Yemengo Gobernuaren eta independentisten arteko tentsioa eskualdera hedatu da

Saudi Arabiak kargamentu bat bonbardatu du Yemengo Mukalla hiriko portuan, argudiatuta Arabiar Emirerri Batuek armak bidali nahi zizkiela Yemen hegoaldeko independentistei. Sanak herrialdea uzteko agindu dio Abu Dhabiren armadari.

Protestariak Hego Yemengo banderak astintzen Hegoaldeko Kontseilu Trantsizionalak deitutako manifestazio batean, iragan astean, Aden hirian. NAJEEB MOHAMED / EFE
Protestariak Hego Yemengo banderak astintzen Hegoaldeko Kontseilu Trantsizionalak deitutako manifestazio batean, iragan astean, Aden hirian. NAJEEB MOHAMED / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko abenduaren 30a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabiar Penintsulako herrialdeen arteko ika-mikak areagotu egin dira azken orduotan. Saudi Arabiak zuzendutako nazioarteko koalizio batek bi ontzi bonbardatu ditu Yemen hegoaldeko Mukalla hiriko portuan, argudiatuta Arabiar Emirerri Batuek armak bidali nahi zizkiela Yemen hegoaldeko independentistei. Horiek horrela, Raxad al-Alimi Yemengo presidenteak iragarri du defentsa akordioa eten duela Arabiar Emirerri Batuekin, eta herrialdea berehala uzteko exijitu dio haren armadari. Hilabete eta erdirako larrialdi egoera ezarri du kontrolatzen dituen eremuetan, eta hiru eguneko blokeoa ere bai garraiobide guztietan.

Erbestealdian da al-Alimi, Yemengo independentistek herrialdearen hegoaldea eta ekialdea mendean hartuz geroztik, abenduaren hasieran. «Tamalez, argi geratu da Arabiar Emirerri Batuek presio egin diotela [STC] Hegoaldeko Kontseilu Trantsizionalari, estatuko agintaritzaren aurka militarki matxinatzeko», esan du gaur presidenteak, telebistan egindako agerraldi batean, eta eskerrak eman dizkio Saudi Arabiari, «estatu kolpea» saihesten laguntzeagatik. Riad Yemenego Gobernuaren aliatu nagusietako bat da.

Arabiar Emirerri Batuetako Atzerri Ministerioak ohar bat kaleratu du, eta gezurtatu egin du bonbardatutako ontzietan armak zeudela; ibilgailu militarrak bazeuden, ordea: «Ez ziren Yemengo ezein alderentzat, Yemenen aritzen den Arabiar Emirerri Batuetako armadarentzat baizik». Erantsi du ez ziola eragin nahi Arabiar Penintsulako segurtasunari. Era berean, Defentsa Ministerioak jakinarazi du «terrorismoaren kontrako indarrak» Yemendik aterako dituela, WAM berri agentziak kaleratu duenez —armadako indar horiek dira Yemenen geratzen diren bakarrak, ministerioaren arabera—.

Abu Dhabi Yemengo Gobernua babesten duen nazioarteko koalizioaren kide da, baina baita Yemen hegoaldeko independentisten aldekoa ere. Yemen eta Saudi Arabia beldur dira herrialdea are gehiago zatikatzeak zer ondorio ekarriko duen, dagoeneko banatuta baitago: huthiek Yemen mendebaldea eta Sana hiriburua kontrolatzen dituzte 2014az geroztik.

Asteburuan, al-Alimik «herrialdearen batasuna eta interes nazionala» zaintzeko eskatu zien independentistei, eta gobernuaren esku utz zitzatela haien gain hartutako ekialdeko eskualdeak, Hadramaut eta Al-Mahra, zeinak petrolioan aberatsak diren.

Lehenbiziko eskualde horretan dago, hain zuzen, Saudi Arabiak bonbardatu duen Mukalla hiriko portua. Saudi Arabiako armadak adierazi du, ohar bidez, armen eta ibilgailu militarren kargamentua Arabiar Emirerri Batuetako Fujairah hiritik heldu zela asteburuan: «eraso mugatu» bat egin dute «armen mehatxua» deuseztatzeko, betiere «bakearen eta egonkortasunaren» mesedetan.

STCren Hadramauteko buruak ziurtatu du ez dutela asmorik eskualdea uzteko, eta salatu gobernua «etsaia» dela: «Saudi Arabia gure kontra jarri nahi du». Al-Jazeera hedabideari adierazi dio Arabiar Emirerri Batuak «aliatuak eta lagunak» direla, eta ez duela zentzurik haren armadak independentistek kontrolatutako eremuak uztea, Yemengo Gobernuak exijitu gisa. Halaber, gaurko erasoaren ondoren gobernuak hartutako neurriak ikusita, STCk komunikatu bat kaleratu du, eta esan du larrialdi egoera eta blokeoa «ilegalak» direla. Erantsi du Yemenen «gainbehera are handiagoa» saihesteko modu bakarra aldeen arteko akordioa dela. 

Batera zeudenak, bereizita

Independentistek estatu propio bat aldarrikatzen dute Yemenen —1967 eta 1990 artean independente izan zen herrialdearen hegoaldea; orduan batu ziren herrialde bakarrean Ipar eta Hego Yemen—. Matxino huthiek Sana hiriburua hartu eta gero, Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek milizia xiitaren kontrako frontea osatu zuten, eta batera aritu ziren nazioarteko aitortza zuten Yemengo agintariak eta independentistak.

Zatitu ere egin zen fronte hori, 2018an independentistek Aden hiria, nazioarteak onarturiko gobernuaren hiriburua, hartu ostean: gobernua eta Riad alde batetik, eta STC eta Abu Dhabi bestetik. Azkenerako, boterea partekatzea adostu zuten Yemengo bi aldeek; azken asteotako gertakariek, ordea, aldenarazi egin dituzte bata bestearengandik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.