Ukrainak hiru eskolari eta hamazazpi haurtzaindegiri egin die eraso Errusian

Errusiako armadak lagun bat hil du Kieven egindako eraso batean.

Pertsona bat Errusiaren menpe dagoen Kherson eskualdeko Olexki hirian. EFE
Pertsona bat Errusiaren menpe dagoen Kherson eskualdeko Olexki hirian. EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko urriaren 30a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kievek «deliberamenduz» egindako eraso bat salatu du gaur Moskuk. Hain zuzen, salatu du hiru eskolaren eta hamazazpi haurtzaindegiren kontra «artefaktu lehergarri mordoa» jaurti dituztela Briansk hiriko barruti batean; horren berri eman du izen bera duen eskualdeko gobernadoreak, Jegor Kovaltxukek, Max Errusiako mezularitza aplikazioaren bidez. Ukrainarekin muga egiten du Briansk eskualdeak, eta muga egiten duten beste hainbat eskualderen kontra bezala, Kievek irismen laburreko droneekin-eta egin du haren kontra.

«Larrialdi zerbitzuak beharrean ari dira, minak kentzen», jakinarazi du gobernadoreak, eta erantsi zenbait kale itxi egin behar izan dituztela. Gidatzen zihoan emakume bat ebakuatu egin behar izan dute, baina ez dute esan biktimarik edo zauriturik izan den erasoen ondorioz.

Halaber, Errusiako armadak jakinarazi du Ukrainako armadak jaurtitako mila drone pasatxo eraitsi dituztela bart iluntzetik gaur goizaldera arte, eta horietako gehienak Mosku zutela helburu.

Horri lotuta, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak sare sozialetan adierazi du Zaporizhiako zentral nuklearreko langile bat hil zela atzo, drone bidezko eraso batean. 2022ko martxoaz geroztik Errusiak kontrolpean du zentral hori.

Ukrainako armadak Telegram bidez adierazi du gutxienez pertsona bat hil dela bart Kieven, Errusiak misil balistikoekin egindako eraso batean. Gainera, Errusiak Ukraina ekialdeko Dnipro hiriko tren geltoki bat bonbardatu zuen atzo, eta jada hamabost dira eraso horretan hildakoak, tokiko agintariek jakinarazi dutenez. Egun bateko dolua ere ezarri dute hirian.

«Zenbait oligarka errusiarri eta Errusiako energia sektoreari zigorrak kendu eta gero, zenbat eraso terrorista egin ditu Errusiak gure herritarren kontra, erasoak eten beharrean?», galdetu zuen atzo Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, Dniproren kontrako erasoa gertatu ostean. Izan ere, irailean, Ameriketako Estatu Batuek bertan behera utzi zituzten Errusiako dieselaren kontrako zigorrak, eta Europako Batasunak zigorrak kendu zizkien bi oligarkari.

Bestalde, Kiev eta Mosku laguntza humanitarioa banatzen hasi dira gaur Ukrainako Kherson eskualdeko Olexki hirian, zeina Errusiak daukan okupatuta 2022ko otsailean Ukrainaren kontrako inbasioa hasi zuenez geroztik. Izan ere, hilaren hasieran Ukrainak salatu zuen erasoen eta Errusiako armadaren blokeoaren ondorioz 2.000-3.000 lagun inguruk ezin zutela jaso elikagairik eta sendagairik. Asteartean su etena ezarri zuten han, eta nahi duenak Ukrainako beste eremuetara edo Errusiara joateko aukera izango du, ebakuazioa hasi baitute gaur: 25 autobus prestatu dituzte horretarako.

Putinen telefonoa

«Europako herrialdeekin benetako harremanak berrezartzeko edozein neurri babesten dugu; inoiz ez dugu bestelakorik esan», adierazi zuen atzo Vladimir Putin Errusiako presidenteak prentsaurreko batean, Finlandiako eta Norvegiako gobernuburuekin telefonoz hitz egin eta gero.

Bada, kazetari batek zera galdetu dio gaur Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileari, ea Putinek Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin edo Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrarekin hitz egingo ote lukeen: «Telefonoa hartuko du. Nola ez, bada, guztiekin hitz egingo du», erantzun dio bozeramaileak. Eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin hitz egiteko aukeraz galdetuta, berriz, esan du «oraindik» ez dutela jaso «inoren» deirik.

Kremlinekin kritiko den 'Novaya Gazeta' egunkaria itxi egingo dutE

«Akabatu egin gaituzte», ohartarazi du gaur Errusiako Novaya Gazeta egunkariak. Datorren azaroaren 9an itxiko dute herrialdeko ustelkeria kasuak-eta azaleratzeagatik behin baino gehiagotan miran jarri duten hedabidea: «Zerbitzariak itzaliko ditugu, eta ospa egingo dugu. Egunkaria bertan behera geratu da. Autoritateek eta zerbitzu sekretuek lana etenarazi diote erredakzioari», adierazi du egunkariak bere atarian argitaratu duen mezu batean. Egunkariak salatu du egoitza hutsarazi diotela, eta agintariek irakurleen ekarpenak eta donazioak jasotzeko modurik gabe utzi dutela: «Funtsak kendu dizkigute. Guzti-guztiak. Segurtasunaren Zerbitzu Federaleko agenteek egindako ekintza koordinatu bat da».

Novaya Gazeta-koek erbestetik egin behar izan dute lan azken lau urtean, Moskuk paperean edo digitalean argitaratzeko lizentzia kendu baitzien 2022an, izapide administratibo bat egin ez zutelakoan; egunkariak, ordea, «erabaki politikotzat» jo zuen.

«Zoriontsu izan gara urteotan», esan du hedabideak, baina, «tarteka-tarteka, garratzak ere izan dira urteok. Garratzak, hain justu gaur egungo erregimenean, eta ez mafiak zebiltzan 90eko hamarkadan, gure hainbat lankide hil egin baitituzte arrazoi politikoengatik, beren betebehar profesionala eta zibikoa betetzeagatik». 1993an sortu zuten egunkaria, eta sei lankide hil zituzten 2000ko hamarkadan: lau kazetari eta bi kolaboratzaile.

Dmitri Muratov Novaya Gazeta-ko erredakzioburu izandakoak Bakearen Nobel saria jaso zuen 2021ean, «adierazpen askatasuna, eta, honenbestez, demokrazia eta bakea babesteko eginiko lanagatik», epaimahaiak nabarmendu zuenez. Maria Ressa kazetari filipinarrak ere Muratovekin batera jaso zuen sari hori.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA