Venezuelako Auzitegi Gorenak legebiltzarraren botereak bereganatu ditu

Auzitegiak esan du diputatuek ez dutela ahalik, desmen egin dutelako. Oposizioak kolpetzat jo du, eta armadari eskatu dio esku hartzeko

Diputatuak, atzo, Auzitegi Gorenaren egoitzan protestan. CRISTIAN HERNANDEZ / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Gobernua chavistek gidaturik eta legebiltzarra, berriz, 2015az gero oposizioaren esku, gerra instituzionala bete-betean dago, eta gero eta bortitzagoa da. Orain, koska handi bat egin du gora, Auzitegi Gorenak oposizioari eskumen guztiak kentzea erabaki baitu. Honela dio Gorenaren erabakiak: «Desmen egite egoerak iraun bitartean, eta, legebiltzarraren ekintzek baliorik ez duten neurrian, Sala Konstituzional honek bermatuko ditu legebiltzarraren eskumenak, Zuzenbide Estatua babesteko». Horrez gainera, legebiltzarkideek konstituzioak ematen dizkien eskubide eta betebeharrak ez dituztela-eta betetzen, immunitatetik ez dutela erabaki zuen herenegun auzitegiak, eta, ondorioz, egindako ustezko delituengatik auzipetu ditzakete.

Oposizioak «estatu kolpea» salatu du, eta protestak antolatu ditu. Diputatuek Auzitegi Gorenaren egoitzara bildu dira, baina segurtasun indarrek ez diete sartzen utzi. Gainera, armadari eskatu diote esku hartzeko, «orden demokratikoa berrezartzeko». Inguruko herrialdeek kezka agertu dute. AEE Amerikako Estatuen Erakundea gogorrago agertu da, eta «estatu kolpea» izan dela salatu du.

Erabakiaren arrazoia

Venezuelako Legebiltzarra desmen egiten ari da 2016an Amazoniako hiru estatuko diputatuek karguari zin egin ziotenetik, Auzitegi Gorenak agindutakoaren kontra. Hain zuzen. Julio Ygarza, Nirma Guarulla eta Romel Guazamanaren diputatu izendapenak baliorik gabe utzi zituen gorenak, emaitzak manipulatu zituztelakoan helegitea jarri zutelako chavistek, baina erabakia ez zuen aintzat hartu oposizioak, eta legebiltzarkideek beren lanari ekin zioten. Helegite hori erabaki gabe dago oraindik.

Hiru diputatuon gorabehera oso garrantzitsua da, oposizioak gehiengo kualifikatua lukeelako legebiltzarrean, eta horrek botere handiagoa emango liokeelako, besteak beste, lege organikoak aldatzeko, eta, kasu honetan, Maduro boteretik kentzeko urratsak egiteko.

Corporacion Venezolana del Petroleo S.A enpresak jarritako interpretazio helegite bati erantzun dio erabakiak. Enpresa mistoak sortzerakoan legeak legebiltzarrari aitortzen dizkion eskumenei buruz galdetu du. Hau da, berez, enpresa mistoak sortzean legebiltzarrari informatu behar zaio, eta haren oniritzia behar du, baina auzitegiak ondorioztatu du legebiltzarraren erabaki orok ez duela baliorik, legea errespetatu arte. Herrialdeak duen egoera larria dela-eta —salbuespen egoeran dago—, soilik Nicolas Maduro estatuburuak eralda dezake erabakia, auzitegiak dioenez.

Gutun Demokratikoaren harira egin du krisiak beste urrats bat. MUDek nahi du —oposizioko hogei bat talde elkartzen dira Batasun Demokratikoaren Mahaian—, Gutun Demokratikoa onar dezala AEE Amerikako Estatuen Erakundeak, Nicolas Maduroren gobernuaren kontrako urratsak errazteko. Luis Almagro AEEkoidazkari nagusia bera ari da bultzatzen gutunaren aktibatzea, AEBen babesarekin, besteak beste.

AEEk bilera egin zuen herenegun, hain zuzen, Gutun Demokratikoaz eztabaidatzeko, eta aktibatu edo ez erabakitzeko, eta sekulako tentsioa egon zen. Almagro aspaldian dabil helburu horren atzetik, baina bigarren saiakera izan da oraingoa, eta ez du aurrera ateratzerik lortu. Herenegun ere, ez zituzten behar adina boto eskuratu, eta AEEk onartu zuen bideak ikertzea Venezuelako egoerari irtenbidea bilatzeko.

Immunitatearen ondorioak

Gutun Demokratikoa aktibatzeko mekanismoa erabiltzen da herrialde bateko gobernuaren jarrera antidemokratikoa dela ondorioztatzen dutenean, erakundeko kideetatik bi herenek gutxienez, eta erabaki dezakete Venezuela AEEtik kanpo uztea behin-behinean, zigorrak ezartzea eta bakartzeko neurriak hartzea.

Ez dagozkion ardura konstituzionalak hartzea leporatu diezaioke orain Auzitegi Gorenak legebiltzarrari, herrialdea desegonkortzeko helburua dutela. Hori oso delitu larria da: aberriari traizioa egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.