Yolanda Diaz ez da hautagai izango Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan

Asko jota 2027ko udan izango dira hauteskunde orokorrak, eta gobernuko bigarren presidenteordearen Sumar alderdia Mas Madrid, IU eta Comukoekin bat eginda arituko da.

Yolanda Diaz, atzo, prentsaurreko batean. JAVIER LIZON / EFE
Yolanda Diaz, atzo, prentsaurreko batean, Madrilen. JAVIER LIZON / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko otsailaren 25a
16:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Iragarri nahi dizuet ez naizela hautagai izango hurrengo hauteskunde orokorretan». Hala komunikatu du erabakia Espainiako bigarren presidenteorde eta Lan Ministroak, Yolanda Diazek, Bluesky sare sozialean zabaldu duen gutun baten bidez. «Oso ondo pentsatutako erabakia» izan dela nabarmendu du, eta adierazi horren inguruan hitz egin duela jada bere familiarekin, Sumar alderdiko kideekin eta Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin. Asko jota 2027ko udan dira hauteskundeak egitekoak.

Sumar alderdiaren presidentegai izan zen Diaz 2023ko Gorteetarako hauteskundeetan. Hurrengo bozetan, ordea, ez da hautagaia izango. Joan den larunbatean iragarri zuen Sumarrek Mas Madrid, IU Izquierda Unida eta Comukoekin bat eginda jokatuko dutela hurrengo hauteskunde orokorretara begira. Ikusteko dago nor izango den presidentegaia.

Hala ere, Diazek esan du legegintzaldi honetan bere eginkizunarekin jarraituko duela: «Lanean jarraituko dut gobernuan agintaldi honek eskatzen duena betetzeko». PSOEk eskerrak eman dizkio. Patxi Lopez alderdi horren Kongresuko eledunak esan du Diazen lanari esker langileek «eskubide gehiago» dituztela orain, eta haren erabakia errespetatu beharra dagoela. PSOEk eta Sumarrek osatutako koalizioa dago Espainiako Gobernuan.

Diazek gutunean aitortzen du beti izan dituela «errezeloak» hautagai izateko ideiaren inguruan. «Politika gogorra da, bereziki emakumeentzat», dio, baina gaineratu du ez dela damutzen egindako urratsaz. «Atzera begiratu, eta harro nago lortu dugun guztiaz. Jendearen bizitzak hobetzeko lan egin dut beti, eta horretan jarraituko dut». 2020ko urtarriletik da Lan ministroa.

Eta alde batera egitea erabaki du horretarako. Adierazi du «bide eta ilusio berriak» sortuko direla orain, eta «tokia eta denbora» eman nahi diela horiei. Ez da alde batera egiten duen lehen aldia. 2024ko ekainean ere Sumarreko koordinatzaile orokorra izateari utzi zion Diazek, hainbat hauteskundetan emaitza kaxkarrak izan ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.