EUROPAKO BATASUNA

Ukraina eta Moldavia EBko kide bihurtzeko negoziazioak hasteko gomendatu du Bruselak

Europako Batzordeak uste du talde komunitarioan sartzeko zuzenbide estatuan eskatzen zaizkion erreformetan aurrerapausoak eman dituztela bi herrialdeek.

Von der Leyen eta Zelenski Kieven, aurreko larunbatean. EFE
Igor Susaeta.
2023ko azaroaren 8a
11:49
Entzun

Europako Batzordeari iruditzen zaio Ukrainak eta Moldaviak aurrerapausoak eman dituztela EB Europako Batasunean sartzeko eskatzen zaizkien erreformetan, ahaleginak egiten ari direla horretarako, eta, hortaz, Europar Kontseiluari gomendatu dio has ditzala negoziazioak biak talde komunitarioko kide bihurtzeko. Urtero bezala, gaur batzordeak txosten bat kaleratu du azaltzeko nola dauden EBn sartzeko asmoa duten herrialdeen prozesuak, eta beste berritasuna da kontseiluari aholkatu diola Georgiari hautagai estatusa eman diezaiola, betiere eskatu dizkioten erreformak egiten baditu —Tbilisik iazko martxoan eskatu zuen kide bihurtzea—. Bruselak, horrenbestez, klubean nahi ditu Errusiaren orbitapekoak izandako herrialdeak.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak adierazi du, sare sozialetan, «pauso historikoa» dela Bruselak emandakoa. «Ukrainak erreformak egiten jarraitzen du, eta Europar Kontseiluaren erabakiaren zain geratzen da». Dorin Recean Moldaviako lehen ministroa ere pozik agertu da sare sozialetan. «EB elkarte bat baino gehiago da. Familia bat da, eta guk horretako kide izan nahi dugu. Gogor jarraituko dugu lanean».

Klubeko gobernuburuei eta estatuburuei dagokie negoziazio proposamenei onespena ematea, eta datorren abenduaren 14an eta 15ean egingo dute hurrengo Europar Kontseilua. Edonola ere, batzordeak gomendatu dio kontseiluari «negoziaziorako esparrua» ezar dezala Ukrainak eta Moldaviak «funtsezko neurri jakin batzuk» martxan jarri eta gero. Bruselak konpromisoa hartu du 2024ko martxorako, beranduenez, neurri horiekin loturiko aurrerapausoei buruzko informazioa emateko talde komunitarioko buruei. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Oliver Varhelyi Zabalkunderako komisarioak aurkeztu dute txostena —1.200 orrialde inguru ditu—, eta Von der Leyenek azpimarratu du kontseiluak abenduan bertan hartu ahal izango duela bi herrialdeekin elkarrizketak abiatzeko «erabaki politikoa».

Von der Leyenen esanetan, eskatu zaizkion erreformen %90 baino gehiago bete ditu Ukrainak. Izan ere, administrazioak EBko estandarretara egokitzeko, zuzenbide estatuan aldaketak egiteko exijitzen die Bruselak kide izan nahi dutenei. Txostenean jaso dute Ukrainak «nahikoa» urrats egin dituela bide horretan. Iazko otsailaren 24an Errusiak Ukrainako inbasioa hasi eta bost egunera aurkeztu zuen Kievek EBn sartzeko eskaria, eta ekain hartan hautagai estatusa eman zieten Ukrainari eta Moldaviari.

Erreformak zazpi esparrutan egiteko eskatu zion batzordeak Kievi —Moldavia bederatzi eremutan ari da egiten—, eta gaur Bruselan egindako agerraldian zehaztu dute eremu horietan denetan «aurrerapauso esanguratsuak» eman dituela. Eremu horiek dira prentsa askatasunaren legea; justizia organoen egokitzapena; Auzitegi Konstituzionala erreformatzea; kapitala zuritzearen aurkako neurriak ezartzea; ustelkeriaren aurka borrokatzea; oligarken gehiegizko eraginak arintzea; eta gutxiengo etnikoak babestea.

Ikusi gehiago: Ukrainari eta Moldaviari EBn sartzeko hautagai estatusa eman diete

Hain zuzen, testuan jasota dago alderdi batzuk «zintzilik» daudela gutxiengoen legean, batik bat hungarierak, errumanierak eta errusierak hedabideetan eta hezkuntzan eduki beharko luketen lekua. Ukrainan, herrialdearen hego-mendebaldean batez ere, errumaniarren eta hungariarren komunitateak daude.

Ikusteko dago Hungariak eta Errumaniak horri dagokionez zer jarrera hartuko duten hurrengo Europar Kontseiluan. Erabakiak aho batez onartzen dituzte organo horretan, eta Viktor Orbanek esan izan du Ukrainaren prozesua blokeatzeko prest dagoela, iritzita Kiev «hungarierafoboa» dela.

Prozesu luzeak

Keinu politiko bat izan zen, iazko ekainean, Errusiaren inbasioaren ondoren, Ukrainari hautagai estatusa ematea, eta batzordearen gomendioak erabaki hura indartu du. Aintzat hartu behar da, gainera, ia urte eta erdi baino gehiago pasatu dela Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, fronteko lerroak ez atzera ez aurrera daudela, eta, Israelek Gazan hasitako setioaren ondorioz, Ukrainako gatazka bigarren planora igaro dela. Gainera, EB eta Ukraina beldur dira AEBek ez ote duten azken urte eta erdian emandako laguntza militarra gutxituko; AEBetako Kongresuak onartutako azken aurrekontuak, gutxienez, ez du jasotzen Ukraina babesten segitzeko diru sailik.

Ikusi gehiago: Ukrainako Defentsa ministroak dimisioa eman du

Ukrainak, bien bitartean, Bruselak eskatutako etxeko lanak egiten jarraitu du, baita horiekin lotutako erabaki esanguratsuen berri ematen ere. Esaterako, aurreko urtarrilean Defentsa Ministerioan gertatutako ustelkeria kasu batzuk azaleratu ondoren, Oleksii Reznikov Defentsa ministroak dimisioa eman zuen irail hasieran.

Orain arte, inoiz ez da gertatu EBk kide izateko negoziazioak hastea gerran dagoen herrialde batekin. Dena den, behin hasita, prozesu horrek urteak iraun dezake. Montenegro negoziatzen ari da 2012tik, Serbia 2014tik, Albania 2018tik, eta Ipar Mazedonia iaztik. Turkia kide izateko negoziazioak, bestalde, 2005ean hasi zituzten, baina etenda daude 2016tik. Kosovok aurreko urtean eskatu zuen kide izatea. Bosnia eta Herzegovinak hautagai estatusa du iaztik, eta bada berritasunik haren prozesuaren inguruan, batzordeak gomendatu baitio kontseiluari herrialde horrekin kide izateko negoziazioak hastea, «horretarako irizpideak behar adina» betetzen dituenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.