Ukrainak ez du AEBen abisurik jaso, eta Errusiak berriz bonbardatu du Kiev

«Ukrainari aireko defentsarako misilen bidalketak blokeatu dizkiote, eta Errusiari zigorrak arindu», salatu du Zelenskik.

Errusiaren eraso batek kalte egindako komertzio bat gaur, Kieven. SERGEY DOLZHENKO / EFE
Errusiaren eraso batek kalte egindako komertzio bat gaur, Kieven. SERGEY DOLZHENKO / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko urriaren 19a
14:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Errusiak misil balistikoekin egin digu eraso beste behin eta, beste behin, gure aliatuek ez digute abisurik eman», idatzi du gaur goizean Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak sare sozialetan. Errusiako armadak hiru erasoaldi egin ditu gaur goizaldean Kieven; gutxienez pertsona bat hil du, eta beste zortzi zauritu. AEBak eta Ukraina tentsio betean dabiltza azken egunetan; Kievek Errusiaren aldera egitea leporatu dio Etxe Zuriari. «Ukrainari aireko defentsarako misilen bidalketak blokeatu dizkiote, eta Errusiari zigorrak arindu», salatu du gaur Zelenskik.

Iragan astean iragarri zuen Donald Trump AEBetako presidenteak Errusiari zigorrak arinduko zizkiola; horrela, Moskuk diesela esportatu ahal izango du, eta, Trumpen arabera, erregaien prezioak merkatuko dira. Gainera, bart Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak ziurtatu zuen 60 egunez blokeatu dituztela Errusiari ezarri behar zizkioten zigor berriak. Azken egunetan, tentsioa areagotu da AEBen eta Ukrainaren artean. Izan ere, Kievek salatu du AEBak oztopatzen ari direla Ukrainako armadak erabiltzen duen satelite bidezko sistema, eta, gainera, adierazi du aireko defentsarako misilak ez dizkietela bidaltzen.

Duela astebete pasa, Trumpek iragarri zuen azpiegitura energetikoen aurkako erasoak etengo zituztela Ukrainak eta Errusiak. Ez alde batek eta ez besteak, ordea, ez zuten menia hori berretsi, eta elkarri eraso egiten jarraitu dute. Atzo, esaterako, Ukrainako armadak San Petersburgoko petrolio findegi bat jo zuen, eta sute bat eragin. Kremlinek «gerra amaitu nahi ez izatea» Leporatu zion Kievi.

San Petersburgoko petrolio findegi bat sutan, atzo, Ukrainak eraso egin ostean. EFE
San Petersburgoko petrolio findegi bat sutan, atzo, Ukrainak eraso egin ostean. EFE

Gaur, bestalde, Mosku izan da Kiev bonbardatu duena. Eta energia azpiegiturak ere izan ditu jomugan. Zelenskik jakinarazi duenez, gisa horretako erasoak egin dituzte, besteak beste, Vinnitsia, Volin, Kirovohrad, Mikolaiv, Zhitomir, Khmelnitski, Kharkiv, Ternopil, Odesa, eta Rivne eskualdeetan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA