Yemenen gutxienez 120 lagun hil dituzte xiiten aurkako eraso batean

Suizidek lehergailuekin eraso diete bi meskitari, Sanan.Atentatua bere gain hartu du Estatu Islamikoak; baina AEBen ustez, lotura ez dago argi

Huthien milizia xiitako kideak Al-Haxux meskitan ikertzen, erasoa jasan ondoren, atzo, Sanan. YAHYA AHRAB / EFE.
mikel rodriguez
2015eko martxoaren 21a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Azkenaldiko atentaturik handiena jasan du Yemenek. Sana hiriburuan xiiten bi meskitari eraso diete lau suizidak, gorputzari atxikitako lehergailuak zartarazita. Barne Ministerioaren arabera, 120 lagun hil dituzte; Yemengo telebista kate batek 137ra igo du kopurua. Zaurituak, berriz, 260 inguru dira. Zenbait fakzioren arteko gerra betean nahasita dago herrialdea; azken egunetan gatazka areagotu da, hiriburua kontrolpean duen huthien mugimendu xiitak Abd Rabu Mansur Hadi presidentearen jauregia bonbardatu zuen Aden hirian, eta hango aireportuan borrokak izan ziren armadaren bi fakzioren artean. Atzoko erasoek are gehiago nahasi dute egoera; batetik, izaera erlijioso eta sektarioko erasoak izan direlako, eta, bertzetik, EI Estatu Islamikoaren izenean egindako aldarrikapen batzuk zabaldu direlako.

Badr eta Al-Haxux izeneko meskitek pairatu dute erasoa. Ortzirala zen atzo, musulmanen asteko egun santua. Erasoa eguerdiko errezoen tenorean egin zuten. Horregatik, meskitak fededunez beteta zeuden. Al-Jazeera kateak jakinarazi duenez, hildakoen artean dago Al-Murtada bin Zayd al-Mahatwari imama, huthien mugimenduan eragin handiko buruzagi erlijiosoa. «Buruak, hankak eta besoak meskitako zoruan sakabanatuta zeuden. Odola ibai baten gisan isurtzen zen», adierazi dio Mohammed al-Ansi lekukoak Associated Press agentziari.

Badr eta Al-Haxux, fededun zaiditek erabilitako meskitak dira. Zaidismoa xiismoaren adar bat da islamean, eta Yemengo herritarren %35 inguru dira zaiditak. Yemenen ipar-mendebaldean, ordea, garai bateko Ipar Yemen estatua osatzen zuen eremuan, gehiengoa dira. Gaur egun lurralde gehiena huthien mugimendu islamista zaiditaren kontrolpean dago. Huthien mugimendua Saudi Arabiako mugan sortu zen, baina iaz gobernuaren aurkako matxinada zabaldu eta Sana hartzea lortu zuen. Nazioarteko bitartekaritzarekin batasun nazionaleko gobernu bat sortzeko ahalegin guztiek porrot egin dute orain arte. Urtarrilean huthiek etxeko espetxealdia ezarri zioten Abd Rabu Mansur Hadi presidenteari, baina joan den hilean ihes egitea lortu zuen. Hegoaldeko Aden hirian ezarri du gobernua, garai bateko Hego Yemengo estatuko hiriburuan.

Al-Qaedarekin gerran

Baina testuingurua hori izanik ere, itxura guztien arabera zaiditek pairatutako erasoak ez du zerikusirik Hadiren aurkako gerrarekin. Izan ere, gobernu ofizialeko indarrekin ez ezik, huthiak gerran daude muturreko talde islamista sunitekin. Horien artean, AQAP Arabiar Penintsulako Al-Qaeda da nagusi. Huthiek hura egin dute erantzule —Hadiren gobernuak atzo ere bertze eraso batean 29 soldadu hiltzea egotzi dio AQAPi—. Internet bidez hedatutako hainbat mezutan, ordea, EI Estatu Islamikoaren izenean aldarrikatu dituzte meskitetako erasoak. Berretsiz gero, EIren lehenbiziko atentatua litzateke Yemenen. Josh Earnest Etxe Zuriko bozeramaileak adierazi du, ordea, AEBek ez dutela «ebidentziarik» ikusten erasoa EIrekin lotzeko. «Anitzetan aldarrikatzen ditu propaganda egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA