Yemenen 68 migrante hil eta 74 desagertu dira ontzi bat hondoratu dela eta

Ontzian 154 etiopiar zihoazen; horietatik soilik hamabi erreskatatu dituzte. Adengo golkoan gertatu da ezbeharra, Yemengo hegoaldeko kostaldetik hurbil.

Migrante etiopiarrak Yemen hegoaldeko errepide baten alboan, 2023ko abenduan. YAHYA ARHAB / EFE
Migrante etiopiarrak Yemen hegoaldeko errepide baten alboan, 2023ko abenduan. YAHYA ARHAB / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko abuztuaren 4a
15:42
Entzun 00:00:0000:00:00

Etiopiako 154 migrante zeramatzan ontzi bat hondoratu da Yemengo kostaldean, eta soilik hamabi pertsona atera dira bizirik. 68 migrante hilik topatu dituzte Adengo Golkoan, eta beste 74 desagertuta daude oraindik. IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak eman du ezbeharraren berri, eta jakinarazi du hiltzat eman dituztela desagertutako guztiak.

Atzo goizaldean gertatu zen istripua, Yemen hegoaldeko Abyan probintziatik hurbil. Probintzia horretako agintarien arabera, erreskate operazio «handi» bat jarri dute martxan; eta, zabaldu duten oharrean jakinarazi dutenez, gorpu asko topatu dituzte itsasoan barreiatuta.

Afrika ekialdetik eta Afrikako Adarretik Persiar golkoko herrialdeetara joateko migrazio biderik ohikoena Yemendik barrena doa. Gerratik edo pobreziatik ihesi, migranteek Itsaso Gorria edo Adengo golkoa zeharkatzen dituzte, Yemenen barrena golkoko herrialdeetara lan egitera joateko. Azken hilabeteetan, ehunka migrante hil dira ibilbide horretan; esaterako, martxoan, lau ontzi hondoratu ziren, eta ia berrehun pertsona desagertu.

IOMen arabera, iaz, 60.000 migrante baino gehiago iritsi ziren Yemenera. 2023an baino gutxiago: 97.200 izan ziren orduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.