 515 zinegotzi (bat gutxiago).

Londresen kasuan, hura osatzen duten hamalau udalerrien zenbaketarekin zebiltzan atzo gauean, eta udalerri gehienetan,aurretik zihoan Boris Johnsonen hautagaitza kontserbadorea. Hiriburuko parte-hartzea %45ekoa izan zen, duela lau urte baino %20 handiagoa.



PORROTAREN ERRUA, «EKONOMIARI». Hiriburutik landa, kontserbadoreek Southampton (ezustean), Maidstone, North Tyneside eta Harlow, besteak beste, irabazi zituzten, eta Colchester eta Coventry galdu. Laboristek, besteak beste, Reading eta Northumberland galdu, eta Durham irabazi zuten. Liberal Demokratei dagokienez, Burnley eta Saint Albans eskuratu, eta Liverpool galdu zuten.

Horiek hala, emaitza txarren erruaren zati bat «zirkunstantzia ekonomiko zailei» egotzi die Brown lehen ministroak. Haren hitzetan, arazo ekonomikoei aurre egiteko bere kabineteak hartutako neurriak «argi» ikusiko dira datozen hilabeteotan. «Buruzagitzaren proba ez da arrakasta garaietan gertatzen dena, egoera zailetan gertatzen dena baizik».

Edozein modutan, kontserbadoreen buruzagiak, David Cameronek, argi utzi nahi izan du bozetako garaipenaren meritua ez zaiola osorik Gobernuan den alderdiaren akatsei egotzi behar.

Laboristen porrotari gehitu behar zaio alderdiak berriki izendatutako idazkari nagusiak jakinarazi duela ez duela kargua hartuko. David Pitt-Watson -Brownen gertukotzat jotzen dute- kargurako izendatua zuten, Peter Wattek dimisioa eman ondotik. David Abrahams enpresaburuak alderdiari emandako diruaren inguruko eskandaluagatik utzi zuen kargua Wattek.



Galesen behera egin du Alderdi Laboristak

Lehen ministroak Londresko gobernuaren politikaren ondorioeiegotzi die beherakada
j.m.s.

Galesen beherakada nabarmena izan du Alderdi Laboristak herenegun eginiko udal bozetan. Oraindik ere alderdi nagusia izan arren, sei udalen kontrola eta 122 zinegotzi galdu ditu; bi udalen kontrolarekin eta 344 zinegotzirekin geratu da. Alderdi Kontserbadoreak udal kopuruan laboristekin bina berdinduta -udal bat gehiago eskuratuta- geratu bada ere, Plaid Cymru alderdi abertzalea da oraindik zinegotzi kopuruan bigarrena, 207 erdietsi baititu (33 gehiago).

Alta, nazionalistek zeukaten alkatetza bakarra, Gwyneddekoa, galdu egin dute. Kontserbadoreek 173 zinegotzi lortu dituzte, lehen baino 62 gehiago. Tory-ek oso gertutik dituzte liberal demokratak, 162 zinegotzirekin (21 gehiago), baina horiek alkatetzarik gabe daude oraindik. Hemezortzi udal geratu dira gehiengo absoluturik gabe, aliantzen jokuaren zain.

Emaitzen aurrean, kexatu egin da Galesko lehen ministro eta Alderdi Laboristako buru Rhodri Morgan; haren ustez, boto-emaileek ez dutelako Londresko gobernuaren politika eta Galeskoa bereiztu. «Kredituen eta [Ingalaterrako] Northern Rock bankuaren krisitik berri txar ugari egon dira ekonomia arloan. Guri egotzi digute errua, nahiz eta kontu horiek gure esku ez egon».

Plaid Cymruk alkatetza galtzearen arrazoiak talde politiko berri bat, Llais Gwynedd (Gwynedden Ahotsa), lehiatu izanarekin du zerikusia. Halere, normalean ondo aritu izan ez diren beste toki batzuetan igo dira abertzaleak, baita Cardiff (Caerdydd) hiriburuan ere.

Hain zuzen ere, Plaid Cymruk, tory-ek eta Liberal Demokratek hartu dituzte hiriburuan laboristek galdutako eserlekuak. Liberal Demokraten buru Rodney Berman izan da hiriburuan nagusi, bere eserlekua eta beste 34 ziurtatuta. Dena den, bere alderdiak ez du gehiengo osoa erdietsi.

Galesko bigarren hirian, Swansean (Abertawe), laboristek segitzen dute nagusi, 72 eserlekuetatik 30 berenganatuta, baina badirudi berriz ere koalizio batek gobernatu beharko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.