Isabel Armijo (Rancagua, Txile, 1989) Anamuri Txileko Emakume Nekazarien eta Indigenen Elkarte Nazionaleko presidentea da. Lurraren taupadak jardunaldietan izan da egunotan, Iruñean, Mugarik Gabe Nafarroa erakundeak, Mundubat fundazioak eta REAS sareak gonbidatuta. Emakume nekazarien, indigenen eta elikadura burujabetzaren alde dihardute Anamurin.
Zer arazo dituzte nekazariek?
Kapitalismoari egin behar diogu aurre: izan agroindustria, estraktibismoa, nekazariak beren lurretatik botatzea, nazioarteko korporazioei mesede egiten dieten politika publikoak, merkataritza libreko akordioak, espekulazioa... Termino oso zabalak dirudite, baina emakumeoi zuzenean eragiten digute. Kapitalismoari egin behar diogu aurre, eta patriarkatuari ere bai.
Egongo da horien adibiderik.
Luzea da Txile. Iparraldean kobre eta litio meatzeak daude; horietan dabiltzan enpresak urik gabe uzten ari dira herritarrak, eta meatzaritzaren hondakinen ondorioz han daude herrialdearen luze-zabaleko ibairik kutsatuenak. Erdialdean fruten monolaborantzak daude, eta eremu zabalak behar dituzte, baita ur dezente ere; nekazariak bota egiten dituzte, eta toxikoek hainbeste inbaditu dituzte lurra, ura eta airea, ezen oso zaila den agroekologia egitea. Hegoalderago baso industria dago, maputxeak bizi diren gunean batik bat; pinuek eta eukaliptoek lurrak lehortzen dituzte, zorua hondatzen dute, eta horrek azkenaldiko suteak ekarri ditu: industria horrek eragiten ditu.
Emakumeak ere badira zuen lanaren erdigune.
Kapitalismoa ez baita arazo bakarra: patriarkatuari ere kontra egin behar diogu. Gabriel Boricen agintaldian behintzat [2022-2026] aurrera egin dugu nekazaritzari dagokionez: ur entregak, lursail fiskalen banaketan lehentasuna emakumeok edukitzea, politika publikoak... Emakume nekazariek bizirauteko eta bertako komertziorako ekoizten dute; agroindustriak, kontrara, esportatzeko. Txileko emakumeok herria elikatzen dihardugu.
«Maputxeek eskakizun historikoak galdegiten dituzte: aitor diezaietela nazioa eta aitor diezazkietela lurrak. Inoiz ez diete halakorik egin»
Zer ondorio dakartzate industrien esku sartzeek?
Eskubide urraketak dira horiek, eta bizitza duin bat edukitzea galarazten digute. Urik gabe, lurrik gabe, ezinezkoa da bizitzari eustea, eta nekazari askok beren lurrak saldu behar izan dituzte. Azken urteotan, gobernuak, enpresek eta korporazioek eraginda, nekazariak kanporatzeko politika publikoak egin ditu. Nekazaritza gerorik gabe geratuko da baldin eta joan direnak eta gazteak ez badira itzultzen.
Politika publikoak behar ditugu, eta horiek borondate politikoa eskatzen dute; ikusten da gobernu batzuek badutela, eta beste batzuek ez.
Maputxeen eta beste herri indigenen kontrako jazarpena ere salatu izan duzue. Nondik dator kriminalizazio hori?
Maputxeek eskakizun historikoak galdegiten dituzte, eta horietako bat da Tapihueko Hitzarmena betetzea [1825ekoa]: aitor diezaietela nazioa eta aitor diezazkietela lurrak. Inoiz ez diete halakorik egin. Konstituzioak ez du aitortzen jatorrizko ezein herri, eta gutxiago zor zaizkien lur eskubideak. Noski, lurrak itzultzeko estatu politikak badaude, baina baso industriarekin konparatuz gero hutsean geratzen dira.
Lurrarekin duten harremana sustraituta dago maputxeen ikuskeran, eta ezin dute ulertu badirela lurrak kendu nahi dizkietenik; horrexegatik izan dituzte gatazka asko: pinua eta eukaliptoa landatzen hasi zireneko erreketak, egurzaleen kamioiak bahitzea, zentral hidroelektrikoen kontrako erresistentzia… Hortik dator kriminalizazioa; mugimendu ekologistetakoak eta lurra defendatzen dutenak hil edo preso hartzen dituzte. Iparralderagoko jatorrizko herriak makurtu egin ziren, eta gertuko dituzte meatzaritza enpresak.
Zer dela eta?
Estatuak «hitz egin» nahi izaten du herriekin, lurrak kentzeko asmoz baldin bada ere. Eta herriek beren burua saltzen diete meatzaritza enpresei. Diru asko mugitzen du horrek, eta, badakizu, diruak gaiztotu egin dezake: gehienbat erakunde sozialak gaiztotu ditzake. Anamurikooi asko kostatu zaigu iparraldeko erakundeei azaltzea hori ez dela posible. Ezin dela aldi berean antikapitalista izan eta meatze enpresen dirua jaso. Berdin gainontzeko industriekin.
«Alternatibatzat jotzen da agroekologia, eta ez lukeela zertan izan, herriek betidanik egin duten ekoizpena baita»
Monolaborantzaren aurrean, zer eskaintzen du zeuen ereduak?
Bizitza. Ingurumena suntsitzen duen sistema bat da gaur egungoa, gizakion bizitza ere amaiaraziko duena. Ez gara burujabeak: munduko gainontzeko tokietatik datozen gariaren, zerealen eta aleen menpe gaude. Hemengo nekazarien ekoizpenaren alde egin ezean, kanpoko edozein krisik eragingo digu. Sistema kapitalista honek kolapsora garamatza: gero eta lur gehiago behar du, gero eta agrotoxiko gehiago, uztei ahalik eta ur gutxien erabilita eusteko gero eta ikerketa gehiago… Kontrakoa proposatzen dugu nekazariok.
Nola bermatu daiteke exijitzen duzuen elikadura burujabetza?
Gizarteak egoeraz jabetu behar du. Berezkoa bertako haziak izan behar dute, ekoizpen agroekologikoak. Kontua da alternatibatzat jotzen dela, eta ez lukeela zertan izan, herriek betidanik egin duten ekoizpena baita. Alternatiba nekazaritza konbentzional hori izan beharko litzateke, agrokimikoak eta moldatutako haziak darabiltzana.
Gobernu politikak ere behar ditugu, ardatz hartuko dutenak herritarrak elikatzeko ekoizpena. Esportatzeko politikak ez, horietako nahikotxo dauzkagu eta.
Jose Antonio Kasten gobernuarekin, ez da erraza izango.
A, ez. Erresistentzia egiteko garaia da hau, oso zaila baita gure aldeko aldaketak egotea gobernu honekin. Adi egon behar dugu gure eskubideak ez daitezen gutxitu, horiei eusteko, bizirauteko, eta gobernu honen lau urteak bukatu eta gero aurrera egiten jarraitzeko.
Hala izango dela espero al duzue?
Gureari eutsi behar diogu, prest egon, hurrengo gobernuarekin aurrera egiteko. Kapitalaren interesak herritarron gainetik jartzen ez dituen sistema bat behar dugu. Konstituzio berri bat onartzeko bi galdeketa izan genituen, eta Pinochetenarekin geratu ginen. Lehenengo konstituzio proiektu hartan [2022koan], lortu genuen aintzat hartzea elikadura eskubidea, agroekologia, uraren auzia... Proiektu polita zen, baina utopikoegia Txileko errealitatearentzat.