Ukrainaren kontrako erasoak hiru egunez eteteko agindu du Putinek

AEBetako ordezkariak Moskura heldu dira, gatazka amaiarazteko proposamena besapean dutela, eta Kievera joatekoak dira bihar. Bost lagun hil dira Errusiaren erasoetan, eta beste hainbeste Ukrainarenetan.

  Putin eta Moskuren ordezkariak Steve Witkoff eta Jared Kushnerrekin gaur, Kremlinen. GRAVIL GRIGOROV / EFE
Putin eta Moskuren ordezkariak Steve Witkoff eta Jared Kushnerrekin gaur, Kremlinen. GRAVIL GRIGOROV / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko irailaren 5a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Agendan izango dituen hamaika konturen artean, badirudi Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak alde batera utzi duela Errusiaren eta Ukrainaren gatazka, urte erdiz behintzat; asteburu honetarako apuntatuta izango du zerbait, ordea: AEBetako ordezkaritza bat Moskura heldu da gaur, eta Kievera joatekoa da bihar; asmoa zera du, gatazka amaitzeko planteamendua erakustea. Horiek horrela, Vladimir Putin Errusiako presidenteak erasoak eteteko agindu du, hiru egunez bada ere.

Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak horren berri eman du gaur, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan, eta azaldu du agindua gaur gauerdian sartuko dela indarrean; okerrik ezean, hortaz, su etena astearte gauerdira arte irautekoa da. «Horrek zerikusia du estatubatuarrek Kieven egingo dituzten elkarrizketekin», erantsi du. Bisitaren atarian, Washingtonek bermeak eskatu zizkien bi aldeei: Kievek atzo erabaki zuen erasoak etetea, eta Moskuk gaur bertan jakinarazi du ez dela oldartuko.

Dena den, Errusiako armadak bonbardaketak egin ditu Ukrainan, herrialde horretako armadak erantzun egin dio, eta gutxienez bost hildako eragin dituzte hala herrialde bateko nola besteko armadek. Ukraina ekialdeko Dnipropetrovsk eskualdeko armadaren buruak adierazi du Moskuk bost lagun hil dituela Kamianske hiriko bi fabrika metalurgikoren kontrako bonbardaketan —Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, Ukrainako armada hornitzen dute lantegiok—. Kievek, berriz, beste hainbeste hil ditu azken orduetan Luhansken —Errusiak 2022ko otsailaz geroztik okupatua du Ukraina ekialdeko eskualde hori, baita Donetsk, Zaporizhia eta Kherson eskualdeak ere—.

Erasoak eteteko erabakia hizpide hartuta, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak bart sare sozialetara igotako bideo batean esan du Errusiak «gauza bera» egin beharko zukeela: «Gure helburua da bisita eta estatubatuarrekin izango ditugun negoziazioak ahalik eta eraikitzaileenak eta taxuzkoenak izatea». Nabarmendu du gerra amaiarazteko «benetako aukerak» behar dituztela: «Ikusiko dugu Stevek eta Jaredek zer proposamen dakarten, eta zer erantzun jasotzen duten Moskun». Biharamunean heldu da erasoak etengo dituztelako Kremlinen iragarpena.

Trumpek bart kazetarien aurrean iragarri duenez, «gerra amaiarazteko proposamena» besapean dutela joan dira Steve Witkoff mandatari berezia eta Jared Kushner aholkularia. «Ikusiko dugu ea zerbait lor dezakegun», erantsi du: «Baliteke aukera onen bat egotea». Ez du proposamen horren xehetasunik eman, baina esan du badutela «bakea lortzeko ideia bat».

Witkoff eta Kushner urtarrilean izan ziren azkenekoz Errusian, eta biharkoa lehenbiziko aldia izango dute Ukrainara doazena. «Noski, bilera bat egongo da. Luze iraun izan dute oro har», esan du Peskov Kremlineko bozeramaileak, eta, haren arabera, ikusi beharko da bilera horrek zer dakarren: «Trump presidenteak berak atzo esan zuen ez direla ideia berriak». Halaber, Putinek zera esan du bi mandatariekin bildu baino lehen: «Hizpide izango dugun egoera ez da erraza, noski».

AEBetako presidenteak bart gogoratu du «zortzi gerra» amaiarazi dituela bigarrenez kargua hartu zuenetik, iazko urte hasieratik alegia, eta «nortasun problema bat» dela-eta oraindik ez duela lortu Errusiaren inbasioari konponbidea topatzea: «Zelenski presidenteak eta Putin presidenteak benetan gorrotatzen dute elkar. Benetako gorrotoa diote elkarri, eta hori oztopo bat da».

Bezperan ere erasoka

Ukrainako larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez, Errusiak Kiev eskualdeko hiru barrutiri eraso egin die, eta bi lagun zauritu ditu Borispil hiriko etxebizitza bloke baten kontrako bonbardaketan, hiriburutik oso gertu. Halaber, Zelenskik azaldu du Errusiak «erakustaldi bat» egin nahi izan duela Kieveko eta Borispilgo aireportuei eraso eginda, «balitekeelako estatubatuarrak hegazkin bidez etortzea Ukrainara, eta Kieveko aireportuan edo Borispilgoan lur hartzea». Sare sozialetan idatzitako mezu batean esan du hori, eta ohartarazi Moskuk «kontuak eman» beharko dituela.

Ukrainako aireporturik garrantzitsuenetakoa da Borispilgoa —Kievetik 30 kilometrora dago—, baina itxita dago 2022ko otsailetik,  gatazka hasi zenetik alegia, gobernuak aire eremua itxi baitzuen zibilen hegaldientzat. 

Errusiako Defentsa Ministerioak ohar bidez jakinarazi duenez, Dnipropetrovskeko bi fabrikak ez ezik estazio elektriko bat, gune logistiko bat eta ontzi militar bat jo dituzte Ukraina hegoaldean. Halaber, erantsi du Ukrainak jaurtitako 53 drone eraitsi dituela.

Takaichik Moskuri eskatu dio kendu dezala Japoniaren bigarren mundu Gerrako porrota irudikatzen duen estatua

Errusia hego-ekialdeko Khabarovsk hirian inauguratu zuten estatua bat kendu dezatela eskatu du gaur Sanae Takaichi Japoniako lehen ministroak. Estatua horrek Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren garaipena eta Japoniaren porrota irudikatzen ditu: soldadu sobietar bat krisantemo bat hausten. Takaichik sare sozialetan salatu du Japoniaren «sinboloa» dela lore hori, eta «erabat onartezina» dela halako estatua bat jarri izana. 

Keinu horrek bi herrialdeen arteko tentsioa areagotu du; izan ere, abuztuan, Vladimir Putin Errusiako presidenteak bisita ofiziala egin zuen Kuril uharteetara. Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak 1945ean hartu zuen kontrolpean Okhotskeko itsasoaren eta Ozeano Barearen arteko uhartedi hori, Bigarren Mundu Gerran. Orduz geroztik, Japoniak behin baino gehiagotan salatu du legez kontra okupatuta daudela uhartediko lau uharte, eta txartzat jotzen du Errusiak beretzat hartzea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA