Azken urteotan, Uruguai eredugarri bihurtu da, bere energia elektrikoaren %98 berriztagarria izatea erdietsi baitu. Mundu guztian estimatua da Uruguaiko esperientzia, eta erne erreparatzen zaio, kopiatu nahian. Hego Amerikako herrialde horretan, bigarren trantsizio estrategikoaz eztabaidatzen ari dira orain, etorkizuneko erronkak gogoan.
Ramon Mendez Galain dudan ibili zen 2008an, Industria, Meatzaritza eta Energiako orduko ministro Tabare Vazquezek deitu eta trantsizio energetikoa gidatzea proposatu zionean, baina baiezkoa eman zion azkenean. Hau zen trantsizioaren helburua: gero eta gutxiago egotea erregai inportatuen mende, eta bidea zabaltzea energia garbiei, hala nola eguzki energiari eta haize energiari. Bada, helburua betetzeaz gainera, urte gutxiren buruan lortu zuten.
Gaur egun, iturri berriztagarrien bidez sortzen da elektrizitatea Uruguain, energia eolikoa erabiliz batik bat. Prozesua hasi zenean, adostasun politiko handia bildu zen, eta zientzian oinarritutako zutabe sendo batzuk jarri zituzten; horri guztiari esker, egitasmoa mamitu, eta ihes egin zioten orduko energia egoera kritikoari: petrolioa inoiz baino garestiago zegoen orduan, eta, Uruguain petroliorik, ikatzik eta gasik ez dagoenez, gero eta handiagoak ziren petrolioa inportatzeko gastuak. Â
Eskaera goraka zihoala, Uruguaiko Gobernuak apustu ausarta egin zuen, eta ez zion segitu mundu guztiaren bideari. Aitzitik, gero eta berotegi gas gehiago isuri beharrean, erabaki zuen iturri alternatiboak erabiltzea: haizea, eguzkia, iturri hidroelektrikoak eta biomasa. Hala, elektrizitatea Argentinatik eta Brasildik inportatzeari utzi, eta soberakinak herrialde horiexetara esportatzen hasi zen.
Mendezek landutako planari segika, Uruguaiko bertako energia berriztagarriak erabili behar ziren, eta, nahiz eta Danimarkako esperientzia bat hartu zuten eredu, modua egin zuten proiektua Uruguaiko baliabideen arabera egokitzeko. Hala, planaren bultzatzaileek software bat garatu zuten energia iturrien aldizkakotasuna kudeatzeko; horri esker, haize eta eguzki energiaren bidez erantzun ahal izango zioten herrialdeko eskaera elektriko gehienari, eta, eguzkirik eta haizerik izan ezean, urtegietako ura erabiliko zuten iturri alternatibo moduan.
2010ean, orduko presidente Jose Mujicak lortu zuen parlamentuko indar politikoak ados jartzea energia sistemari buruz; 2011n, lehen lizitazioa egin zuten energia berriztagarriak ezartzeko. Helburuak zehatz-mehatz ezarrita, planak aurrera egin zuen: handik hamar urtera, Uruguaik barne produktu gordinaren %10 inbertituta zeukan energia berriztagarrietan, eta eolikoa %1etik %34ra igo zen mix elektrikoan 2013tik 2018ra. Gainerakoa sortzeko, energia mota hauek erabiltzen dituzte gaur egun, eguraldiaren arabera: hidraulikoa, biomasa —landare edo animalia jatorriko materia organikoa eta mikroorganismoak—, eguzki energia eta energia fosiletan oinarritutako energia termikoa.
«Plana ona da burujabetzari eta autonomiari dagokionez, baina ez da negozio ona ekonomia aldetik»
MARCELO FOSSATTI Via Campesinako kidea
Hemendik aurrera, eta trantsizioko lehen etapa sendoturik dagoela, Uruguaik baditu beste erronka batzuk azpiegiturei, sare elektrikoei, iturrien osagarritasunari eta inbertsioak erakartzeko pizgarriei dagokienez. Hain zuzen, inbertsioen pizgarriek eragin dute polemikarik handiena, batez ere klima aldaketaren eta haren ondorioen alorrean diharduten erakundeen artean. Beste eztabaidagai handienetako bat zera da: aldaketa guztiak gorabehera, oraindik ere tarifa elektrikoa garestiagoa da bai industriarentzat eta bai herritarrentzat, Argentinan, Brasilen, Paraguain eta Txilen baino.
«Parke eolikoak eraikitze aldera, inbertsioa sustatzeko sistema jakin bat erabili zen, eta, horren arabera, enpresa pribatuen esku dago kudeaketa, ez estatuaren esku», kontatu du nazioarteko Via Campesina taldeko kide batek, Marcelo Fossattik. Azaldu duenez, gobernua behartuta dago enpresek ekoitzitako guztia erostera, lehendik ezarritako prezioan erosi ere, horretara derrigortzen baitute sinatu zituen kontratuek; horren ondorioz, gaur egun merkatuko prezioa baino garestiagoa ordaintzen ari da. Soberakinak Brasili eta Argentinari saltzen dizkio, baina enpresekin hitzartutako prezioa baino merkeago. «Estatuak erosten segitu beharra dauka, lehengo prezioan, eta horregatik ez da merkatzen. Plana ona da burujabetzari eta autonomiari dagokionez, baina ez da negozio ona ekonomia aldetik».
Inpaktua nekazaritzan
Alde horretatik, 2023ko ikerlan batean, Uruguaiko Unibertsitate Katolikoko Energiaren eta Garapen Iraunkorraren Behatokiak ondorioztatu zuen ezen, Uruguaik mix energetikoa dibertsifikatu ez balu, handiagoa izango zela elektrizitatea sortzeko kostua. Fossattik on deritzo aldaketari, baina baditu kezka batzuk: «Tarifa bereziak aplikatu behar zaizkio familien eta laborarien nekazaritzari, tarifa merkeagoak; estatuak, ordea, esaten digu ezin duela halakorik egin, kontratu batzuk sinatu zituela eta bete egin behar dituela».
Nekazarientzat, probetxuzkoa litzateke energiaren sorkuntza estatuaren esku egotea eta alor horretan politika publikoak bultzatzea, baina oraingo ereduak pribatizatu egiten du. «Trantsizio bidezko bat nahi dugu, eta ahaleginak egiten ari gara mix energetikoaren aldaketa ez dadin izan gure arretagune bakarra: kontuan hartu behar dugu aldaketak zer eragin izan duen gure lurraldeetan eta gure eguneroko bizimoduan, zer inpaktu izan duen parke eolikoak eta haize errotak jartzeak. Eguneroko bizimoduan, ohartu gara klima guztiz aldatu dela, lehen ureztatu gabe ere jasotzen genuela uzta, lurra denbora gehiago egoten zelako bustita, baina orain ureztatu beharra daukagu, eta, horretarako, energia gastatu beharra daukagu».