Washingtonek begiz jota dauka NZA Nazioarteko Zigor Auzitegia, eta haren kontra egin du beste behin: zigorrak ezarriko dizkio Tomoko Akane auzitegi horretako presidenteari, baita Abdoulaye Seye fiskaltzako abokatuari ere. Jada dozena bat inguru kideri ezarriak dizkie zigorrak, NZAko kide ez diren herrialdeetako goi kargudunak ikertzeagatik, tartean Ameriketako Estatu Batuetakoak. Hagako auzitegiak salatu du horrelako erabakiek «urratu» egiten dutela zuzenbide estatua; Tokiok, berriz, «oso penagarritzat» jo ditu zigorrok —Akane japoniarra da—.
AEBetako Altxorraren Departamentuko Aktiboen Kontrolerako Bulegoak atzo eman zuen horren berri, ohar bidez, eta Marco Rubio estatu idazkariak komunikatu bat kaleratu zuen, erabakia zergatik hartu duten azaltzeko: «Estatuz gaindiko auzitegi politizatu bat da, eta maltzurki abusatu du bere autoritateaz eta aginteaz». Are, nabarmendu zuen Hagako auzitegia «ahaleginetan» aritu izan dela Erromako Estatutua sinatu eta berretsi ez duten herrialdeetako buruzagiak-eta «ikertzeko, atxilotzeko eta auzipetzeko», eta Akaneri eta Seyeri leporatu zien «harreman zuzena» izatea horrekin guztiarekin.
Zigor hauek ezarri dizkie Washingtonek: AEBetako bankuetan dituzten aktiboak blokeatu dizkie, hara bidaiatzea debekatu, eta AEBetako konpainien zerbitzuak jasotzea galarazi.
Erabaki hori ez da estrategia berri baten parte; iazko otsailean, kargua hartu eta egun gutxira, Donald Trump AEBetako presidenteak erabaki zuen AEBen eta Israelen aurkako auzibideetan lanean ari diren NZAko langileak eta haien senideak zigortzea —Israel ere ez da auzitegi horren parte—. Izan ere, AEBetako armadako tropek Afganistango gerran (2001-2021) egindako gerra krimenak ikertzen ari da Hagako auzitegia.
Oraingoan ere Israel tartean da; izan ere, hango zenbait hedabidek kaleratu dutenez, Seye abokatua kolono israeldarrek Zisjordanian ezarritako legez kanpoko kokalekuak ikertzen ari da, baita kolonoak armaz nola hornitzen diren ere. Horretaz gain, gogoratzekoa da Hagako auzitegiak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa atxilotzeko agindu zuela duela ia bi urte, gizadiaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egitea egotzita.
Hagako auzitegiak Washingtonen erabakia salatu zuen atzo, ohar bidez: «Legea aplikatu dutela-eta eragile juridikoei mehatxu eginez gero, arriskuan jartzen da nazioarteko ordena juridikoa bera». Nabarmendu zuen ez ziola jaramonik egingo AEBen presioari, eta «independentziaz eta inpartzialtasunez» jokatuko zuela aurrerantzean ere, Erromako Estatutua oinarri hartuta —1998ko estatutu horren bidez eratu zuten auzitegia, eta 2002an sartu zen indarrean—.
Halaber, Japoniako Atzerri Ministerioko bozeramaile batek gaur ohar bidez adierazi du ezen herrialdeak NZAren alde egingo duela «nazioartea kezkatzen duten krimenik larrienak» zigortzeko eta zuzenbide estatua «defendatzeko». Gainera, Sanae Takaichi Japoniako lehen ministroak esan du «deitoragarria» dela egoera, baina «harreman estua» izango dutela aurrerantzean ere AEBekin.