Edwards senatariaren ustekabeko emaitza ona azken egunotan Wisconsin atsedenik gabe egindako kanpainaren emaitza da, inkesten arabera. Edwardsen alde bozkatu zutenen erdiek azken hiru egunetan erabaki zuten botoa nori eman. Wisconsingo primarioak ireki dituztenez hautesle orok eman dezake botoa, ez soilik demokratek, errepublikano askok hartu zuten parte ustekabean, eta Edwardsi eman zioten botoa. Horrek, hain zuzen, erakusten du bera Bushi aurre egiteko hautagairik egokiena dela, Edwardsen arabera: «Demokratei boza ematen dieten errepublikanoak eta independenteak dira hauteskunde bat irabazarazten duen jendea». Datozen bi asteotan Astearte Handia etorri arte jazarpen estua abiatuko duela iragarri du Edwardsen taldeak. Martxoaren 2an presidentetzarako bozetarako izendapenen erdiak baino gehiago emango dituzte hamar estatutan. Biztanle ugari dituzte Kalifornia eta New Yorkek, eta 370 eta 236 ordezkari emango dituzte, hurrenez hurren. Edwardsek hor ere bozak espero denaren gainetik lortuko balitu, tentsioa egon liteke oraindik primarioetan. Izan ere, gero AEBetako hegoaldeko lau estatutan bozkatuko dute, eta hor etxean jokatuko du Edwarsek.
Aukerarik ez
Howard Dean hilabete luzez faborito izan zen Vermonteko gobernadore ohiak ez du Wisconsindik inongo aukerarik izendapena irabazteko. Emaitzak jakin ondoren eginiko hitzaldian, oinarrizko militanteen mugimenduak eragin handia duela hauteskunde kanpaineko gaietan gogoratu zuen bere jarraitzaileen gehienak gazte aurrean. Militante xumeen ordezkari gisa agertu da Dean. «Ez dugu bukatu», esan zuen astearte gauean.
Kerry «oportunista»
Errepublikanoek, bitartean, John Kerry jarri dute jomugan. Haren biografiaren zehaztasunik txikiena ere aztertu dute, kanpainan haren kontra erabili ahal izateko. Errepublikanoen estrategiagileak lanean ari dira New York Times kazetaren arabera kanpaina bat eratzeko non Kerry oportunismo hutsez jokatzen ari den Washingtongo establishment-eko kide gisa aurkezteko. Bush presidentea, haatik, gidari izateko nortasuna duen pertsona gisa aurkeztuko lukete. Horretaz gain, «terrorismoa eta segurtasun nazionala» arloetan Kerry nabarmen uzteko bidea bilatzen ari dira. Armadaren eta zerbitzu sekretuen aurrekontuak murriztu nahi izatea leporatuko diote.
Etxe Zuria jo eta su ari da lanean Bush inkestek ematen dioten jaitsieratik ateratzeko. Asteburuan, bi ordu eman zuen presidenteak 180.000 ikusleren aurrean Daytonako (Florida) auto lasterketa ospetsuan. Horretaz gain, Guardia Nazionalari eginiko bisitan agertu zen argazkilarien aurrean. Hurrengo urratsa Bushen inguruan aurki telebistan ematekoa den iragaki kanpaina bat da. Iragarkiaren gaia: «Gidaritza egonkorra aldaketa garaian».
-
DEMOKRATEN LEHIA
Dema utzi duela iragarri du Howard Deanek
Etxe Zurirako hautagaia izateko lehia utzi zuen atzo Howard Deanek, dema faborito gisa abiatu ondoren, emaitza txarrak eskuratu eta gero. Hautagaitza bertan behera utzi arren Alderdi Demokrata aldatzeko kanpainari eusten diola iragarri zuen. «Oinarrizko militanteen sarea erabiliko dut alderdia eta herrialdea aldatzeko», esan zuen Vermonten eginiko prentsaurrekoan. Interneteko gune eta kanpaina indartsu baten bidez, alderdiaren militante xumeen artean sostengu handia eskuratu zuen. Halere, hasi aurreko euforia desagertu egin zen berehala, lehengo primarioetan, Iowa eta New Hampshiren hirugarren eta bigarren postuak hurrenez hurrenbaino ez zituenean eskuratu. Geroztik, espero baino emaitza kaskarragoak jaso ditu. Deman jarraitzen duten hautagaietako baten alde egingo duen ez zuen argitu atzo Deanek.