Ukrainako armadak Moskuko erdiguneari eta Krimeari eraso die

Dronez bideratutako operazio militarrak izan dira, baina Errusiako defentsek zapuztu egin dituzte. Errusia defentsak hobetzen ari da

Moskuko eraikin bat, Ukrainak eginiko erasoaren ostean. MAXIM SHIPENKOV / EFE.
Urko Iridoy Alzelai
2023ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Ukrainak Moskuri eta Krimeari eraso zien atzoko ordu txikietan, drone erasoen bidez. Ez zen inor hil, ezta zauritu ere, Errusiako defentsak drone guztiak suntsitzea lortu zuen eta. Moskun, atzo 01:00ean gauzatu zen operazioa —Euskal Herrian 04:00ak zirenean—. Gerora, Ukrainako Gobernuak bere gain hartu zituen erasoak, Telegram bidez.

Aurreko astean, Errusiak hainbat eraso egin zituen Ukrainako Odesa hiriaren eta Itsaso Beltzeko beste portu batzuen aurka.Ukrainako Gobernuak herenegun adierazi zuen erantzun gogorrak emango zituela jazarpen horren aurka.

Atzoko Moskuko erasoaren harira, Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak xehetasunak eman zituen: «Bi dronek egindako eraso saiakera izan da. Gure arma elektronikoek bi ibilgailuak bota dituzte, etahiriburuko bi eraikinetan erori dira. Ez da zauriturik izan». Kievek erasoa bere gain hartu baino lehenago, Zakharovak argi utzi zituen susmoak: «Kievek bideratu du erasoa. Nazioarteko terrorismo atentatu bat da, argi eta garbi». Kalteak eragin zituzten eremua Defentsa Ministerioaren egoitzatik bi kilometrora dago.

Krimeako erasoen inguruan, berriz, Sergei Aksionov mintzatu zen, Krimeako Errepublikako gobernuburua: «Hamazazpi droneko erasoa jasan dugu gaur gauean. Haietatik hamalau elektronikoki suntsitu ditugu, eta beste hirurak, berriz, aireko defentsek bota dituzte. 11 drone Itsaso Beltzera erori dira». Ukrainako Gobernuaren operazioak Kirovski barrutia jo zuen, eta etxebizitza batean erori zen aireko bat.

Ukrainaren izenean Mikhailo Fedorov Eraldaketa Digitaleko ministroak hartu zuen erasoa bere gain, Telegram bidez: «Gaur gauean, Krimeari eta munstroen hiriburuari eraso diete. Haien aireko defentsak gero eta errazago saihesten ditugu».

Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak argi utzi zuen defentsak hobetzen ari direla. «Ukrainako hegoaldean egiten ari diren operazio militarrak bere bidean jarraituko du», esan zuen Peskovek. Larunbatean, Errusiak Odesako katedral ortodoxoa jo zuen, baina Peskovek ezeztatu egin zuen akusazio hori: «Askotan esan dugu: gure armadak ez die inoiz kalte egin azpiegitura sozialei, eta are gutxiago elizei, tenpluei eta katedralei. Akusazioa erabat faltsua da. Haien segurtasuneko misilek suntsitu zuten katedralaren zati hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.