Xik indar erakustaldia egin du desfile militarrean, Putinen eta Kimen ondoan

Donald Trumpek bere kontra «konspiratzea» egotzi die hiru liderrei. Txinako armadak desfilea egin du Pekinen, Japoniaren aurkako gerra amaitu zeneko 80. urteurrenean.

Putin, Xi eta Kim desfile militarra baino lehen, Pekinen, gaur. SERGEI BOBILEV
Putin, Xi eta Kim desfile militarra baino lehen, Pekinen, gaur. SERGEI BOBILEV
Julen Otaegi Leonet.
2025eko irailaren 3a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inoizko desfile militarrik ikusgarriena egin du gaur Txinako armadak, Txinaren eta Japoniaren artean izandako bigarren gerran —1937tik 1945era bitartean, Bigarren Mundu Gerraren bueltan— gailendu zireneko 80. urteurrenean. Eta, indar erakustaldiak ez ezik, nazioarteko agintarien presentziak ere irudikatu du gaurkoak zenbateko garrantzia izan duen, lehenbizikoz agertu baitira batera Xi Jinping Txinako presidentea, Vladimir Putin Errusiakoa eta Kim Jong-un Ipar Koreakoa. Beste hainbat agintari ere izan dira haiekin batera, baina kontuan hartzekoa da Mendebaldekorik ez dela egon.

Pekingo Tiananmen plazan, milaka herritarren aurrean, Xik azpimarratu du mundua «bakearen edo gerraren artean» erabaki beharrean dagoela, «elkarrizketaren edo konfrontazioaren artean», hain zuzen: «Herrialdeek eta nazioek berdintasunez jokatzen badute soilik izango da posible segurtasun komuna iraunaraztea, harmonian eta elkarri lagunduz; horrela lortuko da gerraren eragileak amaiaraztea, eta berriro tragedia historikorik ez gertatzea ere bai». Putinen eta Kimen artean zegoela, argi utzi du Txinak «tinko» dirauela «historiaren alde aproposean», eta, AEB Ameriketako Estatu Batuak eta haren aliatuak zuzenean aipatu ez baditu ere, esan du inork ez duela «kikilduko».

Horiek horrela, Pekinek batasuna erakutsi nahi izan du; asteburuan, gainera, Shanghaiko Kooperazio Erakundeak goi bilera egin zuen Tianjin hirian —Txinak, Errusiak, Sobietar Batasuneko errepublika izandako batzuek, Indiak, Pakistanek eta Iranek osatzen dute erakunde hori, eta nazioarteko beste zenbait buruzagi ere egon ziren bilkuran—.

Desfilea egin baino lehen, Donald Trump AEBetako presidenteak mezu bat idatzi du sare sozialetan, Xirentzat: «Mesedez, eman iezazkiezu nire agurrik beroenak Vladimir Putini eta Kim Jong-uni, Ameriketako Estatu Batuen kontra konspiratzen ari zareten honetan». Trumpen ustez, «erantzun beharreko funtsezko galdera» da ea Xik aipatuko ote dituen AEBek Bigarren Mundu Gerran Txinari emandako «laguntza eta odola, atzerriko inbaditzaile desatsegin batetik askatzen laguntzeko». Erantsi duenez, «estatubatuar asko hil ziren Txinak garaipena eta loria lortzeko ahaleginean. Espero dut merezi duten bezala ohoratuko eta gogoratuko dituztela, beren ausardiagatik eta sakrifizioagatik». Txinako presidenteak hitzaldia eman du, eta eskerrak eman dizkie «Japoniaren jazarpenaren kontra» lagundu zieten «nazioarteko lagunei», baina ez du espresuki Washington aipatu.

Putinek prentsaurreko bat eman du Pekinen, eta horretan esan du, azpijokoak gorabehera, «umore sena» duela Trumpek: «Ondo konpontzen gara». Kremlinek AEBetako presidentearen hitzak gezurtatu ditu. Juri Uxakov Putinen aholkularia ere Pekinen izan da, eta Errusiako telebista publikoan egin dituen adierazpenetan esan du Trumpek «ironiarik gabe» esan duela bere kontrako «konplota» ari direla prestatzen Pekinen; dena den, «hiru liderrei [Xi, Putin, Kim] burutik ere ez zaie pasatu» halakorik egitea, Uxakovek gaineratu duenez.

Tiananmen plazako tribunan izan dira Xi eta nazioarteko agintariak, ordubete pasatxo iraun duen desfile militarrean. Laurogei kanoikadak eman diote hasiera, eta milaka soldadu igaro dira plazatik, martxa sinkronizatuan, eta Txinako armadaren misilak, droneak, tankeak, itsaspekoak, gerra hegazkinak eta beste hainbeste erakutsi dituzte.

Putinen eta Kimen arteko bilera

Errusiako eta Ipar Koreako presidenteek elkarrekin bilera bat egiteko aprobetxatu dute Pekinerako bidaia, eta Ukrainako gerraz hitz egin dute. «Errusiari lagundu behar badiogu, betebehar gisa hartuko dugu; beharrezkoa den guztia egingo dugu», esan du Kimek, Infertax Errusiako berri agentziak jaso duenez. Bi herrialde horiek hitzarmen bat sinatu zuten iazko ekainean, eta, haren arabera, elkarri militarki lagunduko diote erasoren bat jasanez gero. Ordutik hona, Ipar Koreak munizioa, misilak eta militarrak bidali dizkio Errusiari, Ukrainako gerrako fronterako. Putinek nabarmendu du Moskuren eta Piongiangen arteko harremana «konfiantzan» oinarritzen dela: «Jakina den bezala, [Ipar Koreako] indarrek parte hartu zuten Kursk [Errusiako] eskualdea askatzeko orduan; ausardiaz borrokatu ziren».

Bi orduz egon dira bilduta bi presidenteak, eta Kimek «gero arte» esanez agurtu du Putin. «Zure zain gaude: etorri bisitan», erantzun dio Kremlineko buruak. Gaurkoa kontuan hartuta, Kim bi aldiz joan da atzerrira azken sei urteotan. Aurrez, Errusia ekialdean izan zen  2023ko irailean, Putinekin, hala nola Ukrainako gerraz eta kooperazioaz eztabaidatzeko.

Bestalde, Putinek gonbita egin dio Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari, gatazkaz hitz egiteko: «Prest baldin badago, etor dadila Moskura». AEBen ahalegin diplomatikoei esker «tunelaren amaieran argia» ikusten duela aitortu du, nahiz eta berretsi duen negoziazioek akordiorik ekarri ezean, bere helburuak lortzeko «baliabide militarrak» erabiltzen jarraituko duela. Zelenskik dagoeneko uko egin zion Putinekin Moskun biltzeari, abuztuan Trumpekin Etxe Zurian elkartu zenean.

Kremlinek esan du Moskuren anexioak aitortu behar direla Ukrainan «bakea» lortzeko

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak esan du Ukrainan «bake iraunkorra» lortzeko aintzat hartu behar dela Errusiaren inbasioaren osteko «lurralde errealitatea»; hots, Krimea, Donetsk, Lugansk, Zaporizhia eta Kherson eskualdeak Moskurenak direla «aitortu» behar dela. Ministerio horren webgunean argitaratutako elkarrizketa batean, Lavrovek azpimarratu du gatazka ezin dela amaitu hura eragin zuten «kausak» ezabatu gabe: NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen ekialderako zabalkundea, hain zuzen. «Bloke agresibo» hori Ukrainara hurreratzea gaitzetsi du, eta Ukrainak «neutral» izan behar duela adierazi. Vladimir Putin Errusiako presidenteak, halaber, esana du ez duela eragotziko Ukraina Europako Batasunaren parte izatea, baina bai NATOko kide izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.