Badira zenbait hilabete Ekialde Hurbileko gerra Itsaso Gorrira ere hedatu dela. Yemengo estatu indarrek eta huthiek elkarri eraso egin diote azken asteetan. Bada, nazioartearen onespena daukan Yemengo Gobernuak jakinarazi du milizia xiitaren eskuetan zegoen Bab el-Mandeb itsasartea bereganatu duela, eta bertako estatu indarrek «erasoaldi estrategiko bat» abiatu dutela Sana hiriburuan. Egun huthien esku dago Sana, eta bertara iritsi nahi du gobernuak, Saudi Arabia buru duen aliantza militarraren laguntzarekin.
Ohar motz batekin eman du erasoaldiaren berri Yemengo estatu indarren bozeramaile Majid al-Nuzailik. «Gure indarrak Sanaren aurkako erasoaldi estrategiko bat egiten hasi dira. Punta-puntako materiala erabiltzen ari gara eraso honetan», idatzi du bozeramaileak X sare sozialean.
Hainbat hedabidek kaleratu dutenez, aire bidezko erasoak egin dituzte gaur goizean Yemengo hiriburuan. Al Masirah kateak —huthien aliatuak dira—, esaterako, Telegramen jakinarazi du Saudi Arabiak eraso bat egin duela Sanaren aurka.
Itsasarteari dagokionez, iragan hilabetean bereganatu zituzten inguruko eremuak miliziano xiitek, eta egun bakar batean berreskuratu dituztela azaldu du gaur gobernuak —atzo abiatu zuten erasoaldia helburu horrekin—. Al-Nuzailik berak egin du jakinarazpena, eta azaldu du Yemengo egunsentia izena ezarri diotela erasoaldiari.
Yemengo Informazio ministro Muamar al-Eryanik ospatu egin du Bab el-Mandeb itsasartearen inguruan dauden lurrak bereganatu izana. «Lurrak, uharteak eta eremu estrategikoak berreskuratzeak, Yemenen segurtasuna eta subiranotasuna babesteaz gain, munduko itsas bide garrantzitsuenetako bat babesten du, eta nazioarteko merkataritza eta nabigazioa ere bermatzen ditu», idatzi du X sare sozialean.