Uhartea batzearen aldeko hautagaiak irabazi ditu hauteskundeak Zipre turkiarrean

Tufan Erhurmanek irabazi ditu Ipar Zipreko Turkiar Errepublikako hauteskundeak.

Tufan Erhurman atzo, Nikosian, hauteskundeak irabazi osteko ekitaldian. BIROL BEBEK / EFE
Tufan Erhurman atzo, Nikosian, hauteskundeak irabazi osteko ekitaldian. BIROL BEBEK / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2025eko urriaren 20a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Presidentetzarako hauteskundeak egin zituzten atzo Ipar Zipreko Turkiar Errepublikan, eta Tufan Erhurmanek jaso zuen boto gehien, orain arte oposizioko burua izandakoak. Zipre batzearen aldekoa da Erhurman, eta bozen %64 lortu zituen. Beraz, presidentea izango da jada, bigarren itzuliaren beharrik gabe. «Zipre iparraldeko herriak erakutsi du ez gaudela banatuta. Anaitasuna nagusitu da. Presidente gisa, berdintasunaren eta askatasunaren zaindaria izango naiz», adierazi zuen emaitzak jakin ostean.

Zentro-ezkerreko Alderdi Errepublikano Turkiarraren buru da Erhurman. Aldiz, beste hautagai nagusia Ersin Tatar zen —turkiar nazionalista eta eskuindarra—, zeinak bozen %36 lortu zituen. Tatar zen Ankararentzat Zipre turkiarrerako hautagai gustukoena, eta bi estatuen irtenbidea defendatzen du. Hau da, uhartea behin betiko banatzearen aldekoa da.

«Zipre iparraldeko herriak erakutsi du ez gaudela banatuta. Anaitasuna nagusitu da. Presidente gisa, berdintasunaren eta askatasunaren zaindaria izango naiz»

TUFAN ERHURMAN Ipar Zipreko Turkiar Errepublikako presidentea

Zipre Mediterraneo itsasoan dagoen irla bat da, eta 1974tik dago politikoki zatituta —50 urte baino gehiago—. Urte hartan, turkiar tropek uhartearen iparraldea inbaditu zuten, irlan zeuden greziar nazionalisten estatu kolpeari erantzunez. Geroztik, bitan banatuta dago Zipre: hegoaldean Zipreko Errepublika (Zipre greziarra), eta iparraldean Ipar Zipreko Turkiar Errepublika (Zipre turkiarra). 1983. urtean aldarrikatu zuen zati turkiarrak bere independentzia, nahiz eta ordutik ez duen nazioartetik aitortzarik jaso.

Turkiak bakarrik aitortzen du Zipre turkiarra estatu gisa. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Tatarren alde egin du hauteskundeetan. 2020an ere jokabide hori izan zuen, eta urte hartan Erdogani leporatu zitzaion bozetan esku hartu izana eta Tatarren garaipenean eragin izana. Atzoko hauteskundeak galdu ostean ere, Tatarrek eskerrak eman zizkion Ankarari: «Oso eskertuta nago nire ama aberriari, Turkiari».

Zipre iparraldea Turkiaren oso menpekoa da gaur egun, bertan tropak ditu Turkiak, eta bertara itsasoz edo airez iristeko, nahitaezkoa da Turkiatik abiatzea. Ipar Zipreko Turkiar Errepublikak uharte osoaren azaleraren heren bat hartzen du. Gainontzeko bi herenak Zipreko Errepublikarenak dira, zeina Europako Batasunaren parte den 2004tik, eta euroa duen dibisa gisa.

Hauteskundeetako emaitzak NBE Nazio Batuen Erakundearen interesen aldekoak izan dira oraingoan. Bada, erakundeak duela urte batzuetatik geldirik dauden bateratze negoziazioak babesten ditu. Joan den irailean azaldu zuen, hauteskundeen ostean, Zipreko greziarren eta turkiarren arteko elkarrizketari berriz ekiteko asmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.