Urriaren 27a, arratsaldeko 15:27: deklarazioa iritsi da

Aldeko 70 botorekin onartu da Kataluniaren independentzia deklarazioa. Beste ebazpen proposamen guztiak atzera bota ditu Parlamentuak.

Puigdemont, beste diputatu batekin, emaitza ospatzen. ALBERTO ESTEVEZ, EFE
jon ordonez garmendia
2017ko urriaren 27a
16:52
Entzun

Urriaren 27a, 15:27ean. Ordu horretan onartu du Kataluniako Parlamentuak independentzia deklarazioa. Bozketa sekretu batean egin du, Junts pel Si-k hala eskatuta. Anna Gabriel CUPeko diputatuak esan du jazarpenari iskin egiteko babestu dutela neurri hori. Zenbait diputatuek botoa erakutsi dute, Catalunya Si Que Es Pot-eko diputatuek. Coscubielak eta Rabellek kontra bozkatu dute. Dante-Fachinek, alde. Azkenean 70 boto jaso ditu alde independentzia deklarazioak, eta hamar kontra. Bi boto zuri egon dira.

Gaur ere ez da eztabaida falta izan. Goizean aurkeztu dituzte talde parlamentarioek euren ebazpen proposamenak, eta Parlamentuko mahaiak onartu egin ditu, Fiskaltzak aurretik mehatxatu egin dituen arren. Junts pel Si-k eta CUPek proposamen bateratu bat aurkeztu ditu. Bi zati zituen. Lehenengoan hitzaurrean Katalunia errepublika independente eta burujabe gisara deklaratzen zuten, eta proposamenean Kataluniako Generalitateari eskatzen zioten Trantsizio Legeak jasotzen duen moduan eratzeko. Bigarrenean prozesu konstituziogile bat abiatzeko eskatu dute.

Bi proposamenak atera dira aurrera. Bigarrena bozkatu dute lehenik, modu publikoan, diputatuek euren eserlekuetan dituzten botoiak sakatuz. 73 boto jaso ditu alde, eta zortzi, kontra. Gero, lehen proposamena bozkatu dute. Hautetsontzia jarri eta banan bana eman dute boto sekretua diputatuek. Carme Forcadell Parlamentuko presidenteak emaitzaren berri eman ondoren, Els Segadors Kataluniako ereserki nazionala abestu dute diputatuek. Eta Parlamentuaren barrualdean eta kanpoaldean independentzia ospakizunak hasi dira.

Ebazpen hori bozkatu aurretik, besteak bozkatu dituzte, baina guztiak atzera bota ditu Parlamentuak. Ciudadanosena izan da bozkatzen lehena, eta 52 boto jaso ditu alde, eta 83 kontra. PSCren proposamenak ere bi zatitan bozkatu dituzte. Lehenengo eta bigarren proposamenek hamasei boto jaso dituzte alde, eta 119, kontra. Hirugarren proposamenak bozetara deitzea eskatzen zuen, eta 52 boto jaso ditu alde, eta 83, kontra. PPren proposamenek emaitza berdina izan dute bozketan. Catalunya Si Que Es Pot-en proposamenak bi zatitan bozkatu dira. Lehenengoak eta bigarrenak 11 boto jaso dituzte alde, eta 123, kontra. Hirugarrenak, alde 27 eta kontra 107.

Talde parlamentario bakoitzak hamar minutu izan ditu bere proposamenak defendituzeko. Junts pel Si-ren eta CUPen proposamena bozkatu aurretik, ordea, Ines Arrimadas Ciudadanoseko diputatu eta oposizioko buruak hitza hartzeko beste txanda bat eskatu du. Forcadellek hiru minutuko tarte bat eman dio berari aipatuta sentitu delako, baina ez du txanda hori eman. Gero beste eztabaida bat izan da Juntsek bozketa sekretua izatea eskatu duenean. Xavier Garcia-Albiol PPko diputautak koldarrak esan die Junts eta CUPeko diputatuei, eta aurpegia ematek eskatu die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.