Ukrainako, Errusiako eta AEBetako ordezkaritzak Abu Dhabin bildu dira gaur berriro, eta Kieveko eta Washingtongo iturri ofizialek bileraren ondoren adierazi dutenez, elkarrizketak «emankorra» izan dira. Hiru aldeak berriro batzartzekoak dira bihar Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuan. Urtarrilaren 23an ere han bildu ziren: 2022ko otsailean Errusiak Ukraina inbaditu zuenez geroztik hiru aldeek elkarrekin egindako lehen bilera izan zen hura. Dena den, egoera ez da askorik aldatu azken bi asteetan. Moskuk segitzen du esaten ez duela atzera egingo lurralde eskakizunei dagokienez.
Kievek eta Washingtonek Ukrainako gatazka konpontzeko asmoz adostutako hogei puntuko zirriborroan jaso zuten Ukrainak tropak aterako dituela Donetsken, herrialdearen ekialdean, kontrolpean duen eremutik —%20 inguru—. Donbass eremuko beste eskualdea, Luhansk, osorik dauka kontrolpean Errusiako armadak, eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak esana du ez diola uko egingo Donetsk eskualdeari, Donbass eremua osorik kontrolatu nahi baitu. Horregatik, Kremlinek argi eta garbi esan izan du akordioa edozein izanda ere ezin izango litzatekeela aurrera eraman eremu hori osorik Errusiaren esku gelditu ezean.
Horri lotuta, AEBetako ordezkariak Ukrainari presio egiten aritu dira. Besteak beste, esana diote lurralde kontzesioak onartu ezean ez diotela inolako segurtasun bermerik emango. Ukrainak, ordea, ez du halako kontzesiorik egin nahi. Baina Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak gaur esan du bestelako aldaketa batzuk egiteko prest leudekeela; adibidez, eremu desmilitarizatu bat sortzea ekialdean, Ukrainako tropak bertatik aterata. «Guk gerra arintzeko urratsak babestuko ditugu estatubatuarrek horrelako proposamenak egiten badituzte, zalantzarik gabe», esan du Ukrainako presidenteak Mark Rutte NATOko idazkari nagusiarekin emandako prentsaurreko bateratuan. Aurrez, asteburuan, Ukraina «ganoraz eztabaidatzeko prest» dagoela esan zuen Zelenskik sare sozialetan.
Errusiak, ordea, adierazi izan du AEBek aipatutako segurtasun bermeak bi aldeentzat izan beharko liratekeela. Dmitri Medvedev Errusiako Segurtasun Kontseiluko presidenteordeak astelehenean adierazi zuen segurtasun bermeak ezin direla «aldebakarrekoak» izan: «Bermeak bi aldeetan behar dira: Errusian eta Ukrainan. Bestela, berme horiek ez dute funtzionatuko».
Bilerari dagokionez, Europa negoziazio mahaitik kanpo utzi dute, orain bi aste egin bezala. Gainera, hiru herrialdeetako ordezkariak ere orduko berak izango dira. Steve Witkoff eta Jared Kushner dira AEBen ordezkariak. Errusiako ordezkaritza militarrek osatzen dute, eta Igor Kostiukov izango dute buru, Errusiako informazio zerbitzu militarreko zuzendaria. Eta Ukrainako ordezkariak hauek dira: Rustem Umerov Segurtasun Kontseiluko idazkaria, Kirilo Budanov presidentearen kabineteko burua, Sergi Kislitsia haren ondokoa, David Arakhamia Zelenskiren alderdiko buruzagia eta Andrii Gnatov Indar Armatuen burua.
AEBetako presidente Donald Trump baikorra izan da azken asteetan, eta Ukrainako gerra amaitzea «lor daitekeela» adierazi izan du. Moskuk eta Kievek, berriz, hitz neurtuagoak erabili dituzte beren ikuspegiaren berri emateko.
Bitartean, erasoek ez dute etenik. Trumpek duela egun gutxi adierazi zuen Vladimir Putin Errusiako presidentearekin akordio batera iritsi zela, eta Kremlineko buruak hitzeman ziola ez zutela astebetean Ukrainan erasorik egingo herrialdean egiten duen hotza dela eta. Kremlinek, ordea, jakinarazi zuen tregoa igandean amaituko zela, eta eraso egiten jarraitu du. Gaur, esaterako, 105 dronerekin egin du eraso Errusiak, Ukrainako armadak jakinarazi duenez. Gaineratu duenez, Odesako eskualdean hainbat azpiegiturari kalte egin diete erasoetan, baina ez dute xehetasun gehiago eman.