UNRWAk etorkizunean ere ezingo duela Gazan jardun esan dute AEBek

Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariaren arabera, UNRWA «Hamasen filiala» da. NBEk salatu duenez, menia indarrean denetik Gazan ez dira sartu egunean 600 kamioi humanitario baino gehiago.

Bi palestinar jaten, atzo, Gaza hiriko hondakinen artean. MOHAMMED SABER / EFE
Bi palestinar jaten, atzo, Gaza hiriko hondakinen artean. MOHAMMED SABER / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko urriaren 24a
13:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badira bi aste Gazarako su etena indarrean sartu zela. Aldeak egin beharreko hurrengo urratsen inguruan negoziatzen ari direla, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak gaur ziurtatu du etorkizunean ere UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak ezingo duela zerrendan jardun. Kiryat Gaten (Israel) emandako prentsaurrekoan azaldu du Hamas etorkizunean ezingo dela Gazako Gobernuaren parte izan, eta UNRWAri leporatu dio «Hamasen filiala» izatea. Sare sozialen bidez, Rubioren hitzei erantzun die UNRWAk: «Gure laguntza ezinbestekoa da Palestinako lurralde okupatuetako behar humanitarioak asetzeko».

Rubiok adierazpen horiek egin ditu noiz-eta Nazioarteko Justizia Auzitegiak NBEren agentzia horren lana goraipatu eta bi egunera. Israelek duela ia urtebete erabaki zuen UNRWAri Gazan, Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean lan egitea debekatzea. Tel Avivek esan zuen UNRWA «mehatxu hutsa» dela herrialdearen segurtasunarentzat, argudiatuta agentzia horretako hainbat langile humanitariok parte hartu zutela 2023ko urriaren 7ko erasoan, eta lotura estua zutela Hamasekin. Bada, Hagako epaitegiaren arabera, Israelek ez ditu «berariaz frogatu» agentzia horretako langileen aurka egindako akusazioak, eta UNRWAren lana «funtsezkoa» izan da Gazako biztanleei oinarrizko laguntza humanitarioa helarazteko.

Gainera, Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen Israelek obligazioa duela erakunde humanitarioei Zisjordanian eta Gazan jarduten uzteko; are, gehitu zuen Tel Avivek zerrendan laguntza sartzea «onartu eta sustatu» behar duela. Menia indarrean denetik, baina, egun bakarrean ere ez dira seiehun kamioi humanitario baino gehiago sartu zerrendara. Hau da, Israelek ez du adostutakoa bete, eta Gazara ez da iritsi itunean hitzartu bezainbeste laguntza humanitario.

AEBek Israelekin negoziatutako eta Hamasek onartutako meniaren lehen fasearen arabera, itun hori indarrean dagoen bitartean egunean seiehun kamioi sartu beharko lirateke. Hori jakinik, nazioarteak, beste behin, itunean erabakitakoa betetzeko exijitu dio Tel Avivi. NBE Nazio Batuen Erakundeak, esaterako, eskatu dio pasabide gehiago ireki ditzala eta kamioi gehiagori sartzen utz diezaiela. Izan ere, Tel Avivek zerrendaren hegoaldean itxia du Rafahko pasabidea, eta, Hamasek menia urratu duela argudiatuz, laguntza humanitarioaren sarbidea blokeatu izan du.

Al-Jazeera hedabideak gaur zabaldu duenez, Farhan Haq NBEren bozeramaileak aitortu du menia indarrean denetik kamioi gehiago sartu direla zerrendara. Halere, argi utzi du ez dela nahikoa. Hain zuzen, OME Osasunaren Mundu Erakundeak ere ez du uste su etena indarrean denetik gosetea arindu denik: «Egoera katastrofikoa da, ez dago behar beste janari», adierazi zuen atzo Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko zuzendariak. 

Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek, berriz, uste du hitzak ez direla nahikoa, eta «ekiteko ordua» iritsi dela. Nazioarteari eta, batez ere, AEBei Israelen aurkako neurriak hartzeko deia egin die: «Hartutako konpromisoak betetzera behartu behar da Israel; horretarako, zigorrak ezarri behar zaizkio eta armak bidaltzeari utzi behar zaio», esan du gaur, kazetariei egindako adierazpenetan.

Laguntza humanitarioaz harago, hitzarmenean adostutako beste zenbait puntu ere urratu dituzte. Besteak beste, Israelek erasoak egiten jarraitu du zerrendan. Esaterako, igandean Israelgo bi soldadu hil zituzten zerrendaren hegoaldean; Tel Avivek Hamasi leporatu zion eraso horren atzean egotea, eta, menia indarrean egon arren, egun bakarrean gutxienez 45 palestinar hil zituen. Ehundik gora palestinar hil ditu azken bi asteetan.

Bestalde, Tel Avivek akordioa ez betetzea ere egotzi dio Hamasi. Talde islamistak bahitu guztiak entregatzeko konpromisoa hartu zuen, baina oraindik entregatzeke ditu hainbat gatiburen gorpuak. Aurreko astelehenean aske utzi zituen bizirik zeuden hogeiak, baina talde islamistak jakinarazi du «zailtasun handiak» izaten ari direla gorpuak aurkitzeko orduan, hondakinen artean baitaude horietako batzuk. Gaur-gaurkoz hamabost bahituren gorpuak entregatu ditu, eta, Israelgo hedabideek iturri ofizialak aipatuz kaleratu dutenez, gaur gauean beste bi ematekoa da. Horiek entregatuz gero, beste 11 gorpu geratuko lirateke Gazan.

Fakzio palestinarrak, ados

AEBek Gazarako proposatutako akordioa eztabaidatzen aritu dira egunotan zenbait fakzio palestinar, hitzarmena indarrean jarri ahal izateko ikuspegi bateratu bat zehaztu nahian. Bada, gaur arratsaldean ohar bat kaleratu du Hamasek, eta jakinarazi fakzioak prest daudela Gazako gobernabidea batzorde teknokrata palestinar baten esku uzteko. Horrez gain, fakzioek begi onez jo dute nazioarteko batzorde bat sortzea Gazaren berreraikuntza prozesua gainbegiratzeko eta sustatzeko.

Dena den, ohar horren bidez, talde islamistak exijitu dio Israeli Gazako pasabide guztiak irekitzeko, laguntza humanitario gehiago sar dadin. «Lanean jarraituko dugu Palestinako gatazkaren inguruko posizio guztiak bateratzeko», gehitu dute.

44

Azken astean zenbat palestinar atxilotu dituzten Zisjordanian. Israelgo armadaren arabera, azken astean 44 palestinar hartu dituzte atxilo Zisjordanian. Gaineratu duenez, operazio horietan galdeketak egin dituzte, baita armak aurkitu ere. Bestalde, gaur 18 urteko palestinar bat hil dute Israelgo militarrek Nablusen egindako sarekada batean eragindako zaurien ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.