Vannacci ultrak egotzitakoak bultzatuta, erabakiak hartu ditu Melonik

Italiera menperatzen ez duten ikasleak gela bakoitzean gehienez %30 izatea onartu du Italiako Gobernuak, eta adingabeek eskolan nikaba edo burka janztea debekatu du.

Giorgia Meloni, aurreko igandean, Italiako Anaiak alderdiaren gazte antolakundearen ekitaldi batean. MASSIMO PERCOSSI / EFE
Giorgia Meloni, aurreko igandean, Italiako Anaiak alderdiaren gazte antolakundearen ekitaldi batean. MASSIMO PERCOSSI / EFE
Igor Susaeta.
2026ko irailaren 25a
13:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hauteskunde orokorrak ate joka Italian, eta Giorgia Meloni Italiako lehen ministro ultrak nabaritzen du garondoan Roberto Vannacci Etorkizun Nazionala alderdi are ultragoaren hatsa. Vannaccik diskurtso arrazista, matxista eta homofobo bat haizatzen du, eta, inkesten arabera, horrek botoak emango dizkio datorren urtean egiteko diren bozetan —oraindik ez dute datarik ezarri—. Horri aurre egiteko, hezkuntza esparruari eragingo dioten bi neurri onartu ditu Italiako Ministroen Kontseiluak: italiera menperatzen ez duten ikasle atzerritarrak %30 izatea gehienez geletan, eta ikastetxeetan burkaren eta nikabaren erabilera debekatzea.

Gobernuak atzo iluntzean onartu zuen neurria, eta, dekretu bat denez, berehala sartuko da indarrean. Parlamentuak hirurogei eguneko epea dauka berresteko. Giussepe Valditara Hezkuntza ministroak azalpenak eman zituen, eta adierazi zuen soilik «irizpide linguistikoak» kontuan hartuta ezarri dutela muga; aldi berean, nikaba eta burka erabiltzeko debekua —«mozorrotzeko debekua»— genero berdintasunarekin loturiko auzi gisa plazaratzen ahalegindu zen.

Melonik Italiako Anaiak bere alderdiaren gazte antolakundearen ekitaldi batean eman zuen beren intentzioen berri aurreko igandean, eta berak ere egin zuen saiakera erabakiari emakumeen askatasunaren aldeko aldarriaren kutsua emateko, argudiatuta «inposaketa» saihestu nahi dutela. Oposizioa ez dago ados, eta aurpegiratu dio Vannacciren gorakadari eustea beste helbururik ez duela. Jeneral ohiak esan du, ordea —Legaren idazkariorde izan zen—, ados dagoela neurriekin, baina berandu datozela.

Zuzendarien Elkarte Nazionalak ez du erabakiaren analisi politikorik egin; hori bai, ohar batean azpimarratu du praktikan jartzea «oso zaila» izango dela. 

Gaur egungo gobernuak, gutxi-asko, duela hamasei urte Hezkuntza Ministerioak ikastetxeei bidalitako zirkular bat lege bihurtu nahi izan du horrela. 2010ean, Silvio Berlusconiren hirugarren agintaldian, ezarri zuen, «arau orokor gisa», gela bakoitzean gehienez %30 izatea italiar herritartasuna ez zuten ikasleak. 

Etapaka

Legeari berari dagokionez, jasotzen du adingabea eskola batean matrikulatzeko orduan lau ikastetxe zerrendatu behar dituela, eta %30eko muga gainditzen ez den tokian onartuko dutela ikaslea. Dekretuak, gainera, zentroak behartzen ditu gizarte zerbitzuekin harremanetan jartzera «txertatze arazo larriak eta gabezia linguistiko larriak» dituenean. Lanaren Italiako Konfederazio Orokorra sindikatuak azken egunotan jakinarazi duenez, Italian 40.000 adingabe inguru daude bi urte baino gutxiago daramatzatenak hezkuntza sarean eta italieraren ia oinarrizko ezagutzarik ez dutenak. Valditara Hezkuntza ministroak atzo zehaztu zuenez, adingabe atzerritarren portzentajea %30tik gorakoa duten 34.000 gela inguru daude.

Etapaka aplikatuko dute legeak ezarritakoa. Lehen hezkuntzan aplikatuko diete Italian jaio ez diren adingabe ez-italiarrei, edo gutxienez bi urtez eskolara joan ez diren ez-italiarrei. Bigarren hezkuntzan aplikatuko diete Italiako hezkuntza sisteman gutxienez hiru urtez «arrakastaz» aritu ez eta italiar herritartasuna ez dutenei.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA