Gerra mugetatik at ere hedatu ohi da. Ostiralean, Errusiaren misil batzuk Polonian erori baziren; atzo, are eta urrunago utzi zituen ondorioak Ukrainako gatazkak. Bengaziko portuan, Libiako ekialdeko kostaldean, erasoak egin zituen Ukrainako armadak Errusiako bi ontziren aurka. Gaur Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak bere gain hartu du operazio hori, eta esan Errusiak abiarazitako gerrari emandako erantzun «eredugarri» bat izan dela. Gertatutakoa ikertzeko agindu du NBE Nazio Batuen Erakundearen Libiarako misioak.
Zelenskik sare sozialetan jarritako mezu batean azaldu duenez, Ukrainako armadak zazpi drone erabili zituen eraso horietarako. Errusiako armadaren Mercury gerraontzia hondoratu egin zuten, baita ontzi horretan zegoen helikoptero bat ere. Ukrainako presidenteak esan duenez, Errusiako armadaren ontzi berrienetako bat da, 2023an martxan jarritakoa. Bestetik, MV Angara zamaontziari ere egin zioten eraso. Zelenskiren arabera, Moskuk armak garraiatzeko erabiltzen zuen itsasontzi hori.
Zelenskik erasoa bere gain hartu baino lehen, Errusiak Libian duen enbaxadore Aidar Aganinek Kiev egin du Mercury gerraontziaren aurkako erasoaren erantzule. Gaineratu duenez, ontzia erregaia hartzeko geldialdi bat egiten ari zen Bengaziko portuan.
Libia ekialdeko gobernuak, LNA Libiako Armada Nazionalaren aldeko koalizioaren kontrolpean dagoenak, erasoa gaitzetsi du, eta NBEri eskatu dio gertatutakoa ikertzeko eta erantzuleen aurkako neurriak hartzeko. Gainera, aditzera eman du posible dela Ukrainak Libiako mendebaldeko gobernuaren —NBEk aitortzen duena— instalazio militarrak erabili izana erasoaldi hori egiteko.
Geroago iritsi da UNSMIL NBEren Libiarako misioaren erantzuna. Salatu du Kieven erasoak Libiaren subiranotasuna urratu duela eta, horrelako eraso gehiago gertatu ez daitezen, berehala ikerketa bat abiarazteko agindu du.
Kieven hildakoak, gehiago
Moskuk ere eraso egin zuen atzo Ukrainaren aurka; hain justu, Kiev eskualdean. Dimer herrian, bost pisuko etxebizitza bloke bat jo zuen Errusiako armadak. Lehen zenbaketen arabera, sei ziren hildakoak. Gaur, ordea, hildakoen kopurua berritu dute, eta jada 11 dira Timur Tkatxenko Kiev eskualdeko gobernadoreak Telegramen jakinarazi duenez. Handik ez oso urrun, Vixneve herrian, beste bi pertsona hil zituen Moskuk, irekita zegoen supermerkatu baten aurka egindako erasoan.