Ekainaren amaieran Venezuelan izandako lurrikarek beste erreplika bat izan dute: Venezuelak eta Israelek harreman diplomatikoak berrezartzeko mekanismo bat adostu dute. Orduko hartan, Israelek Laguntza eta Babes Tekniko eta Humanitarioaren ordezkaritza bat bidali zuen Latinoamerikako herrialdera, erreskate lanetan jardun zezaten, eta Delcy Rodriguez Venezuelako jarduneko presidenteak harrera ere egin zien Israelgo delegazio horretako eta estatu indarretako ordezkariei. Bada, ekaineko hondamendiaren eraginez sortutako lankidetzari eustea erabaki dute, Hugo Chavez Venezuelako presidente ohiak 2009an harreman bilateralak eten eta hamazazpi urtera.
Venezuelako Atzerri Ministerioak komunikatu bat zabaldu du gaur sare sozialetan erabaki horren berri emateko: «Bi gobernuek aitortzen dute zein garrantzitsua den Israelgo Estatuaren eta Venezuelan bizi den komunitate juduaren arteko lotura, bi herrialdeen arteko adiskidetasun historiaren zubi garrantzitsua denez gero». Israelekin batera kaleratutako ohar horretan, zehaztu dute azken asteotan elkarrekin bildu direla Felix Plasencia Venezuelako Atzerri ministroa eta Gideon Saar Israelgo haren homologoa. Horiek horrela, kontsuletxeko zerbitzuak eskaini nahi dizkiete berriro herritarrei.
«Beste berri on bat Hego Amerikarentzat: Israelek eta Venezuelak kontsularekiko harremanak berrezarriko dituzte», idatzi du gaur arratsaldean Israelgo Atzerri ministroak sare sozialetan. Beste bat, Golango gainak «Israelen subiranotasunaren menpe» daudela aitortu baitzuen atzo Kolonbiako Gobernuak —Abelardo de la Espriella ultraeskuindarrak joan den astean hartu zuen kargua, eta Israeli egin dion keinuetako bat da hori—. Gogoratu du Israelek eta Venezuelak ez dutela harremanik izan hamazazpi urtean, eta gaur iragarritako erabakiak «koordinazio kanal ofiziala» ezarri duela bien artean. Saarek zera erantsi du sare sozialetan idatzitako mezuan: «Israelen eta munduko herrialdeen arteko harremana sendotzen jarraituko dut, bereziki Israelen eta Latinoamerikako herrialdeen artean!».
Chavezek 2009ko urtarrilaren 15ean agindu zuen Caracasen eta Tel Aviven arteko «harreman mota guztiak» bertan behera uzteko, Palestinari elkartasuna adierazi asmoz; astebete lehenago, Israelek Caracasen zuen enbaxadorea kanporatu zuten.