Estraktibismoa Argentinan (IV). Meatzaritzaren kontrako erresistentzia

Urak piztutako sua

Argentinako probintzia askotan meatzaritza debekatzeko legeak onartu dituzte mende honetan, herritarren protestek bultzatuta, baina, azken urteetan, araudiak aldatzen ari dira proiektu handiak egin ahal izateko.

Apirilean Glaziarren Legearen erreformaren kontra egindako protesta bat, Buenos Airesen. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
Apirilean Glaziarren Legearen erreformaren kontra egindako protesta bat, Buenos Airesen. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
inaut matauko rada
Fiske Menuko
2026ko irailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

Argentinako estraktibismoa ez dago soilik erregai fosilekin lotuta. Andeetako mendilerro guztian, iparraldetik hegoaldera, hainbat mineral estrategikoren erreserbak daude ibaien arroetan, eta kapitalismo berdeak, militarrak eta digitalak aspalditik jarriak ditu begiak inguru horretan, baita atzaparrak ere. Iparralde Globaleko meatzaritza, eraikuntza eta ingeniaritza enpresa handiek, baita Argentinakoek ere, interes handia dute mendilerro osoan zehar milaka meatze irekitzeko, eta aliatu bikaina aurkitu dute orain Etxe Arrosan: Javier Milei; izan ere, aurrera ateratzen ari den legeek erraztu egiten dute herrialdeko eta nazioarteko enpresen nahiak betetzea.

Litioa da meatzaritza berriaren gai nagusia; bateria gehienek erabiltzen dute litioa, eta, beraz, ezinbesteko mineral bihurtu da elektrifikazioan oinarritutako trantsizio energetikorako. Herrialdearen iparraldeko probintzietan dago litio gehien —Catamarcan, Saltan eta Jujuyn—, eta, iaz,  munduko litio hornitzaile nagusietan bosgarrena izan zen Argentina: 23.000 tona litio, %8ko merkatu kuotarekin, AEBetako Geologia Zerbitzuaren arabera. Zortzi meatze daude egun martxan, eta beste lau eraikuntza fasean.

«Meatzaritzak arriskuan jartzen ditu pertsonentzako, laborantzarako eta fabriketarako ur erreserbak»

MARCELO GIRAUD Mendozako Gizarte eta Ingurumen Asanbladako kidea

Hala ere, herrialdearen erdialdean eta hegoaldean ere badira beste hainbat mineral ustiatzeko proiektuak ere: uranioa, kobrea, burdina, urrea, zilarra... Batzuk beharrezkoak dira elektrifikaziorako eta datu zentroen industriarako, eta beste batzuk, berriz, kapital erreserbarako eta babeserako ezinbestekoak, urrea eta zilarra batez ere. Bestalde, energia nuklearraren sektoreak indarra du Argentinan, eta, hain zuzen, uranioa ere ekoizten dute; are, sektore horretan ia erabat subiranoa da Argentina. Gaur egun, amaitzear ditu beste zentral nuklear bat eta zentral nuklear modularren proiektu bat, baina egitasmoak geldirik daude oraingoz, finantzaketa falta dela eta.

Opsur erakundeak antolatuta —Observatorio Petrolero Sur—, hainbat ikertzaile eta ingurumen ekintzaile batu dira Rio Negro probintziako Fiske Menuko hirian, Chubuteko, Mendozako eta Rio Negroko esperientziak kontatzeko. Marcelo Giraud mendozarra izan da hitza hartzen lehena. Patagoniaren iparraldean dago Mendoza probintzia, eta, besteak beste, lurralde horretan dago Himalaiatik kanpoko gailurrik altuena, Aconcagua alegia. Giraudek azaldu duenez, eremu lehorra da Mendoza, glaziarretatik datorren urarekiko guztiz menpeko dira mendozarrak, eta, hein handi batean, uraren arazoak batu ditu meatzaritza proiektu handiei kontra egiteko: «Meatzaritzak arriskuan jartzen ditu pertsonentzako, laborantzarako eta fabriketarako ur erreserbak».

Beste probintzia askotan gertatu zen bezala, lurraldea babesteko lege bat ezartzea lortu zuten Mendozan, 2007an. Giraudek, hain zuzen, «Mendozako herriaren konkistatzat» jo du lege hori, 7.722 legea. Araudi horren bitartez, debekatu egin zuten substantzia toxikoak erabiltzea meatzaritzarako; beraz, jarduera hori debekatua izan zen de facto. 2019. urtean, baina, mendozarrek UCRko Rodolfo Suarez erradikala hautatu zuten gobernadore, eta, kargua hartu eta biharamunean bertan, 7.722 legea «suntsitzeko» proposamena aurkeztu zuen. Handik hamar egunera onartu zuten, eta kalea piztu egin zen: «Izugarrizko borroka sortu zen, eta Mendozaren historiako mobilizazio jendetsuena egin genuen. Legea indargabetu egin behar izan zuten onartu eta hamar egunera, nahiz eta bi alderdi nagusien babesa zeukan».

Hainbat 'aguazo'

Lege aldaketa bertan behera utzarazi zuen mugimenduari Mendozaguazo deitzen zaio, 1972. urtean Mendozan bertan izan ziren Mendozazo izeneko protesta sozialak gogoan hartuta. Mendozaguazo delako hori uraren defentsarako mugimendu bat izan zen, eta, 2021ean, antzeko zerbait jazo zen Chubut probintzian, Chubutaguazo izeneko prozesua. Patagonian dago probintzia hori, eta han ere badute meatzaritza debekatzen duen lege bat: 5.001 legea, 2003an onartua; Mendoza aintzat hartuta, bederatzi probintziatan izan dute noizbait meatzaritza debekatzen duen legeren bat, eta Chubut izan zen halako bat ezartzen lehena. Cristian Hermosilla probintzia hartakoa da, eta Patagoniako Unibertsitate Nazionaleko geografia ikertzailea eta irakaslea. Kontatu duenez, Chubut oso lotuta dago petrolio ustiaketarekin; horren erakusgarri, han zulatu zuten Argentinako lehen petrolio hobia, Comodoro Rivadavian.

«Megameatzaritzarik gabe ere, uraren egoera larria da. Bada, aurreikusten da Navidad meatzeak 40 milioi litro ur beharko dituela egunean»

CRISTIAN HERMOSILLA Patagoniako Unibertsitate Nazionaleko geografoa

2021ean, urte batzuk lehenago Mendozan gertatu bezala, meatzaritza legeztatzeko pausoa eman zuen gobernadoreak, batez ere zilar meatzaritzarako Navidad proiektuagatik. Bada, Chubuten ere protesta izugarriak izan ziren: «Errepideak moztu zituzten, eta gobernuaren, legegileen eta botere judizialaren egoitzak erre; hau da, estatuaren botere sinboliko guztiak erre zituzten. Eta Diario El Chubut egunkariaren egoitza ere bai», azaldu du Hermosillak. Astebete inguru iraun zuten protestek, eta, hala, agintariek ez zuten lortu 5.001 legea indargabetzea, baina geografoak esan du berriro saiatzen ari direla araudia baliogabetzen, probintziaren hegoaldean uranio meatzaritzako proiektuak egiteko asmotan baitabiltza hainbat enpresa. Izan ere, meatzaritza debekatuta dagoen probintzietan, oro har, zundaketak eta ikerketak baimenduta daude, baina esplotazio fasea ez da legezkoa.

Hermosillak iparraldeko beste probintzia batzuen egoerarekin alderatu du Chubutekoa, eta gogorarazi probintzia horretako ibai nagusia, izen berekoa, emari oso urrikoa dela: esaterako, Rio Negro ibaiak segundoko 1.000 metro kuboko emaria du, eta Chubut ibaiak, berriz, 47 metro kubokoa gutxi gorabehera: «Errekatxo bat da, gainontzekoekin alderatuta, eta ibai horren emariaren menpeko dira 270.000 lagun». Gainera, azaldu duenez, klima aldaketa dela-eta prezipitazio gutxiago izan dira azken urteetan, eta, horren ondorioz, estres hidrikoa handitu egin da: «Megameatzaritzarik gabe ere, uraren egoera larria da. Bada, aurreikusten da Navidad meatzeak 40 milioi litro ur beharko dituela egunean».

Chubuten eta Mendozan izandako protesta mugimenduak oso jendetsuak izan ziren, herritarrek bultzatuak, baina Hermosillak azaldu du hori muga ere izan dela, neurri batean; izan ere, jende askoren kontra egin zuten epaitegietan. Bestalde, borroka luze eta gogor baten ostean, asko kosta zitzaien mugimendua bizirik iraunaraztea: «Zaila zen asanbladetara jende berria etorraraztea. Faktore asko daude: politikoak, nazionalak... baina, hein handi batean, protesten judizializazioak eragin du horretan. Kide askori ez zieten zigorrik jarri, baina beste batzuei bai».

Gorabeherak gorabehera, mugimendu guztiek dute ardatz bera: uraren defentsa. Izan ere, ur asko behar da meatzaritzan aritzeko, eta jarduera horrek izugarri handitzen du ur gezak kutsatzeko arriskua. Hain zuzen, 2010ean Glaziarren Legea onartu zuen Argentinak, glaziarrak eta haien inguruneak babesteko, milioika argentinarrek glaziarrei esker baitute eskura edateko ura. Baina, aurtengo apirilean, Argentinako diputatuen eta senatarien ganberek legearen erreforma onartu zuten, eta, hala, glaziar batzuei babesa kendu, kontserbazio eremuen inguruko erabakimena probintzien esku utzi, eta glaziarren inguruan meatzaritza proiektuak egiteko modua eman. Protesta handiak izan ziren herrialde osoan bai legea onartu aurretik eta bai ondoren.

Rio Negron, berdin

Rio Negrok Chubut probintziarekin egiten du muga hegoaldean, eta Neuquenekin, Mendozarekin eta Panparekin iparraldean. Meatze asko dago Rio Negron, eta batez ere eraikuntzarako materiala eta silize harea ateratzen dute horietatik; zehazki, silize harea ezinbesteko lehengaia da erregai fosilak fracking bidez ustiatzeko. Hala ere, beste mota bateko meatzaritza bultzatzeko asmoa du Rio Negroko gobernadore Alberto Weretilneckek, Argentinako presidente Javier Mileiren laguntzaz. Pedro Perez Fiske Menukoko Gizarte eta Ingurumen Asanbladako kide da, eta konplizitate hori nabarmendu du: «Gure gobernadoreak esan zuen Rio Negro meatzaritza probintzia bilakatuko zela. Asanbladek ikasten dugun moduan, gobernuek eta meatzaritza enpresek ere ikasten dute; prozesu guztiz dialektikoa da. Eta guk baino baliabide askoz gehiago dituzte ikasteko».

Perezek azaldu du azken bizpahiru urteetan «megameatzaritzari bide ematen dioten lege aldaketak» onartu dituztela Rio Negron, aurretik Mendozan eta Chubuten gertatu bezala. Izan ere, Argentinan zorupea probintziena da, ez nazioarena. Rio Negron bi meatzaritza proiektu handi daude martxan: Ivana Este izenekoa, uranioa ateratzeko, eta Calcatreu izenekoa, urrea ustiatzeko. Bada, proiektuak aurrera egiten ari dira, Calcatreukoa bereziki: «Calcatreu proiektuak herriaren erresistentzia heroikoa piztu zuen, eta erresistentzia hori bizirik egon da hogei urtez, baina, azken urteetako erabakiak direla medio, proiektua onartu egin dute».

«Calcatreu proiektua onartzeak erakartze efektua izan du, eta enpresa askok zundaketa baimenak eskatu dituzte urrea eta zilarra ustiatzeko»

PEDRO PEREZ Fiske Menukoko Gizarte eta Ingurumen Asanbladako kidea

Informazio publikora jota, aldaketa handia ikusi dute meatzaritza katastroan, Perezek azaldu duenez. Zundaketak asko ugaritu dira, eta enpresek begiz joak zituzten eremuetako askotan lortu dute frogatzea  badagoela nahi zuten mineral hori. «Horrek zer iradokitzen du? Calcatreu proiektua onartzeak erakartze efektua izan duela, eta, beraz, enpresa askok zundaketa baimenak eskatu dituzte urrea eta zilarra ustiatzeko». Kostatik gertu ere handitu dira zundaketa eskariak; inguru horetan, burdina ustiatzea da helburua, eta probintziaren iparraldean, berriz, lur arraroak erauzi nahi dituzte.

Aipatu bezala, Rio Negron hainbat lege aldaketa egin zituzten meatzaritzan aritzeari bide emateko: «Oraingo gobernadoreak kargua hartu aurretik, eta jakinda aurrekoa kolore politiko berekoa zela, sesio azkar bat egin zuten legealdia amaitu aurretik, eta meatzaritza prozeduraren kodea aldatu. Gero, meatzaritzaren ebaluaziorako batzorde bat sortu zuten, hainbat alorretako jendearekin, ingurumenaren aldeko taldeak barne, baina iruzur bat izan zen». Meatzaritza enpresek ustiaketaren truke gobernuei ordaindu beharreko zenbatekoa ere moldatu zuten.

Azkenik, maputxeen komunitatearen parte hartzeari zegozkion aldaketak egin zituzten: «Komunitatera gerturatzeko protokoloak egin ziren, kontsulta askerako deialdi prozesu bat ere bai, baina berez helburua da komunitateek ahotsik ez izatea». Azaldu duenez, neurri berri horiek tarteko, aski zitzaien komunitate bakar baten babesa proiektuek aurrera egiteko: «Hala, ados ez dauden komunitate guztiak alde batera uzten dituzte, eta ustezko babes sozial hori lortu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA