Gerra Ukrainan

Ukraina militarki babesteko orduan arrakalak handituko direla pentsatzen du Errusiak

Kremlinek esan du «babes absurdoak eragindako nekea» areagotu egingo dela «askotariko herrialdeetan». Bruselak Kiev laguntzeko konpromiso «argia» du

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea eta Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburua elkarri bostekoa ematen Kieven, herenegun. EFE.
Igor Susaeta.
2023ko urriaren 03a
00:00
Entzun
Batasun irudi bat eman nahi izan zuen atzo EB Europako Batasunak, hain zuzen, talde komunitarioko estatu kideetako Atzerri ministroek Kieven egindako ezohiko bileran. Josep Borrell EBko diplomaziaburuak nabarmenduzuen klubak Ukrainarekin duen konpromisoa «argia» dela eta «alor guztietan» lagunduko diola. Jakinarazi zuenez, datozen urteetan Kiev militarki sostengatzen jarraitzeko plan bat ere aurkeztu zion Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari. Baina batasun horrek baditu arrakalak. Hungaria laguntza militarra ematen segitzearen aurka agertu izan da sarri; Polonia haserre dago Ukrainarekin zerealen auziarengatik; eta Eslovakiak, orain, ez dio armarik eman nahi Kievi. Horri gehitu AEBetako Kongresuak onartu duen azken aurrekontutik kanpo utzi dituela Ukrainari laguntza militarra emateko diru sailak. Horiek horrela, Errusiak uste du Mendebaldean handitu egingo direla Ukraina militarki babesteko orduan sortutako arrakalak.

Hori azpimarratu zuen atzoDmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak egunero egin ohi duen agerraldian. Garrantzia kendu zion AEBetako bi ganberen erabakiari, irudituta «behin-behineko fenomeno bat» dela. «Gatazkan nahasita jarraituko dute AEBek». Ohartarazi zuen, dena dela, «Kieveko erregimenari emandako babes absurdoak eragindako nekea» areagotu egingo dela «askotariko herrialdeetan», baita AEBetan ere. Jada ia hogei hilabete pasatu dira Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik.

Washington izan da Kieven sostengu nagusia. 45.000 milioi dolar inguru —42.500 milioi euro— gastatu ditu hura militarki laguntzen, baina oraingoz, behintzat, laguntzaren iturria itxi du. Shutdown-a, administrazioaren itxiera, eragozteko aurrekontua onartu zuen Kongresuak larunbat gauean, eta modu horretan instituzio federalak finantzatuko dituzte azaroa erdialdera arte.

Onartutakoak ez du jasotzen Ukraina babesten segitzeko diru sailik. Horrenbestez, herenegun, Joe Biden AEBetako presidenteak agerraldi bat egin zuen Zelenski lasaitzeko. «Ez zaituztegu abandonatuko». Gaineratu zuenAEBek «inondik inora» ezin dutela eten Ukrainari emandako laguntza. Etxe Zuriko maizterraren hitzetan, Kongresu kide errepublikanoek esana daukate Kiev laguntzearen alde egingo dutela beste bozketa batean. «Espero dut haien hitza betetzea». Jokabide horrekin bat egiten duten Kapitolioko kideek, izan errepublikanoak izan demokratak, adierazi dute diru sailen proposamen bat aurkeztuko dutela datozen egunetan; xehetasunik eman gabe, ordea.

Donald Trumpek defendatzen dituen tesiekin bat egiten duen errepublikanoen multzo bat ari da trabak jartzen. Joan den astean, adibidez, eragotzi zuen Kongresuak bozkatzea Etxe Zuriak Ukrainari laguntza militarrean eman nahi dizkion 24.000 milioi dolarrei buruz —22.500 milioi euro—. Kongresuko kide errepublikano eta demokrata gehienak daude babesaren alde, baina azken egunetan gertatu denak joera baten berri ematen du. Beste adibide bat: Matt Gaetz errepublikanoak Ordezkarien Ganberan aurkeztu zuen proposamen bat, eskatuz guztiz debekatzea Ukrainari emandako laguntza militarra. Aurreko ostiralean, kontrako 300 boto jaso zituen, eta aldeko 93 —denak, errepublikanoak—; duela bi hilabete pasa, gutxiago izan ziren proposamen horrekin berarekin bat egin zuten behe ganberako kideak: 70.

«Bala bakar bat ere ez»

Zer gertatzen ari den ulertzen ahalegintzeko orduan, aintzat hartu behar da hurrengo urteko azaroan presidentetzarako hauteskundeak egingo dituztela AEBetan. Kongresuaren erabakiak gorabehera, halere, Ukrainak uste du ez dutela kezkatzeko motiborik. Dmitro Kuleba Atzerri ministroak atzo Kieven esan zuen ez dutela sentitzen Washingtonen babesa «hautsi» denik. «Esango nuke Ukrainan jokoan dagoenak ez diola soilik Ukrainari eragiten». Bidenekin eta Kongresuan errepublikanoek zein demokratek dituzten liderrekin bildu zen Zelenski, duela bi aste, eta ohartarazi zien laguntza militarra eteten badute Ukrainak gerra galduko duela, eta horrek eragingo diola AEBek defendatzen duten munduko ordenari.

Antzeko mezu bat plazaratu zuen Ukrainako presidenteak atzo EBko Atzerri ministroen aurrean. Adierazi zien Ukrainak«irabaziko» badu Europarekin «elkarlanean» arituta beharko duela. Borrellek jakinarazi zuen gero, prentsa agerraldian, Ukrainari eskaini diotela datorren urtean 5.000 milioi euro ematea laguntza militarrean, eta espero duela urtea amaitu aurretik Kievekin horri buruzko akordio bat egitea. Kieven atzo egindakoa da klubeko Atzerri ministroek EBtik kanpo egindako lehen bilera.

Talde komunitarioan eztabaidatzen ari dira, zenbait hedabidek hango iturriak aipatuz kaleratu dutenez, «segurtasunerako konpromiso» hori 2027ra arte luzatzea, eta horretarako 20.000 milioi euroko diru sail bat onartzea.

Ez dirudi Eslovakia horren alde egongo denik. Robert Fico lehen ministro izandakoaren (2006-2010 eta 2012-2018) alderdiak irabazi zituen legebiltzarrerako bozak larunbatean, eta Ficok kanpaina bukaeran nabarmendu zuen Ukrainari ez diola «bala bakar bat ere» entregatuko. «Bakea da irtenbide bakarra». Errusiaren aldeko adierazpenak egin izan ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.