Jorge Rodriguez Venezuelako Parlamentuko presidenteak atzo zehaztu zuen presoak noiz utziko dituzten aske: «Datorren asteartetik aurrera, eta beranduenez ostiralean». Agerraldia egin zuen Caracasko espetxe bateko atarian —presoen hainbat senide gaubeila egiten ari dira han urtarriletik—, eta hitzeman zuen «guztiak» askatuko dituztela, amnistia legea onartzen duten egun berean. Parlamentua lege proiektua eztabaidatzen hasi zen herenegun; saio hartan, diputatuek aho batez onartu zuten testua, eta datorren asteko saioren batean berrestekoak dira.
Jorge Arreaza diputatu chavistaren hitzetan, proposamen «oso klarua» aurkeztu dute, eta «oso zabala», gainera. Testu hori berretsiz gero, azken 27 urteetan espetxeratutakoei eragingo die amnistiak, Hugo Chavez presidente izan zen garaitik (1999-2013) espetxeratutakoei, hain zuzen. Delcy Rodriguez jarduneko presidentearen hitzetan, «1999. urtetik gaur arteko indarkeria politikoaren aldiari» eragingo dio; joan den astean eman zuen egitasmoaren berri.
Arreazak zuzendu du amnistia proiektua ondu duen parlamentuko batzordea, eta atzo emandako prentsaurreko batean jakinarazi zuen oraingoz ez dituztela indargabetuko Gorrotoaren Kontrako Legea eta Simon Bolivar legea —lehenak espetxe zigorrak ezartzen ditu gorroto delituak-eta egiten dituztenentzat; bigarrenak, berriz, gobernuaren kontrako zigor ekonomikoak babesten dituztenentzat—. «Badaude beste bide batzuk, beste lege batzuk, beste une batzuk. Baita aintzat hartu beharreko alternatiba batzuk ere; tartean, lege honek zehazki biltzen ez dituenak», erantsi zuen diputatuak.
Horixe bera salatu du Venezuelako oposizioko alderdiak biltzen dituen koalizioak, PUD Plataforma Unitario Demokratikoak, prozesu horrek ez baitio eragingo «marko legal errepresiboari»: «Prozesu bati ezin zaio adiskidetze deitu baldin eta jazarritakoak espetxeratzeko agindu zutenen eskuetan badago haiek askatzea», esan du sare sozialetan idatzitako mezu batean. Koalizioak nabarmendu du «omisio larriak» egin dituztela amnistia legearen proiektuan, egitasmoak ez dituelako biltzen «preso politiko zibilen eta militarren talde zabalak».
Preso horiek «berehala» askatzea exijitu du oposizioak, eta agerian utzi amnistia «osatugabea eta baldintzatua» bada ezin dela «benetako» amnistiatzat jo. Gabezia hauek ere aipatu ditu PUDek: lege proiektuak ez dituela aintzat hartzen «esangura historikoa» duten zenbait garai, ez duela bermatzen ihes egindakoak «modu seguruan itzultzea», eta ez dituela baliogabetzen oposizioko kideei ezarritako inhabilitazioak.
Maria Corina Machado oposizioburua da inhabilitatuta dauden horietako bat: PUDen primarioak irabazi zituen 2023ko urrian, baina 2024ko urtarrilean hamabost urterako inhabilitazioa ezarri zioten, Juan Guaido oposizioko kidearen ustelkeria kasuetan parte hartu izana egotzita; beraz, ezin izan zen hautagai izan urte horretako presidentetzarako bozetan.
Legearen edukia
Parlamentuak atzo argitaratu zuen amnistia legearen zirriborroa; edukia eztabaidatzen ari dira, eta kontsulta ere egin dute Venezuelako hamasei unibertsitatetako legelariekin. Testuak hamahiru artikulu ditu, eta zera da helburua: «Amnistia orokorra eta osoa ematea delitu politikoak eta gisakoak leporatuta auzipetu eta zigortu dituzten guztiei», 1999ko urtarrilaren 1etik aurtengo urtarrilaren 30era arte. Martxan diren ikerketak «amaitutzat» joko dituzte, eta «erregistroak eta aurrekariak» ezabatuko dituzte.
Neurriak ez die eragingo hauek leporatzen dizkieten presoei: giza eskubideen urraketa larriak, gizadiaren kontrako krimenak, gerra krimenak, nahita egindako homizidioa, ustelkeria eta ondare publikoaren kontrako delituak. Halaber, droga trafikoa leporatzen dieten presoei ere ez die eragingo baldin eta «bederatzi urtetik gorako gutxieneko espetxe zigorra» ezarri badiete.
Urtearen hasieran mila bat «preso politiko» zeuden herrialdean, Venezuelako Zigor Foroa gobernuz kanpoko erakundearen arabera, eta gutxienez 383 askatu ditu gobernuak; erakunde horrek uste du oraindik 687 inguru geratzen direla espetxean.