Ukrainak Mosku ingurua jo du droneekin, eta sutea eragin findegi batean

Hamazazpi lagun zauritu dituzte erasoetan. Aste hasierako Kieven kontrako bonbardaketei erantzun diela argudiatu du Zelenskik: «Erabat justifikatuta dago».

Moskutik gertu den petrolio findegi bat sutan, gaur. BERRIA
Moskutik gertu den petrolio findegi bat sutan, gaur. BERRIA
Julen Otaegi Leonet.
2026ko ekainaren 18a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ukrainak Mosku ingurua bonbardatu du goizaldean droneekin; Errusiako Tass agentziaren arabera, bi urte dira ez zutela hain gogor egin eraso hiriburuaren kontra. Hamazazpi lagun zauritu dituzte; Xeremetievoko aireportua, herrialdeko handiena, ebakuatu egin behar izan dute, eta bostehun hegaldi baino gehiago atzeratu edo bertan behera utzi dituzte; eta Mosku eskualdeko petrolio findegi handienean sute handi bat eragin dute bonbardaketek. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak baieztatu du aste honetan bigarrenez jaurti dituztela droneak Kremlinetik hamabost kilometro eskasera den findegi horretarantz, asteartean dagoeneko ituan jarri baitzuten; eraso horrek instalazioaren jarduera etenarazi zuen.

«Erabat justifikatuta dago, Errusiak eraso egin baitie gure hiriei eta komunitateei», idatzi du sare sozialetan. Zenbait kazetariri bidalitako mezu batean, berriz, ohartarazi du leherketei are leherketa gehiagorekin erantzungo dietela: «Ez dugu nahi etsaiaren kulpaz Ukrainak su hartzea, baina Ukraina erretzen baldin bada, zuen Mosku ere erre egingo da».

Errusiak Kiev bonbardatu zuen joan den astelehenean; gutxienez bost lagun hil zituen, eta Andre Mariaren Jasokundearen katedrala ere jo zuen. Ukrainaren erreakzioa, hain zuzen, Mosku bonbardatzea izan da. Hango alkate Sergei Sobianinen arabera, hiribururantz zihoazen berrehun bat drone eraitsi dituzte goizaldean, horietako hirurogei su hartu duen petrolio findegiaren inguruan. Telegram bidez idatzi duen mezu batean, baieztatu du «drone ugari» iritsi eta findegia jo dutela, eta hiriburuko merkataritza gune batean ere kalteak eragin dituztela erasoek. Are, Errusiako armadak esan du Ukrainako 555 drone erorarazi dituela guztira.

Ukrainako armadak jakinarazi du gerra frontean erasoan aritu dela: petrolio biltegi bat leherrarazi du Ukrainarekin muga egiten duen Errusiako Rostov eskualdean, eta Moskuk okupatuak eta anexionatuak dituen eremuetan ere jardun du —zubi bat bonbardatu du Donetsken, baita erregai biltegiak eta beste zenbait azpiegitura ere; eta trena igarotzen den beste zubi bat Krimean—. Halaber, ohar bidez adierazi du Errusiak zazpi misil balistiko eta irismen luzeko 239 drone jaurti dituela Ukrainaren kontra, eta gehientsuenak eraitsi dituela. Horretaz gain, armadak jakinarazi du Moskuk gerra frontean jasotako 522 soldaduren gorpu entregatu dizkiola Kievi; horiek identifikatzeko probak egingo dizkiete, gorpuak senideei emateko.

7

Belgikak zenbat gerra hegazkin emango dizkion Ukrainari aurten. Theo Francken Belgikako Defentsa ministroak jakinarazi du  zazpi F-16 gerra hegazkin emango dizkiotela Ukrainari aurten, «Errusiaren erasoetatik defendatzeko». Asmoa da azkenerako F-16 hegazkin guztiak ematea, Belgikak F-35 hegazkinekin hornitu nahi baitu herrialdeko armada. F-16 modeloko 53 hegazkin ditu gaur egun: horietako zazpi aurten ematekoa da Ukrainari, beste hogei 2027 eta 2028 bitartean, eta gainontzekoak, 2030erako.

Bestalde, Suediak, Norvegiak eta Kanadak iragarri dute laguntza militarra eskainiko diotela Ukrainari. Pal Jonson Suediako Defentsa ministroak eman du horren berri; NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideetako Defentsa ministroak Bruselan bildu dira gaur, eta Zelenski ere bilera horretan egon da. Jonsonen arabera, ehun milioi dolar —87 milioi euro—  jarriko dituzte Ukrainaren Lehentasunezko Eskakizunen Zerrendarako. Ameriketako Estatu Batuetan fabrikatutako armak eta munizioa erosteko programa bat da hori.

Ukrainako presidentea asteon bildu da beste zenbait aliaturekin ere, G7ak, munduko ekonomia handienen taldeak, urteroko goi bilera egin baitu astearen hasieran, Frantziako Evian-les-Bains herrian. Han izan da Zelenski, eta lortu du nahi zuena: aireko defentsa sistemak eta irismen luzeko jaurtigaiak-eta emango dizkiotela adostu dute potentzia horiek —AEBek, Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak, Italiak, Japoniak, Kanadak eta Europako Batasunak—. Ohar bateratua kaleratu zuten atzo: «Gu, G7ko liderrok, bat gatoz Ukrainari ematen diogun laguntza ezin hautsizkoari buruz, bere askatasuna, subiranotasuna eta lurralde osotasuna defenda ditzan», adierazi zuten, eta Errusiaren gerra ekonomia estutzeko «konpromisoa» hartuko dutela berretsi zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE