Venezuelako bozak Madurok irabazi zituela dio ikuskaritzak

Henrique Caprilesek ez du parte hartu nahi izan apirilaren 14ko hauteskundeen egiaztatze prozesuan

Ion Orzaiz.
2013ko ekainaren 13a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Ez dute irregulartasun zantzurik topatu. Atzo amaitu zen VenezuelakoHauteskunde Kontseiluak egindako egiaztatze prozesua, eta apirilaren 14ko bozetan Nicolas Maduro hautagaiak lortutako garaipena «garbia» izan zela ondorioztatu dute ikerketaren arduradunek. Oposizioko buru Henrique Caprilesek hala eskatuta, hauteskunde mahaien %100 ikuskatu ditu kontseiluak: 39.000 mahai eta 15.056.716 egiaztagiri. Eta ez dute akatsik topatu. «Huts indizea zero izan da», azaldu zuen atzo Venezuelako Hauteskunde Kontseiluko ordezkari nagusi Tibisay Lucenak. «Botopaperen egiaztagiriak berrikusi eta hauteskunde aktekin alderatu ditugu, eta bi datuek %99,99an egiten dute bat».

Venezuelako hauteskunde legeak dioenari jarraiki, hemezortzi ikuskatze egin ditu kontseiluak apirilaren 14tik gaurdaino. Mahaietako agirien eta akten %54 egiaztatu zituzten hauteskunde gauean bertan, eta gainontzeko %46, hurrengo asteetan.

Azken egiaztatze prozesuan herrialdeko alderdi politiko gehienek parte hartu dute, eta, horiez gainera, bertan izan dira Venezuelako Unibertsitateko hamar begirale independente, 60 ikasle eta herrialdeko hainbat sektoretako 140 ordezkari. Nazioarteko ordezkaritza ere zabala izan da. Besteak beste, Europako hainbat herrialdetako enbaxadoreek, diplomazia buruek, giza eskubideen aldeko erakundeek eta AEBetako Carter Zentroak begirale lana egin dute.

Capriles oposizioko hautagaiaren MUD Batasun Demokratikoaren Mahaia koalizioa izan da prozesutik kanpo gelditu nahi izan duen bakarra. Hain zuzen, talde horrek eskatu zuen ikuskaritza. Egiaztapenak Caprilesen eskaerei ez diela erantzuten esan dute orain arte chavismoaren aurkakoek, eta atzo ere prozesua gutxietsi nahi izan zuten. «Zirku bat izan da», esan zuen Gerardo Blyde MUDeko ordezkari eta Barutako alkateak.

Hildako pertsonen izen-deiturekin emandako botoak ere zenbatu zirela salatu zuen Caprilesek iragan astean. Hilik egon arren oraindik erroldan azaltzen diren 180.125 lagunen zerrenda aurkeztu zuen frogatzat. Datu horiek gezurtatu egin ditu Hauteskunde Kontseiluak. «Apirilaren 14ko hauteskundeetarako erabili dugun errolda urriaren 7ko presidentetzarako erabilitako berbera da, eta egiaztatua izan da behin baino gehiagotan. Alderdi guztiek ikusi zituzten zerrendak bozen aurretik, eta inork ez zuen eragozpenik jarri», azaldu du kontseiluko ordezkariak.

AEBak, gertuago

Capriles bakarrik ari da gelditzen hauteskundeen gardentasuna zalantzan jartzeko ahaleginetan. Orain arte oposizioaren euskarri nagusia izan den Etxe Zuriak berak ere Maduroren gobernuaren zilegitasuna onartu du inplizituki. AEBetako Estatu idazkari John Kerry eta Venezuelako kantziler Elias Jaua ekainaren 5ean bildu ziren, «aldebiko harremanak hobetzeko». Atzo, Maduro eta Barack Obama AEBetako presidenteen arteko bilera gertu egon daitekeela iradoki zuen Calixto Ortega Venezuelak AEBetan duen negozio arduradunak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA