Marc Candela. STEPVko koordinatzailea

«Valentzieraren aldeko aurrerapausoak behar ditugu, ez atzerapausoak»

PP eta Voxen koalizioak kolokan jarri du Valentziako hezkuntza eredu elebiduna. Hezkuntza kontseilari berriak hizkuntza eredua «errepasatu» behar dela esan du. Hainbat eragilek aurre egin diote.

BERRIA.
Urko Iridoy Alzelai
2023ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Ekainean, PPk eta Voxek akordioa egin eta Valentziako Erkidegoko Gobernua osatu zuten. Izendapenak egiteko egunean, hezkuntza kontseilari berriak, Jose Antonio Rovirak, valentzieraren inguruko adierazpen bat egin zuen: «Gaur egun dugun hezkuntza eredu elebiduna errepasatu behar dugu, lasaitasunez». Esandakoaren harira, Marc Candela STEPV Valentziako Hezkuntza Langileen Sindikatuko koordinatzaileak «atzerapauso handi bat» iragarri du.

Rovira izendatzeko ekitaldian egon zineten?

Bai, bertan egoteko aukera izan genuen. Lehenago Hezkuntza Kontseiluan egondakoa da Rovira, eta harekin eztabaidak eduki izan ditugu. Badakigu hitz egiteko prest dagoela, baina, era berean, bere politikak tinko ezartzeko arazorik ez dauka. Oso adi egongo gara.

Zertan da valentziera gaur egun Valentziako eskoletan?

Gaur egun, 2018. urtean Botanikoko gobernuak [Compromisek, Unidas Podemosek eta PSPV Valentziako Alderdi Sozialistak osatutako gobernuak] onartutako eredu elebiduna dugu indarrean. Gutxienez ikasgaien %25 valentzieraz eman behar dira, %25 gazteleraz, eta %10 inguru ingelesez. Hala ere, zortzi eskualdetan, ikasle bakoitzak salbuespen bat eska dezake valentziera ikasgaia ez ikasteko. Eskualde horietan, historikoki gazteleraz hitz egin izan ohi da, eta 1983. urtean argitaratutako lege baten bidez jaso zuten salbuespena izateko eskubidea.

2018an Valentziako Gobernuak ezarritako legea bete da lurraldeko eskoletan?

Zoritxarrez, ez dakigu. Ez dugu horren inguruko daturik, ez dugu inongo txostenik. Agintarien lana txosten horiek egitea zen, baina ez da inongo saiakerarik egon. Uste dugu errealitatea guk dakigun baino okerragoa dela. Susmoa dugu leku askotan, gehienbat aipatutako zortzi eskualdeetan, segur aski ez dela neurria betetzen. Agian eskola publikoan bai, baina itunpeko eskolan ez dugu uste valentziera asko entzuten denik. Adibidez, Segura Beherean [zortzi eskualdeetako bat, Alacanten] badakigu gobernuak salbuespenak eman zituela, gaztelera hiztunen kopurua oso handia delako, eta hainbat manifestaldi egin zirelako 2018ko legearen aurka.

Salbuespena eskatzen duten ikasleen kopurua nabarmen jaitsi da azken urteetan. 2014-2015eko ikasturtean %34 ziren, eta 2018-2019koan, berriz, %23. Zerk eragin du jaitsiera hori?

PPren gobernuan oso erraza zen salbuespena eskatzea. Ikasteetxetako matrikulak egiterakoan, salbuespena eskatzeko orria zegoen, gehigarri moduan. Gurasoak bultzatzen zituztela esan dezakegu. Hurrengo gobernuarekin, gehi,garria kendu egin zen eta eleaniztasuna sustatzeko kanpainak ohiko bilakatu ziren. Eleaniztasunaren aholkulariak sortu zituen PSPV, Compromis eta Unidas Podemosen aginteak. Horiek eskolaz eskola ibiltzen ziren, valentzierak dituen onurak ikasleei transmitituz. Horrela, salbuespen eskarien datuek behera egin zuten. PPk beti nahi izan du aholkulariak desagerraraztea, ez dira-eta haren gustukoak.

Ikasleen gurasoei inork ez badie azaltzen valentzierak zer onura eman ditzakeen, oso zaila izango da haiek valentziera ikasgaia ezartzea seme-alaben ordutegietan. Oso argi dago zure seme edo alabarentzat lan aukerak murriztu nahi badituzu salbuespena eskatu behar duzula. Gure ustez, valentziera ikasten ez duen ikaslea bigarren mailako biztanle bilakatzen da. Azken finean, gure lurraldeko lanpostu askotan beharrezkoa da, eta ikasle horiek guztiak atzean gelditzen dira.

Bai Rovira eta bai zuek ados zaudete kontraesan bat dela salbuespenerako eskubidea indarrean egotea eta, era berean, %25 valentzieraz ikasi beharra izatea,ezta?

Hala da. Onartezina da guretzat valentzieraz hitz egiten ikasten ez duen norbaitek, hau da, salbuespena eskatzen duen ikasle batek ikasketen %25 valentzieraz egitea. Nola emango ditu historiako edo matematiketako eskolak ikasi ez duen hizkuntza batean?

Kontraesanari zer irtenbide aurkitu diozue?

Guk eskatzen duguna da salbuespena kentzea. Horretaz gain, valentzieraren gutxieneko %25ekoa %50era igotzea nahi dugu, Balearretan egin zen moduan. PPren irtenbidea, dirudienez, %25eko neurria kentzea da. Inboluzio argi bat litzateke hori pasatuko balitz. Gure hizkuntzaren arloko atzerapauso erraldoia.

Hezkuntzan valentzierari garrantzia kentzen bazaio, uste duzu Valentziako Erkidegoan hizkuntza hil daitekeela?

Hizkuntzaren erabileraren gaineko hainbat datu ditugu, inkesta ,bidez lorturikoak. Horri esker badakigu valentzieraren erabilera, urteak pasatu ahala, behera doala. Hezkuntzak gure hizkuntza idazten, ulertzen eta irakurtzen dakiten gazteak prestatu ditu, baina, tamalez, ez dute erabiltzen ikasitako hizkuntza. Ez daukagu proposamen politiko handirik erabilera handitzeko, eta PPk bere politikak ezartzen dituenean, askoz beherago jaitsiko dira datuak. Espero dugu gobernuak ezarritako neurri berriak, ezartzen badira, gure herri, kultura eta hizkuntza mantentzearen aldekoak izatea. Aurrerapausoak nahi ditugu, ez atzerapausoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.