Ukrainako armadak areagotu egin ditu Errusiaren azpiegitura logistikoen aurkako bonbardaketak. Azken orduetan, Kieven droneek Wildberries merkataritza elektronikoko konpainiaren beste zentro bati egin diote eraso —Moskutik 150 kilometrora—. Gainera, gutxienez zazpi lagun hil eta hogei zauritu dira zenbait probintziatan goizaldean izandako leherketetan. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak uztail amaieran adierazitako helburuarekin bat dator erasoaldien gorakada: «Gerra Errusiara itzularazten ari gara».
Vladimir eskualdeko erdialdean kokatutako biltegi baten aurkako erasoak sute bat piztu du instalazio horietan, eta langileak premiaz aterarazi behar izan dituzte. Alexandr Avdeev tokiko gobernadoreak jakinarazi du eraso horren ondorioz gutxienez hiru pertsona zauritu direla. Wildberries logistika sarearen aurka —Errusiako Amazon esaten diote konpainia horri— Ukrainak azken asteetan egindako hamazortzigarren erasoa izan da gaurkoa. Uztailaren erdialdetik aurrera, Kieven jopuntu izan dira Khriastovo, Novosemeikino, Sarapul, Riazan eta Shushari hirietako biltegi handiak.
Ukrainako Gobernuak argudiatu du biltegiak «helburu militar legitimoak» direla. Enpresa horiek «azpiegitura zibil gisa» aurkezten badituzte ere, osagai teknologikoak, droneak ekoizteko piezak eta defentsarako tresnak Errusiako armadara bidaltzeko erabiltzen dituztela adierazi du Kievek. Kremlinek, berriz, ukatu egin du plataforma hori hornikuntza militarretarako erabiltzen dela.
Logistika sarearen aurkako erasoez gain, eroritako droneen hondakinek eta bonbardaketek biktimak eragin dituzte Errusia hegoaldean eta Ukrainako mugan dauden eskualdeetan.Â
Krasnodar eskualdean, eroritako drone baten hondakinek hiru pertsona hil dituzte eta beste hamahiru zauritu, tartean zenbait adingabe. Veniamin Kondratiev gobernadoreak zibilen aurkako «tragedia» gisa deskribatu du gertatutakoa.
Sergei Aksionov Krimeako buruzagiak adierazi duenez, eskualdean gutxienez hiru pertsona hil eta beste bi zauritu dira gauez egindako bonbardaketa baten ondorioz.Â
Belgorod eskualdean 94 eraso baino gehiago izan dira azkeneko 24 orduetan. Aleksander Shuvaev gobernadoreak jakinarazi du lau pertsona hil direla —tartean adingabe bat— Valuiskin eta Graivoronskin, eta beste hamazazpi zauritu direla. Briansk probintzian, berriz, gutxienez zortzi lagun zauritu dituzte, Iegor Kovaltxuk gobernadorearen arabera.
Frontea Errusian zabaltzeko estrategia
Erasoaldi horiek Ukrainak ezarritako gerra estrategia berriaren isla dira. Kievek helburu argia duela adierazi du: Errusia barrualdea ezegonkortzea eta logistika militarrari laguntzen dion azpiegitura ekonomiko eta industriala suntsitzea. Zelenskik adierazitakoaren arabera, helburua Errusia osoan «gerra bertatik bertara» sentiaraztea da; hori baita, haren ustez, fronte nagusietako presioa arintzeko eta Mosku estrategikoki ahultzeko «bide bakarra».