Talde ultraeskuindar baten eta talde antifaxista baten arteko liskarra izan zen joan zen ostegunean Lyonen (Frantzia), eta Quentin Deranque 23 urteko ultra bi egun beranduago hil zen ospitale batean, garezur-garunetako traumatismo baten ondorioz. Liskarrekin lotuta bederatzi lagun atxilotu zituzten atzo, eta gaur beste bi, Thierry Dran Lyongo fiskalak jakinarazi duenez; zaintzapean dituzte guztiak: horietako zazpiri nahita egindako homizidioa egozten diete, eta besteei, ikerketa oztopatzea.
Jacques-Elie Favrot eta Robin Chalendard dira atxilotuetako bi, Raphael Arnault LFI Frantzia Intsumisoko diputatuaren kontseilarietako bi. Horiek horrela, Deranqueren heriotzak ezkerreko alderdi horren eta gainontzekoen arteko harremana gaiztotu du, noiz-eta Ipar Euskal Herrian eta Frantzian herri bozen atarian dauden honetan.
Rima Hassan LFIko eurodiputatuak hitzaldi bat eman zuen joan zen ostegunean, Lyongo Ikasketa Politikoetarako Institutuan. «Bizpahiru egun lehenago, nire taldeak bazekien protesta egingo zutela [ultrek]. Pentsatzen dut Poliziak ere informazio hori izango zuela», esan dio gaur Politico aldizkariari. Hitzaldi horren harira gertatu zen ultren eta antifaxisten arteko liskarra; hogeita hamar bat ultra aretora sartzen ahalegindu ziren, eta antifaxistek horiek kanporatzea lortu zuten. Hassanek poliziei egotzi die liskar hori baretzeko ahaleginik egin ez izana.
Arnault diputatu intsumisoak atzo esan zuen, sare sozialetan idatzitako mezu batean, Favrot kontseilaria kargutik kendu zutela haren «atxiloketaren berri izan aurretik», eta dagoeneko kontratua amaitzeko izapideak abiatu dituztela Asanblea Nazionalean.
Maud Bregeon Frantziako Gobernuko bozeramaileari gutxi iruditu zaio erabaki hori, eta zera eskatu dio Mathilde Panot LFIren Asanblea Nazionaleko talde parlamentarioko presidenteari: Raphael Arnault diputatua ere «bazter utz» dezala «behintzat aldi baterako bada ere», alderdia «indarkeriaren kontra» dagoela klaru uzteko. France Info Frantziako irrati publikoari egindako adierazpenetan, Renaissance alderdiko Bregeonek esan du LFIk «zerrendak garbitu» behar dituela.
Horixe bera eskatu zuen Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroak atzo, Asanblea Nazionalean: intsumisoek «garbitu» ditzatela bai beren «ideiak» eta baita beren «zerrendak» ere. Izan ere, minutu bateko isilunea egin zuten behe ganberako saioan, Deranqueren omenez —1944az geroztik lehen aldia izan zen ultra baten alde minutu bateko isilunea egiten zena—. Lehen ministroak «ardura» eskatu zien diputatu guztiei: «Ezin dugu mantendu konfrontazioaren erretorika behin eta berriz, eta ez ikusi ganbera honetan batzuetan gertatzen dena balitekeela gizarte osora ere zabaltzea».
Herriko bozak, hurrengo kantxa
Herriko bozen atarian, François Hollande PS Alderdi Sozialistako diputatu eta presidente ohiak (2012-2017) esan du sozialisten eta intsumisoen arteko harremana «amaitu» egin dela: «Niri dagokidanez behintzat». BFM katean hitz egin du, eta nabarmendu LFIk ez duela lekurik: «Bigarren itzulian, hitzematen dut ez dela Jean-Luc Melenchonik egongo».
Halaber, Jordan Bardella RN Batasun Nazionaleko presidenteak «fronte komun» bat osatzeko deia egin du gaur, CNews telebista katean: «Denak LFI izan ezik». Jean-Luc Melenchon intsumisoen burua egin du Deranqueren heriotzaren erantzule, eta Arnaultek kargua utzi beharko lukeela deritzo.
Manuel Bompard LFIren koordinatzaileak jakinarazi du gaur sare sozialetan ezen alderdiaren egoitza nagusia ebakuatu behar izan dutela, bonba abisua jaso dutelako. Parisko egoitza hori ikuskatu dute, eta ez dute lehergailurik topatu, Le Monde egunkariak miaketaren gertuko iturriak aipatuz kaleratu duenez. Egoitzan bertan, Bompardek «eztabaida demokratiko duin eta osasungarria» bermatzeko eskatu dio gobernuari, eta LFIren kontrako «akusazioak» egiteari utz diezaiotela: «Zeren, gaur goizean eta zenbait egunez ikusi dugunez, akusazio hauek ondorioak dakartzate. Aktibista oso arriskutsu batzuek mehatxuak, intimidazioa eta erasoak egin dituzte».
Lyongo zigor auzitegiak lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion Arnault diputatu intsumisoari 2022an, gibelapenarekin, 18 urteko gazte baten kontrako eraso batean parte hartu eta «taldean nahita egindako indarkeria» leporatuta. Diputatu intsumisoak Guardia Gazte Antifaxista taldea sortu zuen 2018an —gobernuak iazko ekainean deseginarazi zuen—, eta talde horrekin harremana izatea leporatu diete Deranqueren heriotza dela-eta atxilotutako hainbati. Hain zuzen, LFIrekin lotu izan dute Guardia Gazte Antifaxista.